SEAren egoitzara eraman dute urteko lehen lan heriotzaren salaketa

Erredakzioa 2020ko urt. 7a, 15:36
2020ko lehen lan heriotza salatu dute SEAren egoitzan. / Argazkia: Hala Bedi

Sindikatuek elkarretaratzea egin dute Arabako patronalaren egoitzaren aurrean, iragan astean Gasteizen gertatutako lan heriotza salatzeko. Gasteizko Udalak adierazpen instituzionala onartu du, ahobatez.

Langile bat hil zen urtarrilaren 2an, aldamiotik behera erorita Gasteizko Olarizu auzoan. Hiru metroko altueratik amildu zen 54 urteko behargina, eta, anbulantzia iritsi zenerako, osasun-zerbitzuek ezin izan zuten ezer egin suspertzeko.

2019. urtean 44 langile hil ziren beraien lanpostuan, horietatik bost Araban; lan heriotza hau 2020ko lehena izan da Euskal Herrian.

Arnaiz Asc 21 eraikuntza-enpresan lanean ari zen langilea eta, sindikatuen arabera, hilabete gutxi zeramatzan lanean. Halaber, istripua hitzarmenaren arabera laneguna ez den egun batean jazo zela salatu dute. Gaurko mobilizazioan "patronalak ardura zuzena" duela ziurtatu dute ELA, LAB, STEILAS, ESK, EHNE eta Hiru sindikatuek, erantzukizunak argitzeko beharra defendatuz.

Aldamioak "segurtasun gabeziak" zituela egiaztatu du Osalanek lehenengo ikerketetan. Bestalde, hildako langilea artatzeko anbulantzia medikalizatuen falta salatu du Elkarrekin udal taldeak.

Atsekabea agertu du Gasteizko Udalak udal talde guztiek babestutako adierazpen instituzionalean. Lan arriskuen prebentziorako arauak betetzea, laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazartzea eta ikuskapenak areagotzea eta hobetzea exijitu du Udalak.

Gainera, doluminak eman dizkie hildakoaren familiari, lagunei eta lankideei, eta heriotzaren nondik norakoak argitzeko eskatu du Udalak.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide