Elkarretaratzeak

Azken atxiloketen atzean "Estatu sakona" dagoela salatu dute

Erredakzioa 2020ko urt. 22a, 19:30
Berrehun pertsona bildu dira Gasteizko elkarretaratzean. / ALEA

Bakea eta demokrazia. Erasorik ez! lelopean, ehunka lagun bildu dira Agurainen eta Gasteizen, Sortuko kide Oihana San Vicente eta beste hiru kideren atxiloketak gaitzesteko. Karguekin aske gelditu dira denak arratsaldean.

EH Bildu osatzen duten alderdiekin batera, gehiengo sindikalak eta gazte mugimenduko, pentsionisten mugimenduko zein mugimendu feministako hainbat eragilek deitutako elkarretaratzean, ehunka lagun bildu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan. Agurainen ere mobilizazio jendetsua egin dute.

Mobilizazioaren amaieran, Sortuko eta ELA sindikatuko ordezkariek hartu dute hitza, deitzaile guztien izenean; eta Guardia Zibilak atxilotutako lau kideei eta haien ingurune hurbilari elkartasuna helarazi diete.

"Gaurko atxiloketak ez dira kasualitatez gertatu eta ez diote logika judizial bati jarraitzen", ziurtatu dute, Euskal Herrian zein Katalunian sortutako egoera politikoari erreferentzia eginez: "Edozer egiteko prest dagoen Estatu sakona dugu aurrean".

Polizia operazioaren atzean eskuin-mutur polizial, judizial eta mediatikoa identifikatu dute, eta "soberanismoak irekitzen lagun dezakeen edozein aukera-leiho zapuzteko saiakera" dela uste dute.

Azkenik, klase politikoari eta jendarteari dei egin diote "interferentzia guztien aurrean, gatazkarentzat eta haren ondorioentzat konponbide politiko eta demokratikoak" susta ditzatzen.

Oihana San Vicente ere izan da Aguraingo elkarretaratzean. / ALEA

 

Lau atxiloketa

Urtarrilaren 22ko goizean lau atxiloketa egin ditu Guardia Zibilak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oihana San Vicente aguraindarrarekin batera, Antton Lopez Ruiz Kubati, Oihana Garmendia eta Haimar Altuna ere atxilotu dituzte.

Gaur egun Sortuko arduradun politikoa da San Vicente Araban; atxilotu ostean, Sansomendiko kuartelera eraman du Guardia Zibilak.

Eguerdian, epailearen esku utzi dituzte atxilotuak, Guardia Zibilaren egoitzetatik pasatu ostean; deklaratzeari uko egin diote bertan. Ondoren, karguekin aske gelditu dira. San Vicenteren kasuan, 16:00etan gelditu da aske.

Goizean lehen balorazioak egin dituzte hainbat eragilek. "Agenda demokratitzailearen aurkako erasoa" dela salatu du EH Bilduk; Sortuk, ordea, "Estatu sakona" aipatu du. Bestalde, Sare Herritarraren arabera, polizia operazioak "iraganera begira" eman da.

Kabat operazioa

Informazio iturri ofizialen arabera, terrorismoa goratzea eta terrorismoaren biktimak umiliatzea eta gutxiestea leporatu diete atxilotuei, preso ohiei egindako harrera ekitaldiak direla eta.

Espainiako Barne Ministerioak eta Guardia Zibilak zabaldutako informazioaren arabera, "atxilotuek ia ehun omenaldi antolatu eta koordinatu zituzten ETAko kideei eta haien laguntza-sareari ia 3 urtez". Zehazki, 95 ekitaldi antzeman dituzte 2016ko abendutik 2019ko urrira bitartean Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hainbat herritan.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko 6. Instrukzio Epaitegiko Manuel Garcia Castellon epaileak agindu du Kabat izeneko polizia operazioa. Hainbat prozesu mediatikoen arduraduna da Garcia Castellon, hala nola Villarejo kasua, Punica, Lezo edota CDRen ikerketa. Ikerketa duela urte eta erdi abiatu zen.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide