Aldaialde ikastetxeak ez du gehiago itxaron beharko

Erredakzioa 2019ko urr. 30a, 16:33

Aldaialde eskolako gurasoen elkarteak antolatutako protesta bat. ALDAIABERRIGE

Gasteizko Udalak ziurtatu du gaur eman duen lizentziari esker, zortzi hilabete barru, eskola eraikitzen has daitezkeela.

Gasteizko Udalak Aldaialde eskola eraikitzeko lizentzia eman du gaur, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailak ikastetxearen obra lizitatu dezan. Lizentziaren formulazioari esker, Sustapen Ministerioak jarritako traba gainditu ahalko da; eta AHTaren lurperatzearen inguruko azterketa informatiboa onartu arte itxaron gabe hasiko da eraikitzen Zabalganean eskola berria. 

Lurralde eta Klimaren Aldeko Ekintza sailetik azaldu dutenez, "makinak ikastetxea eraikitzera sartu ahal izango dira, Eusko Jaurlaritzak obrak lizitatu eta esleitu ondoren; Sustapen Ministerioak beste azterketa informatibo bat onartu arte itxaron beharrik izan gabe". Obrak kontratatzeko zortzi hilabeteko gutxi goraberehako epea kalkulatu du Udalak, eta ondoren eskola eraikitzen hasi ahal izango da.

Ana Oregi Klimaren Aldeko Lurralde eta Ekintza zinegotziak iragan astean hitz eman zuen bezala, Jaurlaritzak kontratatutako arkitektoek joan den ostiralean bidali zuten eranskinari oniritzia eman ondoren, onartu egin dute lizentzia. "Lizentzia aktibatu ahal izateko, beharrezkoa zen eranskin horri buruzko nahitaezko txostenak edukitzea, eta dagoeneko udal-zerbitzuek ahalik eta arretarik handienaz egin dituzte. Proiektu hau gure lehentasunetako bat da, eta horren arabera jokatu dugu", esan du zinegotziak.

Bi aukera posible

Udalak jakinarazi duenez, gaur onartutako lizentziarekin, bi agertoki posible daude. Aukera bat da, eraikuntzaren kontratazio-aldia amaitu baino lehen, Sustapen Ministerioak beste informazio-azterlan bat onartzea, egungoa bertan behera uztea eta lurzati hartan proiektu osoa gauzatzeko bidea irekitzea. Beste aukera bat da, esleipen-prozesua amaituta, beste informazio-azterlan bat ez onartzea. Halere, bigarren kasuan, onartutako lizentziarekin eskola eraikitzen hasi ahal izango da, eta Sustapen Ministerioaren baimenarekin lotuta geratuko litzateke soilik aparkaleku bat eta berdegune bat.

Erlazionatuak

Aldaialde eskola, blokeatuta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019 urr 24 Gasteiz

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago