"Orain ari da memoria historikoa plazaratzen"

Anakoz Amenabar/Esti Lanao 2019ko aza. 11a, 08:00
Memoria historikoa bestelako ikasgaietara ere zabaltzeko asmoa dute. / E. LANAO

Historiako une lazgarrienetako batzuk ahanzturan gera ez daitezen, eskolan lantzeko materiala prestatu dute Koldo Mitxelena institutuan; Koldo Alijostes irakaslea izan da lantaldean.

Webgune bat prestatu dute Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan: Oroimenaren harra. Hezkuntza komunitatearen laguntzarekin, iraganean isilarazi eta ezkutatutako horien inguruko egia belaunaldi berriek ezagutzeko eta bilatzeko ekimena jarri dute abian.

Zergatik abiatu zenuten egitasmoa? 
Ikastetxean bertan sortutako kezka batetik abiatu ginen. Kontuan izan behar dugu gure ikasleak XXI. mendekoak direla, eta askok ez dutela ezagutzen guretzako historia hurbila diren egoera latz haiek. Horregatik, zerbait landu behar genuela pentsatu genuen. Hasiera batean, Euskal Herriari begira hasi ordez, gure ikastetxeari erreparatu genion; eskolan oroimen historikoa lantzeko materiala eskaini nahi genien irakasleei, haiek bere programan txertatu zezaten. Azkenean, Euskal Herriko toki ezberdinetako lanak biltzen hasi ginen, eta hezkuntza komunitate osoari zabaltzea egokiena zela erabaki genuen.

Zer baliabide eskaintzen ditu webgune horrek?
Gai ezberdinak lantzen ditu, baina bi esparru dauzka. Batetik, proposamen didaktiko osatuak eta zehatzak ditugu, guk osatutakoak; besteak beste, testuak, jarduerak eta pelikulen iruzkinak egiteko ariketak. Bestetik, ahal izan dugun material guztia bildu dugu irakasleok gure proposamen pertsonalak egiteko eta bakoitzak bere programazioan sartu ahal izateko. 

Ikasgai desberdinetan emateko moduko lanak daude, beraz.
Hori da. Askotan historiako ikasgaiari jartzen diogu zama guztia, baina bestelako ikasgaietara ere eraman daiteke. Esaterako, etikan balioak lantzeko oso gai aproposa da. Plastikan, filosofian edo psikologian jorratzeko unitate batzuk ere badaude, eta hizkuntza guztietan. Biltze-lana egin dugu irakasleei eskaintzen dizkiegun materialekin eta bestelako tokietan aurkitu dugunarekin. Modu horretan, aitzakia bat dago zure gaia eta memoria historikoa elkarrekin lantzeko. 

Zer motako materiala bildu duzue?
Askotarikoa. Literatur lan oso ondo sailkatuak aurkitu ditugu, kasu honetan euskaraz bakarrik. Ikus-entzunezko asko dago, baita ere; tartean, filmak eta testigantzak. Tamalez, eta kuriositate moduan, Arabako ikus-entzunezko gutxi topatu ditugu. Martxoaren 3an zentratu gara, barruraino sartuta dugu, eta asko landu dugu, baina gainerakoa apur bat ahaztuta utzi dugu. Esate baterako, 1936ko gerraren inguruan liburu bat ezagutzen dut, baina ikus-entzunezkoen artean ez dut horri buruzko beste ezer topatu. Baliteke egotea, baina oraindik ez dut inondik ikusi.

Gasteizko Koldo Mitxelenako irakasleek prestatu dute webgunea. / K. Mitxelena 

Ikasleen artean gabezia al dago?
Bai. Martxoaren 3an gertatutakoa ondo ezagutzen dute, urtero lantzen dugulako, eta gainera, Zaramaga auzoa ondoan dugulako. Baina frankismoan gertatu zena ez dute gehiegi ezagutzen. Eta  zenbait irakaslek ekimen propioz ekarritako pertsonak izan ditugu,  frankismoan jazarriak izan direnak, baina hor geratu da dena. Gure asmoa unitate batzuk programazio barruan sartzea da, ondo zehaztuta, eta urtero egituratuta izatea, 3. eta  4. DBH-ko eta Batxilergoko mailetan.

Gabezi hori Euskal Herri osoan sumatzen da?
Baietz uste dut. Badago horrelako ekimen bereziren bat antolatzeko joera, eta, normalean, "kanpaina" egiteko ohitura badago, aste batean gai jakin bat jorratzeko ohitura hain zuzen. Baina ekimen solteetan gelditzen dira, besterik ez. Guk beharrezkoak ikusten ditugun gaiak programazioetan sartu beharko genituzke, gure ikasgaiarekin lotu eta hurrengo ikasturteetan mantentzeko. Horrek jarraipen bat emango lioke gaiari. Beste herrietan berdina gertatzen delakoan nago. Agian Gernikan, Durangon, Otxandion edo garai horiek kolpatu zituzten lekuetan gaia sakonago landu dute, baina beste toki askotan gurean bezalako hutsunea egongo dela pentsatzen dut. Dena dela, orain ari da memoria historikoa plazaratzen. Orain arte ez dugu ezer egin. 

Nola ikusten dute ikasleek egitasmo hau? Interesa erakutsi dute?
Orokorrean, arrotza ikusten dute, baina egia da ikasle motaren arabera gertatzen dela hori. Izan ere, familia batzuetan gaia gehiago lantzen da, eta beste batzuetan ez. Adinak ere zerikusia duela uste dut. Batxilergoan, batez ere, interes gehiago nabaritzen da. DBHn batzuk oraindik noraezean dabiltza, eta gai hauei heltzeko hobe da heldutasun puntu hori izatea, jorratzeko errazagoa baita. Dena dela, interesa badaukate; azken finean, gure historia da, eta haien historia ere bai. Gainera, familietara jotzen baduzu, ziurrenik garai hartan bizitako senideren bat egongo da, aitona-amonaren bat edo behintzat frankismoa ezagutu duena. 

Noren laguntza izan duzue osatzeko? 
Martxoak 3 elkarteak bere unitatea utzi zigun, eta kontaktuak ere erraztu zizkigun. Gero, gure aldetik ere osatzen eta borobiltzen  joango gara, baina irekiak gaude ekarpenak jasotzeko, noski.

Noiz jarriko duzue martxan? 
Hasiera fasean gaude. Oraintxe bertan irakasle guztien artean zabaldu dugu, ikasgai guztietara. Bakoitzean zer egin daitekeen eta non ikusi behar duten, eta zer mailatan. Gero mapa moduko bat egingo dugu mailaz maila ikusteko zerbait lantzen dela. Esan dudan bezala, guretzako garrantzitsuena programazioetan geratzea da; ez izatea aurten egingo den kontu bat bakarrik. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide