Hilabete pasatxo izan dute neska-mutiko Kantari Gasteiz ikuskizunerako egokitu zaien abestiaren letra eta koreografia ondo ikasteko; eta asteburuan Dendarabako Vital Kutxa Fundazioaren aretoan izango duten entseguan ikasi dutena errepasatu eta neska-mutikoen zalantzak argitzeko aukera izango dute. Aurreikusita dauden hamalau saioak larunbatean hasiko dira, 10:00etan; eta igandera arte luzatuko dira.
Aurten ere aurreikuspen guztiak gainditu dira Gasteizko 15 ikastetxetako 622 gaztetxok eman dutelako izena; 137 taldetan zeuden horiek banatuta. Baina, parte-hartzaile kopurua mugatua da, 84 taldek baino ez dute parte hartu. Hortaz, zozketa egin behar izan zen.
Aste bukaerako entseguaren ostean, azaroaren 16an eta 17an grabazioa egingo dira, toki berean. Arabako Aleak, GEU elkarteak, Goiena Komunikazio Taldeak, Gasteizko Udalak eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, antolatu duten karaoke ikuskizuna larunbatean hasiko dira, 15:30ean.
Jarraian duzuen taulan, saio bakoitzean parte hartuko duen taldeen gaineko informazioa topatuko duzue, hala nola, taldeen izena, parte-hartzaile kopurua, abestia, grabazioaren hitzordua eta lekua.
Parte-hartzaile bakoitzari, entseguan, lau gonbidapen banatuko zaizkio grabazio egunean euren gurasoak, familiakoak edota lagunak doan sar daitezen ikuskizuna ikustera. Era berean, alea.eus webgunean Kantari Gasteizen zuzenean ikusteko aukera emango du, streaming bidez bere hasiera orrian emitituko baitu asteburu osoan; eta sare sozialetan ere, ekimenaren jarraipena egingo du.
Grabazioaren ikuskizunean grabatzen diren bideoak eta parte-hartzaileei ateratzen zaizkien argazki guztiak, gainera, alea.eus/kantari webgunean eskuragarri egongo dira.