Sumendi hustu dute

Erredakzioa 2019ko aza. 28a, 10:41
Hamaika ekitaldi antolatu dira Sumendin. ALEA

Judimendi auzoko eraikina 2016ko urrian okupatu zuen gazte talde batek. Hamaika ekintza antolatu dute ordutik.

Gasteizko Judimendi auzoko Sumendi gazteentzako gunea hustu du Ertzaintzak asteartean. 2016ko urrian okupatu zuten auzoko gazteek Benito Guinea kalean hutsik zegoen autoen tailer zaharra. "Aisialdia beste modu batean sustatzeko" asmoa zutela azaldu zuten orduan; eta helburu horrekin, azken hiru urteetan hainbat ekitaldi antolatu dituzte. Aste honetan bertan, Sumendiren hirugarren urteurrena ospatzen ari ziren.

Hain zuzen, urteurreneko egitarauaren barruan, astearte arratsaldean, Mikel Otero EH Bilduko parlamentaria klima-aldaketaren larritasunari buruzko hitzaldia ematen ari zen; une horretan joan da Ertzaintza bertara, hitzaldian ziren pertsona guztiak atera ditu eta horietako batzuk identifikatu ditu. Ondoren, Sumendi espazioko sarraila aldatu dute eta alde egin dute.

Laudioko Gaztetxea ere arriskuan dagoela salatu dute

Laudioko Gazte Asanbladak oharra plazaratu du gaztetxea desalojo arriskuan dagoela salatzeko. Azaldu dutenez, Kultura Etxeko obrak direla eta, Udalak urtarrilaren 7ra arte eman die espazioa husteko epea.

Gainera, ez diete beste espazio alternatiborik eskaini eta ez diete bertara itzuli ahalko direnik bermatu, oharrean azaldutakoaren arabera: "Lehenengo obra honetan urtebetez Kultur etxeko teilatuak eta beirateak aldatzen arituko omen dira. Denbora tarte horretan, Gaztetxea desalojatzeko agindua eman digute, eta gainera, udalak, egindako bileran argi utzi zigun ez digula bermatuko bertara berriz bueltatuko garenik. Are gehiago, obrek iraungo duten tarte horretarako ere ez digute ezer eskaintzen, 18 urte eta gero, egun batetik bestera kalean utziko gaituzte".

Nabarmendu dutenez, honakoa ez da herriko eragile batek udalaren partetik jasotzen duen lehen erasoa. Laudioko Txosnaguneak abuztuan salatutakoa ekarri dute gogora.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide