Plaza Berria izena "ofizialki berreskuratzeko" sinadura bilketa abiatu du @Gasteiztar1 txiolari gasteiztarrak Change.org atarian. Dagoeneko 1.700 sinadura baino gehiago lortu dituzte. Gainera, Gasteizko alkate Gorka Urtarani gutun bat zuzendu dio ALEAren bitartez.
"Asko gara hasierako izen herrikoia berreskuratu nahi dugun gasteiztarrak", adierazi dute sinadura bilketaren testuan. Eskaera Gorka Urtaran alkateari eta Gasteizko Udalari luzatu diote. Izan ere, gaur egun Espainia Plaza izenak Gasteizko enparantza enblematiko honen izen ofiziala izaten jarraitzen du.
1791an Justo Antonio Olagibel arkitektoak eraiki eta Plaza Berria izena jaso zuen, XIX. mendearen lehen bi hamarkadetan izen hori mantenduz.
Ondoren, Udalak Konstituzio Plaza gisa berrizendatu zuen 1820an, 1812ko Espainiako Konstituzioa -La Pepa- aldarrikatzeko. Izen hori mantendu zuen 1927. urtera arte. Urte horretan, garaiko Alfontso XIII.a Espainiako Erregearen omenez Alfontso XIII.a Plaza izendatu zuten.
Hala ere, 1828an, Fernando VII.a Gasteizera etorri zenean, Jauregiaren Plaza Zentrala behin-behineko izena jaso zuen.
1936ko abuztuaren 26an, Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, frankistak Gasteizen nagusitu zirenean, Espainia Plaza izena jarri zioten lehen aldiz.