"Eskean ari garen sentsazioa dugu, ate batetik bestera"

Anakoz Amenabar 2017ko urt. 13a, 10:53
Sergio Kazaro eta Ana Mari Herrero. / A. Martinez de Luna

Cabo de La Vela herrian ikusi zuten azkenekoz Borja Lazaro gasteiztarra; desagertu zeneko hirugarren urteurrenean, bilaketa "berpizteko" lanean dira Ana Mari Herrero ama eta Sergio Lazaro anaia.

 

Kolonbiako La Guajira penintsulan desagertu zen Borja Lazaro (Gasteiz, 1979), duela hiru urte, urtarrilaren 7ko gauean. Beste bidaiari batzuekin egon eta gero, lotarako bidea hartu zuen eta orduantxe galdu zioten arrastoa. Hiru urteren ostean, familiak eta lagunek haren zain jarraitzen dute eta hura gogoratzeko elkarretaratzea egin dute; ehunka herritar batu ziren Gasteizen joan den larunbatean, Gurekin nahi zaitugu, ez zaitugu ahazten lelopean.

Nolakoak izan dira azken egunak? Berriz ere hedabideak, elkarrizketak, elkarretaratzea...

Sergio Lazaro: Pozik gaude, eta eskerrak eman behar ditugu, gaia gogoratzeko modu bakarra hau delako. Denbora aurrera doa, ez dago nobedaderik eta itzaltzen doa besterik egin ezean.

Ana Maria Herrero: Hedabideek oso ondo erantzun dute, eta guri laguntzeko modu bat da, gaia berpizteko modu bat. Elkarretaratzean babesa sumatu dugu, Udalak ere ohar bat bidali du... eskertzekoa da.

Eta azkeneko urteak nola laburbiduko zenituzkete?

A.H: Ate batzuk eta besteak joz, eta laguntza eskatuz. Batzuek erantzuten dute eta beste batzuek ez. Betiere Borja bilatzen jarraitu eta gogorarazteko pausoak ematen.

S.L: Etengabe eskean ari garen sentsazioa dugu, ate batetik bestera ari garela laguntza eske.

Zein ate topatu duzue itxita?

A.H: Lehenengo bi urteetan aritu ginen gertuko erakundeetan ateak jotzen, erakunde handietarako sarbidea lortzeko asmoarekin eta, besteak beste, Espainiako erregearekin izan ginen. Egun hartan bertan, Kolonbian den enbaxadoreak Sergiori deitu zion...

S.L: Enbaxadoreak deitu zidan lehen aldia izan zen hura, eta bakarra geroztik. 

A.H: Gure ordezkaria izan behar luke enbaxadoreak baina ez dugu haren berririk izan geroztik. Horrekin nahiko minduta gaude.

Ez dakit pentsatu duzuen bertara joan eta hango hedabideetan kontatzea?

S. L: Desagertu eta berehala joan zen anaiaren bikotea hilabete bat hara, eta handik urtebetera ere joan zen. Bera kazetaria da eta saiatu zen bertako egunkariak mugiarazten, baina ez zuen oihartzun handirik izan. Desagertu ugari dago han, bahiketa ugari, eta are gehiago zonalde hartan –La Guajira–. Egia da atzerritarra izanik zerbait mediatikoagoa dela, baina hala ere, eskas.

A.H: Hasieratik esan ziguten, bestalde, ez zela gomendagarria gu hara joatea. Batetik, ikerketa oztopatu genezakeelako eta, bestetik, gu geu ere arriskuan izango ginelako. Gure kontura ezingo genuke mugitu, Poliziarekin bakarrik eta pentsa, beraz, han bilaketa bat antolatzeko.

Nolakoa da zonalde hura?

S.L: Gu ez gara egon, baina hainbeste informazio jaso dugu ondo ezagutzen dugula. Kolonbia iparraldeko eremua da, Venezuelarekin mugan, desertu antzeko zonalde zabala dago, eta han indigenak bizi dira batik bat. Esango dugu oso gizarte itxia dela, hermetikoa, euren tradizioak zaintzen dituzte estu, eta eurekin harremana izatea oso zaila da, ordezkarien bitartez egiten dute dena.

A.H: Meatzaritza gune garrantzitsua da, baita ere, interes asko dago jokoan, eta indigenak euren lurrak babesten saiatzen dira. Mesfidati daude horregatik eta eurekin harremana izatea oso zaila da.

S.L: Kontrabando gunea ere bada, mugan. Leku gatazkatsua, beraz.

Azkeneko erreportajea bertako indigenekin egin zuen Borjak, ezta?

A.H: Bai, eurekin hobitik ateratzeko erritual baten inguruko erreportajea egin zuen. Bogotan igaro zituen Gabonak, baina eurengana itzuli zen, hain zuzen, egindako argazkiak  erakusteko, eta euren kulturan sartzen uzteagatik eskerrak emateko. Hori izan zen blogean utzi zuen azkeneko erreportajea.

2014ko urte hasieran galdu zen arrastoa.

A.H: Aurreko egunean, urtarrilaren 6an, haren whatsapp bat jaso nuen Santa Martatik. Egun batzuk kobertura gabe egongo zela esan zidan, eta ez kezkatzeko... Horregatik behar baino beranduago jarri genuen salaketa.

Halako egoera batean, nora jo? Zein da lehenengo pausoa?

S.L: Lehenik eta behin Poliziara jo nuen eta eurek horretan eskuduntzarik ez dutenez Ertzaintzara bideratu zuten haiek Interpolera bideratzeko. Momentu horretan bertan Kolonbiako dei bat jaso genuen Borjak ostatu hartu zuen etxolako jabeak ere jarri zuelako salaketa.

Momentu honetan zein da aztertzen ari diren hipotesi nagusia?

S.L: Hiru izan dira orain arte. Bahiketa, desertuan galtzea, eta itsasoan itotzea. Baina ez dugu ezer baztertzen... Hiru urte igaro ostean ez da arrastorik.

A.H: Haren armairu batean agertu ziren dokumentazioa, ordenadorea eta argazki kamara. Baina beti eramaten zuen motxilatxo beltz bat ez zen agertu...

Poliziak ikerketaren jarraipenaren berri ematen dizue?

S.L: Hasiera batean bai, baina arrastorik ez dagoenez gero eta denbora tarte handiagoan ez dugu berririk izaten.

Faltan botatzen duzue Administrazioaren partetik babes handiagoa?

A.H: Benetako jarraipen bat egotea faltan botatzen dugu, enbaxadorearen partetik adibidez. Bi hilabetean behin bada ere, lasaitasun pixka bat emateko.

Baliabide eta jarraipen bera egiten da kasu guztietan?

A.H: Ez, inolaz ere. Diana Querren  kasua dugu adibide; hedabideak gainean daude egunero, beharbada morboak erakarrita. Baliabide guztiak jarri dituzte hura bilatzeko, eta, aldiz, hiru egunetara beste gizon bat desagertu zen Baionan (Galizia), eta haren aita ibili da bakarrik bila Galizia eta Portugaletik eta ahal duen lekuetatik. Uste dut nahikoa esan dizudala...

S.L: Desagertutakoen familiok ikusten dugu etengabe ari direla kasu horrekin, eta beste batzuk ahaztuta dituztela. Espainian milaka desagertzen dira urtean, eta ez da esfortzu bera jartzen. Askotan ematen du erakutsi behar diozula Administrazioari, borrokatu behar duzula, erakusteko benetan desagertuta dagoela zure senide hori.

 

 Borja Lazaro

"Kasuaren benetako jarraipen bat egotea faltan botatzen dugu; lasaitasuna emateko bada ere"

 

Joan den larunbatean elkarretaratzea egin zenuten eta desagertutako lagunen beste familia batzuk ere izan ziren.

A.H: Bartzelonako Hugo Ferrara edota Bilboko Sabino Llona desagertutakoen familiak etorri ziren babesa ematera. 

S.L: Eskertzen da eurekin elkartzea eta babesa sentitzea. Askotan sentsazio bera izaten dugu familiok, lehen aipatutako borroka hori; Administrazioarekin, lehenik eta bilaketarekin egin behar den lana, ostean.

Zein da hurrengo pausoa? 

A.H: Egunerokoari aurre egitea, batik bat, eta desagertuak sortzen dituen arazoei aurre egitea. Izan ere, baten bat desagertzen denean bere arazoak bertan geratzen dira. Borjak etxea erosi zuen Luxenburgon, han izan zelako hainbat urtez eta haren kontu korrontea blokeatuta dago, argiaren ordainagiriak jasotzen ditugu kontua blokeatuta duelako... 

S.L: Haren hauteskunde mahaia... oraindik jasotzen dugu etxean haren  hauteskunde eguneko txartela, eta gerta daiteke mahai batean egoteko deialdia ere jasotzea. Txikikeria bat da hau, baina erakusten ditu zailtasunak daudela.

A.H: Hipoteka ere ni ari naiz ordaintzen. Horretarako Luxenburgora joan, abokatua topatu... Hango enbaxadan eman zidaten laguntza bakarra abokatuen zerrenda luze bat izan zen, pentsa.

S.L: Alegia, protokolo bat falta da. Hain zuzen Paco Lobaton kazetariak fundazio bat sortu du, QSD Global izenekoa, eta horretan ari da lanean. Administrazioekin harremanetan jartzen ari da, eta hainbat bilera izan ditu hau guztia jasoko duen protokolo bat eskatzeko. Bestela, norberak bere bidea egin behar du, eta gure kasuan saltoka joan gara bidean topatutako ezustekoei aurre eginez.

A.H: "Zer da orain egin behar duguna? Nora jo?", Galdera horiei erantzutea, bide horretan laguntza pixka bat baino ez da behar. Erakunde askotan izan gara. Europako Parlamentuan, Eusko Jaurlaritzan... Eta denek aipatzen dute protokolo baten beharra. Entzun bai, entzuten gaituzte, baina laster ahazten dira.

Guk besterik ez dugu: ateak jo eta jo. Norbaitekin egoteko aukera dugun bakoitzean bertara jotzen dugu. Emailak ere ugari bidaltzen ditugu, gobernuz kanpoko erakunde eta elkarteetara... nahiz eta gehienen erantzunik jaso ez eta beste batzuek  atearekin muturrean eman. 

S.L: Eta gu zortekoak gara, hedabideek kasu egiten diguzuelako, baina zenbat desagertu daude eta ez dugu berririk eman gabe? Hodei Egiluzen kasuak nolabait bidea ireki digu; haren inguruan sortutako mugimenduak beste aukera batzuk eman dizkigu. Oso kasu mediatikoa izan da, eta nolabait atzetik joan gara besteok.

Kasua artxibatzeko arriskua dago? 

S.L: Hori da dugun beldurra. Ikusten dugu denbora badoala eta berririk ez dagoela eta artxibatzen bada, akabo. Hori da Espainiak Kolonbian dituen agintariei eskatzen dieguna, presioa egin dezaten ikerketa ez artxibatzeko.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide