Gasteizko negu hotza bidelgun, Zaramagako bihotzean elkartu gara GPS kolektiboko kide Lara Salceda (Gasteiz, 1993) eta Urdax Bañuelosekin (Gasteiz, 1994). 1976ko martxoaren 3an hildako bost langileen argazkiek apaintzen dute XXI. mende hasierak eta merkatal zentro handien boomak itxiarazitako auzoko saltoki baten fatxada.
Baliteke gaur egungo gazteek hiria astindu zuen langile klase hura eraldatuta ikustea, identitate kolektiboak lurperatuta utzi omen dituen prozesu neoliberalaren ondorioz. Asko aldatu da testuingurua 70. hamarkadatik eta baita mende hasieratik ere; are gehiago 2008ko krisialdi ekonomikotik aurrera.
"Erabaki politiko garbi bat izan zen; langileriak ahalmen ekonomikoa galdu du eliteak aberasten ziren bitartean"
Gure bi solaskideak hamabost urte inguruko gaztetxoak ziren oraindik krisiak eztanda egin zuenean. Gaur egun, atera al gara krisialdi hartatik? "Hamar urtean behin errepikatzen den zikloa da", uste du Salcedak, "produkzioak gora egingo du gero behera egingo duelako, eta horrela etengabe".
Eta zer utzi digu krisialdi hark? Bañuelosen aburuz, gaur egun indarrean jarraitzen duen austeritate ekonomikoa ezarri zen orduan Europako Batasunetik: "Erabaki politiko garbi bat izan zen; ordutik, langileriak ahalmen ekonomikoa galdu du eliteak aberasten ziren bitartean".
"Noraezari aurre"
Guy Standing ekonomista britaniarrak Prekariatua: klase sozial berri arriskutsua lana argitaratu zuen 2011. urtean, "klaserik desjabetuenaren" agerpena iragarriz. Teoriak albo batera utzita, azken urteetan askotan entzun dugu gurasoak baino okerrago bizi den belaunaldia iritsi dela.
Baina GPSko kideek argi daukate: "Sistema honek murgildu gaituen noraezari aurre egitea ezinbestekoa da", adierazi zuten kolektiboaren berri emateko zabaldutako lehen oharrean.
Gazteriak pairatzen duen "indibidualizazio prozesu bortitzaren aurrean mekanismo kolektiboak eraikitzearen beharra" azpimarratzen dute; izan ere, "langileak antolatzeko orduan hutsuneak" daudela onartzen dute.
"Indibidualizazio prozesu bortitzaren aurrean mekanismo kolektiboak eraiki behar dira"
Hutsune horiek betetzeko eta lan munduan gazteek dituzten arazoei aurre egiteko asmoarekin martxan jarri direla azaldu du Salcedak: "Bere egoerari aurre egiteko orduan noraezean ibili gara; problematika ezberdinak identifikatzeko eta iparra markatzeko ordua da". Horretarako "sentsibilitate ezberdinen topaleku" bilakatu nahi dute sarea, eta tokiko errealitatetik, Gasteiztik, eragin nahi dute.
Lan-erreformak, hitzarmen kolektiboen suntsiketa, pribatizazio eta prekarizazio prozesuak edota pentsioen izozteak kokatu dituzte egoeraren muinean. "Normaltasun batean bizi omen garela eta okerrago egon gintezkela errepikatzen duten hitz magikoekin" apurtu nahi dutela dio Bañuelosek.
Baina zeintzuk ote dira prekarizazio prozesu horren zantzuak Gasteizko gazteentzat?
Prekarizazioak baditu milaka aurpegi
"Gazte prekarioen" errealitatea deskribatzeko eskatu diegunean, ezaugarriak erraztasun handiz zerrendatu dituzte GPSko kideek, haien belaunaldiaren ikur bihurtu balira bezala: behin-behinekotasuna, lan-aldi partzialak, ETTak, etorkizunik gabeko bekak, genero-arrakala, doako praktika dualak Lanbide Heziketan, ordaindugabeko praktikaldiak, formakuntzako kontratu amaigabeak, uberizazioa, autonomo faltsuak, behartutako aparteko orduak, ikasketak eta enpleguaren bateragarritasun eza, ordutegi malgutasuna, 24 orduko disponibilitatea, jai egunetan lan egitea, kontratu eza eta abar luze bat.
EAEko emantzipazio adina 30 urtekoa da eta enpleguaren behin-behinekotasuna %23 igo da
Espainiako Gazte Kontseiluak emantzipazioaren inguruko datu esanguratsuak argitaratu ditu 2019an. 30 urte baino gutxiagoko gazteen %80a gurasoekin bizi da oraindik. 16 eta 29 urte bitarteko bost gaztetatik soilik bat (%18,6) emantzipatu da. Eta azken urtetako daturik ezkorrena: alokairuan bakarrik bizi nahi duen gazte batek, batez beste, bere soldataren %94a bideratu beharko luke etxebizitza ordaintzeko.
— gpsgasteiz (@gpsgasteiz1) December 31, 2019
"Prekarietatea ez da soilik lan arloan ematen, egoera ekonomiko eta sozial orokorra da", baieztatu du Bañuelosek, ALEArekin elkarbanatutako datuak aztertzerakoan. Egoera hori "modu basatienean" pairatzen duten sektoreak emakumeak, etorkinak eta gazteak direla dio, baina logika orokorrago baten barruan kokatu du: "Hau ez da kasualitatea; elite politikoek eta enpresariek lan-eskua merketzea nahi dute, haiek aberasteko".
Prozesu berri bat ez dela baina azken urtetako erreformek "legeztatu" egin dutela dio: "Lan merkatua goitik behera aldatu eta gazteen egoera muturreraino eraman dute".
Bere kidearen arabera, gazteek lan harremanetan bizi duten prekarietatea "bizitzako esparru guztietara" zabaltzen da: "Urte askotako formakuntzara bideratu gaituzte eta bizitzaren espektatibak oso altuak izan dira; formakuntza hori egin ostean, lan mundu prekario batera jauzi egiten dugu".
"Urte askotako formakuntzara bideratu gaituzte; ostean, lan mundu prekario batera jauzi egiten dugu"
Bestalde, Gazteen Euskal Behatokiak 16 eta 29 urte bitarteko gazteen datu gehiago argitaratu ditu: EAEko emantzipazio adina 30 urtekoa da, enpleguaren behin-behinekotasuna %23 igo da 2007tik eta batez besteko soldata 1.093 eurokoa da.
Datu honetan sakonduz: gazteen artean hain hedatuta dauden jardunaldi erdiko kontratuen batez besteko soldata 644 eurokoa da; hau da, etxebizitza bat alokatzeko prezioaren parekoa, azken datu ofizialen arabera. "Gazte gehienok dugun soldatak guztiz baldintzatzen du etxebizitza eskubidea", salatu du Salcedak.
"Lan mundutik eta lanaren problematikatik"
Gasteizko gazteek "Euskal Herriko beste edozein gaztek" bizi duen antzeko egoera bizi dutela uste du Bañuelosek. Hala ere, azken hamarkadetan hiria eraldatu duten tokiko hainbat faktore aipatzen ditu: turismoaren gorakada, merkatal zentroen hedapena edota Glovo bezalako enpresen etorrera, beste askoren artean.
Gazte Prekarioen Sareko kideen arabera, prekarietatearen "adierazpen basatienetako batzuk" ikus daitezke sektore horietan eta, haien ustez, Gasteizko bizi-maila altuaren "mitoak" sektore prekarizatuenek bizi duten errealitatearekin topo egiten du.
"Azken hamarkadetan jendartea esparru guztietan desaktibatzeko prozesu antolatu bat egon da", ziurtatu dute solaskideek, gazteriaren desmobilizazioaren ideiaz galdetuta. Hala ere, Gasteizen "antolatutako gazteria" badagoela uste dute eta gazte mugimenduari "ekarpena lan mundutik eta lanaren problematikatik" egin nahi dio Gazte Prekarioen Sareak.
"Lanpostu batean irauteko perspektibarik gabe gazteek ez dute antolatzeko beharrik ikusten"
Hala ere, sindikalgintzatik gazte prekarioen sektorean eragiteko "zailtasunak" eta behin-behinekotasunaren mugak azpimarratu ditu Bañuelosek: "Lanpostu batean irauteko perspektibarik gabe gazteek ez dute euren lan baldintzen alde antolatzeko beharrik ikusten". Gainera, "lan zentroak eraldatu eta sakabanatu" egin direla azaldu du.
Aldi baterako lanpostuetan aldarrikapenak planteatzeari "beldurra" ere hedatu dela onartzen du Salcedak. "Sindikatuak langile klasea antolatzeko tresna eraginkorrena" direla uste duen arren, horiekin batera gazteen sare gisa aritzea garrantzitsua dela dio, "antolatuta ez dauden sektore prekarioak antolatzeko eta beharren arabera dinamikak planteatzeko".
Urtarrilean, iparrorratza martxan
Abenduaren 20an lehenengo asanblada irekia egin ostean, eragile berria ezagutarazteko kanpaina abiatu dute, honen leloak dioen bezala "prekarietatea mahai gainera" eraman nahian.
"Bizitzak duintzeko aukerak badaude eta sektore ezberdinen borrokak batzeko momentu egokia da"
Etorkizun hurbilean bi hitzordu nagusi dituzte. Alde batetik, urtarrilaren 18an, larunbatean, aurkezpen-jardunaldia antolatu dute Zaramagako M3moria Gunean "prekarizazio prozesuaren gako nagusiak" aztertzeko. 12:00etatik aurrera, GPSren aurkezpena egiteaz gain, hitzaldia eskainiko dute Eragin izeneko Bilboko Gazte Prekarizatuen Asanbladako kide batek eta EHUko irakasle Jule Goikoetxeak; azken honek Demokraziaren Pribatizazioa liburua argitaratu zuen 2017an eta horren inguruko hainbat gako aztertuko ditu bertan.
Bestalde, urtarrilaren 30ean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin bat egingo dute. Aste honetan, "lan, bizi eta pentsio duinen alde, ofentsibara salto" egiteko asmoz Gazte Komitea sortu da Gasteizen.
Horren parte ere bada GPS. "Azken urteetan aldarrikapenen loraldi bat eman da: mugimendu feministak, pentsionisten mobilizazioek edo langile borrokek kaleak hartu dituzte", eta testuinguru horretan kokatu dute greba: "Bizitzak duintzeko aukerak badaude eta sektore ezberdinen borrokak batzeko momentu egokia da". Azkenik, elkartasuna zabaltzeko deia egin dute: "Haien borroka gure borroka ere bada".