Emakumeen etxea

Sorginenea, feminismoan eragiteko akuilua

Anakoz Amenabar 2019ko ira. 20a, 12:54

Sorginenea emakumeen etxeko kideetako batzuk, etxea aurkezteko egindako agerraldian. / E. Landa

Emakumeek zuzendutako emakumeentzako proiektu feminista jarri dute abian Gasteizko Alde Zaharrean: Sorginenea. Emakume guztiak gonbidatu dituzte larunbatean izango den aurkezpen jaialdira. 

Hormak zuri daude oraindik. Etorriko dena ikusteke, emakume bakoitzak berea margotu zain. Larunbatean, hilaren 21ean, irekiko ditu ateak Sorginenea emakumeen etxeak, eta orduan hasiko dira Gasteizko Etxanobe Etxean kokatutako egitasmo feministari kolorea ematen. "Emakume horrek eta honek eta hark... parte hartu nahi duten guztiek eraikitzen dutena izango da Sorginenea, inplikatzen garenok eraikitakoa", nabarmendu du etxe feministako kide Paca Roblesek. Hogei urte baino gehiagoko aldarrikapena errealitate bilakatu da, Elena Cercadillo kideak gogoratu moduan, eta horri forma ematen hasteko emakume denen bultzada beharrezkoa izango da aurrerantzean: "Emakume lesbiana, trans, jatorri desberdineko... Emakumeen jabetzerako gunea izatea nahi dugu, denen etxea izango dena". 

Partaidetzaren bitartez, gizartea eraldatzeko beste "pizgarri" bat izan nahi du Sorgineneak, etxeko arduradunek aipatu dutenez. Herri hezkuntza feminista ikusarazi eta ezagutarazi nahi dute, eta eztabaidak eta ikerlana sustatu nahi dituzte. Lehenengo hilabeteetan lehentasuna emango diete gunea hiriko emakumeen artean ikusarazi, ezagutarazi eta beren parte-hartzea sustatzera bideratutako jarduerei. "Bisitak antolatuko ditugu, hirian dauden elkarte eta taldeei zabalik, eta guk geuk ere bisitatu nahi ditugu ekarpen desberdinak jaso eta antolatzeko", nabarmendu du Cercadillok. Ideia eta proposamen guztiek izango dute lekua bertan, baina ildo nagusi batek gidatuta: feminismoak. "Proiektu feminista da, emakumeek zuzendua, eta emakumeentzako. Alegia, helburua ez da emakumeen gizarte etxe bat izatea, horretarako badaude gune aproposak, mugimendu feminista eragitea baizik". Gasteizen talde ugari daude biltzeko gunerik gabe, eta han izango dute horretarako aukera. "Lan ugari daude egiteko; demagun euskara batzorde bat abian jartzeko, indarkeriaren kontrako lantalde bat, talde internazionalista bat...".

Gasteizko aniztasunaren isla izan nahi du etxeak, eta hala izan da azken hilabeteetako lan prozesuan ere. Askotariko emakumeek parte hartu dute, eta zailtasunak ez dira falta izan; "feminismoa" bera talkarako gai izan da, besteak beste. "Prozesu honetan egon dira emakumeak feminismoa zer zen ere ez zekitenak, eta orain badakite, edo helburuekin ados egon arren euren burua feministatzat ez dutenak; feminista sutsuak garenok horretatik ere ikasi behar dugu, eztabaidatzen eta batzutan isiltzen, frenoa jartzen eta akordioetara heltzen. Zaila da", gogoratu du Cercadillok.

"Mugimendu feminista eragiteko etxea izan nahi du Sorgineneak"

Ermua, Basauri eta Donostiako emakumeen etxeak izan dituzte eredu eta laguntzaile sortu diren kezka eta arazoei aurre egiteko. Besteak beste, etxearen kudeaketa eredua izan dute eztabaidagai behin baino gehiagotan, eta Udalarekin partekatutako ereduaren alde jo dute azkenik. "Kogestioaren bidez beste herrietan ondo funtzionatzen ari direla ikusi dugu, eta, bestalde, uste dugu politika publikoak herritarrok egin behar ditugula diru publikoarekin, eta horretan emakumeon eskubideon alde borrokatu behar dugula". Batetik, Gasteizko Udalarekin hitzarmena adostu dute, eta Jabetze Feministarako Eskolarekin partekatuko dute egoitza; eta, bestetik, parte hartu nahi duten emakume guztiak ordezkatzen dituen Sorginenea elkartea sortu dute; azken hori izango da kudeaketa-organo nagusia. Horietan definitutako lan egitasmoak aurrera eramateko bi langileren laguntza izango dute.

"Leku segurua eta konfiantzakoa" izango da Sorginenea, emakumeena. "Denon parte-hartzea behar da, ez emakumezkoena bakarrik, baina horretarako uste dugu oraindik ez direla baldintzak ematen. Guk propio antolatzeko arrazoiak daude, guk gure bidea egiteko premia dugu", azaldu du Cercadillok. "Erreferentea izango da Gasteizko emakume guztientzat eta feminismoaren eta berdintasunaren alde diharduten kolektibo guztientzako; etxe feminista izango da, hirian barrena feminismoa zabalduko duena, eta udalerrian berdintasunaren aldeko politiko publikoetan eragingo duena".

Larunbatean, jaialdia

Zailtasunak izan dira bidean, eta aurrerantzean ere izango direla jakin badakite, baina erronkari eusteko indartsu daude emakumeak. Bateko eta besteko eztabaidak tarteko, eta interes desberdinek bultzatuta, badira Sorginenea proiektuarekin bat egin nahi izan ez duten talde feministak, baina horiei ere batzeko deia egin diete. Eta aliantzak bilatzeko lehen pausoa larunbaterako prestatutako jaia izan daiteke; jaian bertan aurkeztuko dute bazkide kanpaina. 11:00etatik 23:00etara, musika, antzerkia eta sorpresak ez dira faltako, Adriana Rodriguez kideak aurreratu bezala:"Den-denak irailaren 21ean gure hirian eta euskal lurralde osoan idatzita geratuko den historiaren protagonista izatea nahi dugu".

Sormena, hausnarketa eta, batez ere, gauzak egiteko beste modu batzuk bilatu nahi dituzte Sorginenean. Horma zuriei kolorea eman, liburutegia bete eta bilera geletako joan-etorriak hasi dira Alde Zaharreko etxe feministan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago