Sorgineneak salatu du %70 murriztu diotela aurrekontua

Erredakzioa 2019ko azaroaren 28a

Sorginenea irailean inauguratu zuten. ALEA

Emakumeen Etxeko ordezkariek haien lanari eusteko "gutxieneko baldintzak" ez direla betetzen esan dute.

Gasteizko Udalak 2020ko aurrekontuetan Sorginenea Gasteizko Emakumeen Etxearen partida %70 murriztu duela salatu dute: "Sorginenea irailaren 21ean inauguratu eta bi hilabete eskasera, itotzera kondenatu nahi du Udalak; bi urte baino gehiagoko bidea ezerezean utzi, Sorgineneak bere lanari eusteko gutxieneko baldintzak bermatu gabe".

Sorginenea elkartearen aburuz, aurrekontuetan argi geratu da Udalak berdintasun politikak "apaingarri erabili nahi dituela". Gainera, taldeak nabarmendu duenez, ez da ulertzen, Udalak behin eta berriro berretsi duen bezala, Emakumeen Etxea hiri-proiektua baldin bada, halako murrizketa egitea. Gainera, Sorginenea proiektua Udalaren IV. Berdintasun Planean jasota dagoela azpimarratu dute: "Udalbatza osoak aho batez onartu zuen Gasteizko Emakumeen Etxeak bere jarraikortasuna bermatzeko beharrezko baliabideez hornituko zuela".

Aurrekontuetan agerikoa da, emakumeen ustetan, berdintasun politikak ez direla lehentasuna Udalarentzat. "Izan ere, beren txostenean aitortzen da aurrekontuen lanketan ez dela genero ikuspegia txertatu".

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago