Oroimen ekitaldia Manuel Iradier kaleko 7. zenbakian dagoen The Tap tabernan izango da, 19:30etik aurrera. Bertan arituko dira Alison Keable, Beitia eta Similar Interests taldeko Victor Gutierrez.
Aurreko urteetan elkarretaratzea egin dute, baina aurten kontzertuak ordeztuko du, xede berarekin, Borja Lazaro gogoratzea eta hura bilatzeko lanei berriro ekin dakiela galdatzea.
Gasteiztarra Kolonbian desagertu zenetik sei urte igaro diren honetan, hura gogoratzeko deia egin die Gasteizko Udalak herritarrei. "Maitasuna eta gertutasuna" adierazi dizkie alkate Gorka Urtaranek Cabo de la Velan (La Guajira, Kolonbia) desagertutako gaztearen familiari eta lagunei. Horrez gain, alkateak ere bilaketa-lanei berriro ekitea eskatu du.
Borja Lazaro 2014ko urtarrilaren 7tik 8ra bitarteko gauean desagertu zen. Geroztik, haren familiak eta lagunek ez dute aurkitzeko itxaropena galdu, eta horregatik "etengabe" mobilizatzen jarraituko dutela adierazi dute behin baino gehiagotan. Ikerketekin jarraitzea eskatzen dute, zer gertatu zen argitu eta Borja non dagoen jakin arte.