San Martingo EAGaren itxieraren kontrako protesta gehiago

Erredakzioa 2019ko azaroaren 5a

Pentsionistak, auzokideak eta langileak EAGaren berrirekiera eskatzeko. / Argazkia: Alea

Pentsionistak, auzokideak eta Osakidetzako langileak batu ziren atzo San Martingo EAGaren berrirekiera eskatzeko, auzo honetako anbulatorioan. Mobilizazio gehiago deitu dituzte.

Udan itxi zituen ateak San Martingo EAGak, eta behin betiko bihurtu den itxiera honek Olagibeleko anbulatoriora edo Txagorritxu eta Santiagoko larrialdi zerbitzuetara jo beharko duten "auzokideen osasun arreta kaltetuko" duela salatu dute. Izan ere, egoerak hiru guneak dagoeneko gainezkatu dituela ohartarazi dute.

Itxiera "arretaren eta langileen kontrako ezkutuko murrizketa" bat dela salatu dute sindikatuek. Aldi berean, EAGaren berehalako irekiera exijitu dute, langile kopuru berdina mantenduz.

Gainera, Patxi Nicolau ESK sindikatuko bozeramaileak ohartarazi du egoerak "okerrera" egingo duela datozen asteetan, gripearekin.

Nicolauk San Martin, Gasteiz Txiki, Zabalgana edo Judimendiko auzo elkarteek emandako babesa azpimarratu du, baita "kezkatuta" dauden herritarrek emandakoa ere, "zuzeneko murrizketa" dela eta.

Salatu dutenez, Osakidetzak ez du zerbitzu hori berreskuratzea aurreikusten eta Gasteizko etengabeko arretako bi puntuen bateratzean eta berrantolaketan justifikatzen du itxiera. Bitartean, Etengabeko Arreta Guneen beharrak betetzeko profesionalak badaudela defendatu dute.

Hurrengo mobilizazioa datorren astelehenean, azaroaren 11n, izango da, 18.00etan Olagibeleko anbulatorioan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago