"Araba nahiko ahaztuta egon da euskal antropologian"

Mirian Biteri 2019ko abe. 12a, 06:30

Emakume batek gidatzen du lehenengoz Jose Miguel de Barandiaran Fundazioa: Ixone Fernandez de Labastida gasteiztarrak.

Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak presidente berria du urritik: Ixone Fernandez de Labastida Medina (Gasteiz, 1979). Azken zortzi urteetan  karguan aritu den Josemari Velez de Mendizabal Azkarraga ordezkatu du Antropologian doktore eta EHUko Balioen Filosofia eta Gizarte Antropologia Saileko eta Lan Harremanak zein Gizarte Langintza Fakultateko irakasleak.

Jose Miguel de Barandiaran fundazioko presidente. Erronka handia aurretik, edo?

Bai, erronka bada horrelako fundazio bat zuzentzea; kulturgintzan edo antropologiaren ezagutzan aritzen den fundazio baten aurrean egoteak gainera testuinguru soziopolitiko eta ekonomikoaren menpe egotea eskatzen dizu. Krisi garaia gogorra izan zen fundazioarentzat, baina, hala ere, mantendu izan da; eta azken urteotan, Velez de Mendizabalek horren lerroak berreskuratzea lortu du; besteen artean, ikasketa beka. Nik ditudan erronken artean, nagusiena fundazioaren izaera zientifikoa edo Barandiaranek aldarrikatzen zuen zientifikotasun horretan gehiago sakontzea izango da. 

Kargu horretan jarduten duen lehen emakumea zara, gainera? 

Bai, eta ohore bikoitza da niretzako. 1988tik hona lehendakaritzan egon den lehen emakumea izateak, alde batetik, ez nau harritzen; horrelako fundazio batean oraindik ere, beste esparruetan gertatzen den bezala, gizonezkoek badutelako lehentasuna. Hala ere, fundazioaren egitura, gaur egun, parekidea da. Ohorea da, batetik, nire ikerlerroetako bat berdintasunarekin lotutako gaiena delako; AFIT antropologia feministari buruzko ikertaldearen barruan nabil lanean. Barandiaranentzat ere oso garrantzitsua izan zelako emakumearen figura: lehenengo, bere amarena: eta gerora, Pilar bilobarena. 

Karguaren aurkezpenean, "hein handi batean Barandiarani esker naiz antropologoa" aipatu zenuen. Zer eman dizu ataundarrak zure ogibidea bideratzeko?

Txikitan, hamar bat urte edo nituela, haren heriotza zela-eta, telebistan botatako ikus-entzunezkoa eta elkarrizketak ikusi nituen aitarekin.

Barandiaranen heriotza zela-eta, telebistan botatako ikus-entzunezko eta elkarrizketei esker ikasi nuen antropologia zer zen; liluratu ninduen berak egiten zuena, euskal mitologiari buruzko mundu magiko hori zelan azaltzen zuen. Gerora, EHUn antropologia ikasketak egiten ari nintzela, Barandiaranen figura agertu zitzaidan beste ataundar baten eskutik: Joxe Martin Apalategi antropologoaren eskutik. Nire tesian eragin handia izango zuten haren ekarpenek: ikertzerako orduan zuen sistematizazioa, zurruntasuna edo galdetegia, tartean.

Araba aukeratu zenuen tesirako. 1984. urtetik, Mendialdeko zaldi abeltzaintzaren biziraupena eta moxal okelaren aurrean dagoen higuinari buruz egin zenuen tesia, ezta?

Hala da. Argi neukan Araban egin nahi nuela. Lizentziatura ikasketetan konturatu nintzen euskal antropologiak Arabako eta Nafarroako Mediterraneoko isurialdea ahaztuta zituela; euskal kulturaren definizioan ez ziren agertzen bertako bizimoduak. Hori horrela, Arabako Mendialdera heldu nintzen, ohiturak eta bertako bizimoduak indartsuago mantendu izan direlako. Han bertako zaldi arrazarekin egin nuen topo: eraikuntza kulturalari dagokionez, animalia horren bitartez lortu nuen bertako komunitatearen nortasuna ezagutzea; eta eraikuntza ekonomikoaren inguruan, tokiko produktu bat aztertzeko aukera eman zidan.

Barandiaranen heriotzaren 25. urteurrenean, haren baloreen gainean idatzi zenuen. Zelan suertatu zitzaizun aukera hori? 

Eskaintza polita izan zen fundazioak niri eta Barandiarani buruz nik baino gehiago zekitenei egin ziguna.

Oso omenaldi polita eta hunkigarria antolatu zuen urteurrenera begira Euskal Herri osoan; bereziki Barandiaranek Europarekin zuen lotura uztartu zen horretan. Ni bi baloretan oinarritu nintzen bereziki: batetik, XX. mende hasierako Europan arrazaren diskurtso arriskutsuetatik askatu egin zuela Euskal Herria; ordura arte, antropologia ikerketetan arraza hitza agertzen zen eta berak ezaugarri fisionomikoei ez ezik kulturalei ere eman zien garrantzia eta euskal etniaz hitz egiten hasi zen. Bestetik, berak euskal kulturaren muina baserrian eta Atlantiar isurialdean jartzen bazuen ere, ez zuen inondik inora ukatzen Araban eta Nafarroan euskal kulturaren ereduak bazirela, eta ikerketak egitera bultzatu zuen jende asko. Bi balore horiengatik eskerrak eman nahi izan nizkion omenaldian.

Orduan sartu zinen fundazioan?  

Bai, omenaldi hura izan zen fundazioarekin izan nuen lehen harremana. Harrezkero, ikerketa bekaren epaimahaian parte hartu nuen, eta geroago, euskal folklorearen urtekariaren editorialean sartu nintzen.

1988an sortu zuten Barandiaranek berak eta Eusko Ikaskuntzak fundazioa. Zer asmoarekin?

Garai hartan, Eusko Ikaskuntzako lehendakaria zen Barandiaran, eta ordurako kezkatuta zegoen berak egindako ikerketekin zer gertatuko ote zen. Egindako ekarpenak babesteaz gain, berak irekitako ikerketa lerroak ikertzaile berriei zabaltzeko beharra ere ikusi zuen; ez bera bakarrik, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako gobernuak, hiru diputazioek eta Ataungo Udalak ere premiazkotzat jo zuten fundazio bat sortzea. 

Jendeak gaur egun badaki Barandiaran nor izan zen edo lan asko dago oraindik egiteko?

Barandiaranen figura nahiko zabalduta dago gure gizartean; agian, irudia lausotua dago iraganeko zerbait izango balitz bezala ulertzen dugulako, baina, egia da, bere ikasketak eta ekarpenak oso egunekoak direla. Esaten dute Barandiaran izan zela lehenengo ataundar unibertsala: alde batetik, garai hartako Europan pil-pilean zeuden ikerketa antropologiko eta arkeologikoen berri izan eta ikasi zituelako, eta gerora ere, hemengo ikasketak Europara eraman zituelako, bertako errealitatea ezagutaraziz. Bakarrik horregatik bere ekarpenek nahiko baliotsuak izaten jarraitzen dute egun ere gizartearentzat, orokorrean, euskal kultura eta historiaurrea ezagutzeko; eta, bereziki, diziplina horiek ikasten ari direnentzat.

Fundazioaren hasierako helburuak lortu dira, baina oraindik ere asko dago egiteko eta horretan gabiltza.

Zeregin horretan, hainbat proiektu dituzue esku artean; tartean, '1,2,3... Barandiaran' egitasmoa. Zertan datza? 

Fundazioak aspaldi zuen buruan bideo-sorta bat egitea publiko gaztearengana iristeko eta Hezimubi produktorearekin elkarlanean bi denboraldi egin ditugu: marrazki bizidunen bitartez, 102 urteko bizitza hainbat kapitulutan banatu izan dira, Barandiaranen bizitzaren zenbait pasarte aukeratuz. Lehenengo denboraldia bost kapituluz osatuta dago, eta erbesteratu arteko ibilbidea azaltzen da bertan. Abenduaren 3an, bigarren denboraldiarekin hasi ginen; asteartero, astero kapitulu bat botako dugu abenduaren 31ra arte, bere urtebetetze egunera arte. Oso bideo erabilgarriak dira gazteek ez ezik, adineko jendeak ere Barandiaranen irudia ezagutzeko.  

Bestalde, Euskal Folklorearen urtekaria ere argitaratzen duzue...

Hala da. 1921ean argitaratu zuen aldizkariaren lehen alea Barandiaranek; ehun urte betetzear dago. Helburua euskal antropologia eta arkeologiari lotutako ikerketen emaitzak plazaratzea izan da beti; baina, orain dela lau urte, eraberritzea erabaki genuen. Erredakzio taldea aldatu genuen, Abel Ariznabarreta da egun zuzendaria, eta formatua ez ezik, edukiak ere eguneratu izan dira. Gaur egungo euskal gizarte eta kulturaren inguruko gaiak aurkitu daitezke: gaiak aukeratzen ditugu eta adituei idazkiak eskatzen dizkiegu. 

Horrez gain, beka deialdia ere berreskuratu duzue...

Testuinguruak markatuta, hainbat urteko etenaldiaren ostean, aurreneko patronatu kideek eta lehendakariak lortu zuten berriro ere martxan jartzea. Beka garrantsitzua da aukera ematen duelako antropologia eta arkeologiarekin lotutako urtebeteko ikerketa sakonak egiteko. Ezagutza eremu hauetan ikertzen hasi direnei lehentasuna eman diegu azken deialdietan.    

Askotariko gaiak lantzen dituzten proiektuak laguntzen dituzue. Esaterako, 2016an, 'Ardoaren sare-e(t)nologia Arabar Errioxan' egitasmoa. Araba erreferente al da gaur egun?

Asko poztu ninduen proiektu horrek irabazteak; oso lan garrantzitsua da bi gipuzkoarrek egindakoa. Araba, lehen esan dudan bezala, nahiko ahaztuta egon da euskal antropologian, Atlantiar isurialdera begiratu dute beti; egia esan, herrialdearen egitura geografikoa eta hizkuntzaren errealitatea bestelakoa da.

Baina, Barandiaranek erakutsi zigun Euskal Herriko atlas etnografikoa osatze aldera bere galdetegia zonalde horretan ere aplikatu behar zela. Eta Arabako Errioxari buruzko lan honekin herrialdea ezagutarazi da.

Amaitu aurretik, zer gaietan gustatuko litzaizuke sakontzea?

Buruan gai asko ditut, baina denborarik ez horiei heltzeko. Baina, egun banago antropologia feministarekin; asko interesatzen zaidan gaia da hori. Horrez gain, tesitik eratorritako gai bat garatzea gustatuko litzaidake: elikaduraren antropologia. Jakiekiko dugun higuina edo zaletasuna nondik datorren, elikaduraren atzean dauden irizpide kulturalak eta horrelakoak. Gai horri berriz ere heltzea gustatuko litzaidake. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago