"Emakume sahararra garaiezina da; ez gara inoiz nekatuko"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko aza. 21a, 06:00
Raabub Mohamed eta Uahba Abdelmaati EUCOCOn izango dira asteburuan. M.BITERI

Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Egunarekin batera ospatzen ari da Sahararekiko Elkartasuna Adierazteko Europako Konferentzia, Gasteizen. Han parte hartuko dute Raabub Mohamedek eta Uahba Abdelmaatik; saharar herriaren borrokan emakumeak "funtsezko zutabea" direla azaldu dute.

EUCOCO Saharar Herriarekiko Laguntza eta Elkartasuna Adierazteko Europako Konferentziaren 44. edizioa ospatzen ari da Gasteizen. Marko horretan, emakume sahararren topaketa antolatu dute, eta kontzentrazioa larunbat honetan, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira. Raabub Mohamed (Smara, 1974) eta Uahba Abdelmaati (Aaiun, 1974) izango dira konferentzian. Kuban, diasporan, unibertsitate ikasketak egin ondoren, Gasteizen bizi eta lan egiten dute biek, eta Beituha Emarek Maichan elkartea sortu dute Saharako emakumeak laguntzeko. Lurralde okupatuetan bizi diren emakumezkoen egoera bereziki larria dela azaldu dute biek: "Lurralde okupatuetan emakumeak torturatuak izaten dira, bortxatuak, eta osasun zentroetara joateko beldur dira". 

Zer mezu eraman nahi dute Saharako emakumeek EUCOCOra?

Uahba Abdelmaati: Saharako emakumeak auzi honetan duen papera nabarmendu nahi dugu; batez ere, emakumeak borrokaren funtsezko zutabe gisa duen eginkizuna eta urteetan zehar nola garatu duen azpimarratu. Hasieran, gizonezkoak borroka armatura joan zirenean, emakumeak bakarrik geratu ziren kanpalekuetan, eta guztia haiekin hasi zen; haiek izan ziren dena antolatu zutenak, udalekuak, eskolak eta haurtzaindegiak, udalak. Dena. Horrek egiten du garrantzitsu emakumearen rola gure kausan.

Raabub Mohamed: Herriaren nekearekin jokatzen dute, eta emakume sahararrak 40 urte hauetan erakutsi duena bere erresistentzia da. Garaiezina da, sinesten duen kausa baten alde borrokatzen ari da. Gu borroka hasi zuten emakumeen belaunaldikoak gara, eta erbestean jaiotako gure seme-alabak ere borroka horretan hezten ditugu, nazioarteko justiziaren eta legezkotasunaren aldeko erresistentzia horretan. Ez gara geldituko, eta ez gara nekatuko.

44 urteren ondoren ez duzue amore eman.

R.M.: Hain sinetsita gaude borroka honekin, ezen berdin baitio zenbat denbora pasatzen den. Okupatzaile batek esaten zuen: "Pasatuko zaie, borroka hau hasi duten belaunaldiak hilko dira, eta geldituko da". Bistan denez, ustel atera zaie, belaunaldi berriek ere borrokarekin jarraitzen dutelako. Gezurrak mila urte egin ditzake korrika, baina egunen batean egiak harrapatuko du, eta egunen batean Saharak independentea izan beharko du. Sahararrok ez dugu erraza, Marokoko okupatzailearen aurka borrokatzeaz gainera, okupatzaile marokoarraren atzean dauden interes geopolitikoak, geoestrategikoak eta ekonomikoak daudelako benetan. Europak, Mendebaldeak, herrialde garatuek interesatzen zaienean nazioarteko legezkotasuna eskatzen dute; eta interesatzen ez zaienean, Sahararen auzian bezala, alde batera uzten dituzte.

"Okupatzaileari ez zaio interesatzen inolako mediku arretarik eskaintzea"

Diasporan ikasteko aukera izan duzue. Nolako esperientzia izan zen?

U.A.: Guk aukera izan genuen kanpamenduetatik ateratzeko, ikasteko, mundua ikusteko, unibertsitate-karrera bat egiteko eta lan egiteko. Nik, adibidez, Filologia Hispanikoa ikasi nuen Kuban. Hamalau urte eman genituen bertan. Raabubek Medikuntza egin zuen, eta orain, Gasteizen, Santiago ospitalean egiten du lan; beste askok farmazia egin zuten, ingeniaritzak, erizaintza, laborategiko teknikariak. Beste gatazka batzuk ikusi ditugu, beste kultura batzuk ezagutu ditugu, munduan zehar dauden emakumeen beste bizipen batzuk; horrek gure kausari laguntzen dio, eta gizartean dugun papera indartzen du.

R.M.:1979az geroztik hitzarmen bat sinatu zen Kubarekin, eta haurrak bidaltzen hasi ziren. Guk 11 eta 12 urte genituen, hurrenez hurren, eta hamahiru urtez egon ginen familiak ikusi gabe, familia errefuxiatuek ez zutelako nola ordaindu Kubako txartela Saharara. Gure familiak sakrifikatu egiten ziren ikasi eta geure bizitza egin genezan; Saharako gizartearentzat eta guraso sahararrentzat, emakumeentzat bereziki, garrantzitsuena euren seme-alaben heziketa baita. Kubara ikastera joan ginen emakume bakanetakoak ginen, bakarrak ez esatearren. 

Ikasketak bukatu ondoren, zer aukera zenituzten?

R.M: Orduan zeure buruari galdera egiten diozu: Kanpamenduetara noa, lanera, edo nire prestakuntzarekin jarraitzen dut eta kanpotik laguntzen dut? Nire kasuan, Portugalera joatea erabaki nuen, hizkuntza bat gehiago ikasteko, nire espezialitatea amaitzeko, ekonomikoki finkatzeko eta nire familia errefuxiatuari eta nire herriari laguntzeko. Kanpamenduetan, okupatutako eremuetan eta diasporan elkarren osagarri gara sahararrak.

Beituha Embarek Maichan elkartea sortu duzue. Zer lan egiten duzue?

R.M.: Kuban ikasi dugun emakume sahararrek osatzen dugu, mundu osokoak, eta elkarte humanitario, kultural eta sanitarioa da. Proiektu humanitarioak eta osasun-sentsibilizaziokoak garatzen ditugu kanpamentuetan, gehienbat emakumeari zuzendutakoak; emakumeenak diren patologiak artatzen ditugu. 

Kanpamentuetan bizi diren emakumeen osasun sentsibiizazioa eskaintzen diete. DR.BEITA

Zeintzuk dira kanpamentuetan emakumeek pairatzen dituzten gaitz nagusiak?

R.M.: Oso sakon ukitzen gaituen gaia da bularreko minbizia. Kanpamentuetan diagnostiko eta tratamendua ez dagoenez, diagnostiko batera iristen direnean, Saharako emakumeak oso fase aurreratuan daude. Gure elkartea asko zentratu da emakumeari bularreko minbiziaren zantzuak zeintzuk diren erakusten, bularreko auto-azterketa bat nola egiten den irakasten. Diagnostikorako eta tratamendurako aukera ere eman nahi diegu, baina horrek oraindik baliabide asko eta azterketa asko eskatzen ditu.

Nolakoa da emakumeen osasun egoera Sahara okupatuan?

U. A.: Osasun arreta oso eskasa da. Aaiunen ez dago ospitalerik, okupatutako Saharako hiri nagusietan ez dago ospitalerik. Eta ospitaleren bat badago, sarritan, ez dute ezta botikarik ere, eta Marokora joan behar dira, hiri handietara. Berebiziko gabezia dago.

R.M.: Nire lagun batek dio Sahara okupatua munduko aire zabaleko presondegirik handiena dela, eta benetan hala da. Eta, noski, Saharako emakumeak dira egoera hori gehien pairatzen dutenak. Okupaziopean bizitzea izugarria da, emakumeak torturatuak izaten direlako, bortxatuak; emakumeak beldur dira osasun zentroetara joateko. Nire eginbeharra, medikua naizen aldetik, gaixoa artatzea da; nire gaixoek ez dute ez nazionalitaterik, ez sexurik, ez adinik. Hori ez da errespetatzen okupatutako guneetan, osasun zentroa polizia-estatu bat delako. Beraz, emakume bat manifestazio batean egon delako eta zauria duelako joaten bada, zauria are handiagoa egiten ibiltzen dira, sendatu beharrean. Erresistentzian, modu baketsuan parte hartu badu, etengabe mehatxatua da; aktibista bazara, bortxatu, suntsitu eta lana kentzen dizute.

U.A.: Errefuxiatu guneetan behintzat segurtasun bat dute, baina okupatutako guneetan ez, eta, noski, okupatzaileari ez zaio interesatzen inolako mediku arretarik eskaintzea.

"Espainian putzu bat dago eta esku beltz bat sakonean, eta ez du uzten gatazka konpontzen"

Isiltasun handia dago Sahara okupatuaren inguruan?

R.M: Okupatutako eremuak setio-egoeran daude, eta zulo beltza dira kazetarientzat, ez dago informaziorik, errealitatea jakitea saihesten delako. Gainera, nazioarteko komunitatearen konplizitatea dago, eta errealitate hori estaltzen saiatzen dira.

U.A: Ezikusiarena egiten dute, ez zaielako interesatzen gaiaz hitz egitea. Ez zaio interesatzen Espainiako Estatuari, ez Frantziari ez Amerikako Estatu Batuei, interes ekonomikoek dena estaltzen dutelako. Eta interes ekonomikoak gauza guztien gainetik jartzen direnean, bada, oinarrizko giza eskubideak albo batera geratzen dira.

Indarkeria desberdinak jasaten dituzue, emakumeak izateagatik, sahararrak izateagatik…

U.A. Hemen ere jendearen aurreiritziak eta estigmatizazioa sufritzen ditugu. Jendearen mespretxua ikusten dugu gure jantziak (melfa) eramateagatik bakarrik. Berdin dio medikua zaren, literatoa zaren edo farmazialaria zaren. Hori guztia bigarren lekuan geratzen da. Nola janzten zaren edo nola hitz egiten duzun, hori da kontuan hartzen dutena. 

R. M.: Baina estigma horiei aurre egiteko ere prestatu gara. Gu gerran jaio ginen. Maroko sartu eta Espainia joan zenean, Marokoko okupatzaileek sahararren bonbardaketa eta sarraskia egin zituztenean jaioberriak ginen. Gure ibilbideak emakume gogorrak egin gaitu, eta ezerk eta inork ez digu minik egiten. Nik Uahba ikusten dut, eta bera emakume sahararra da, melfaz jantzita, eta dugun literatorik onenetakoa da, hainbat hizkuntza hitz egiten ditu… Nola mespretxatu dezake inork? Borroka bat bizi izan duen emakumea da, hainbat hizkuntza hitz egiten duen emakumea, unibertsitateko ikasketak dituen emakumea eta mundua beste begi batzuekin ikusten duen emakumea.

Emakumeek duten papera aitortzen da saharar komunitatean?

R.M.: Emakumeok asko lortu dugu, baina adi, asko falta zaigu oraindik lortzeko. Inguratzen gaituen munduarekin alderatuta, arabiar munduko beste emakumeen egoerarekin alderatuta, oso urrun sentitzen gara.

U.A.: Urtez urte askeago sentitzen gara, gizartean ikuspegi irekiagoa dagoelako emakumearen paperaren inguruan, ez hain murriztailea. Gu, behintzat, saharar emakumeok ez gara zapalduta sentitzen. 

Zer espero duzue EUCOCO konferentziatik?

R.M. Gu ez gara nekatzen, eta Saharako herriaren lagun guztiei eskatzen diegu ez daitezela neka. EUCOCO gure errealitatearen berri emateko geldialdi bat da. Une honetan, gehiago elikatu behar dugu Saharako herriarekiko elkartasun mugimendu horren papera, une garrantzitsua da, eta elkartasun mugimendu horretara gero eta jende gehiago batzea nahi dugu. Herri nekaezina gara, gure eskubideak errespetatzea nahi dugu, ez dugu beste munduko ezer eskatzen, gure lurraldearen gainean bizi nahi dugu eta mundu ero honetako beste herrialde bat izan nahi dugu. Horregatik da garrantzitsua Saharako herriarekiko elkartasun mugimendua ere ez nekatzea.

"Hemen ere jendearen mespretxua ikusten duzu 'melfa' eramateagatik soilik"

Saharako herriak duen gizarte zibilaren babesari zerbait falta zaio?

R.M. : Gizarte zibil hori bere gobernuetan eragiteko gai izatea. Ez dit balio esateak gizarte zibilaren gehiengoaren babesa dugula, erabaki politikoetan islatzen ez bada. Gure kasuan, behar dena babes politikoa da. Gatazkari irtenbide politikoa ematen badiogu, laguntza ekonomikoa, humanitarioa eta babes morala aurreztu ahal ditugu. Gizarte zibilaren babesa erabaki politikoekin eta instituzionalekin artikulatzea nahi dut; niri ez dit balio herri gisa laguntzeak, gero, eragin dezakedan tokietan, isildu egiten banaiz. Hori onartzea, neurri handi batean, gobernuekiko eta egungo sistemarekiko konplizitatea da.

PSOEk eta Unidas Podemosek osatuko duten balizko gobernu berriarekin zer itxaropen duzue?

R.M: Ez da ezinezkoa baina gobernura igotzen denak zerbait aldatzea oso zaila da. Badago monarkia espainiar bat eta badago estatu espainiar bat, eta norbait Sahararen alde zerbait egiteko ideiarekin edo asmoarekin etortzen bada, saihestuko dute. Espainian putzu bat dago, eta Espainiako politikari asko boterera iritsi eta putzura begiratzen dutenean, esku beltz batek ezetz esaten die. Nire ustez, putzu horren sakonean dagoen esku beltz horrek ez du uzten Saharako auzia konpontzen, gatazka guztien atzean interes ekonomikoa dagoelako eta gurea ez delako salbuespena. Saharako herriaren aldeko lagunik onenak etorri dira, eta gora iristen direnean, esku beltza ikusten dute behean, putzuan, ezetz esanez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide