Oroimen historikoa eskolara eramateko egitasmoa martxan jarri dute

Erredakzioa 2019ko urr. 23a, 13:00
'Oroimenaren harra' proiektuaren webgunea aurkezpena. / Argazkia: Alea

Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan, oroimen historikoa eskolara eramateko egitasmo berria abiatu dute. Oroimenaren harra proiektuaren oinarri izango den webgunea jendaurrean aurkeztu dute gaur.

Koldo Mitxelenako hainbat irakasleren lan boluntarioari esker, auzolanean, euskarazko eduki zabala eskegi dute Oroimenaren Harra webgunean. Proiektua ikastetxe honetan jaio den arren, "guztiontzat irekia" izatea nahi dute.

Horretaz gain, Euskal Herrian egin diren lan asko gune bakar batean biltzea erabaki dute, hezkuntzan lanean ari direnek oroimen historikoa eskolara eramatea "errazago" izan dezaten.

Bertan, oroimen historikoarekin zerikusia duten tresna ezberdinak daude eskuragarri. Besteak beste, unitate didaktikoak, testuen lanketarako bitartekoak, baliabide historikoak edota oroimen historikoa lantzen duten webguneen loturak.

 

Transmisioa, belaunaldi ezberdinak lotzeko

Egitasmoaren sustatzaileek azaldu dutenez, irakasleen artean gai honen inguruko "kezka nabarmen handitu da", ikasleek gero eta gutxiago ezagutzen baitute "aurreko belaunaldiek 1936ko gerran eta Francoren diktaduran bizi behar izan zutena".

"Garai horretan gertatutakoak isilarazi edo ezkutatu beharrean, orainera ekartzeko beharra ikusi dugu"

Hortaz, haien helburu nagusia hezkuntzaren bidez, belaunaldi berriek "iraganean isilarazi eta ezkutatu zuten horren inguruko egia" ezagutzea eta bilatzea da. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute hezkuntza komunitatearen inplikazioa.

"Belaunaldiz belaunaldi, transmisio bidez jasotakoaren ondorioz, garai horretan gertatutakoak isilarazi edo ezkutatu beharrean, orainera ekartzeko beharra" ikusi dute irakasle hauek. Transmisioa garai ezberdinak lotzeko balio duen katea dela azpimarratu dute, "garai ezberdinetako katebegiak lotzen dituena".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide