Sindikatu guztiak San Martingo Etengabeko Arreta Gunearen itxieraren aurka

Erredakzioa 2019ko urr. 25a, 12:50
Murrizketen kontrako elkarretaratzea gaur. / Argazkia: @ESKsindikatua

Araban Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu guztiak mobilizatu dira gaur Olagibeleko anbulatorioaren aurrean, San Martingo Etengabeko Arreta Gunearen (EAG-PAC) behin betiko itxiera salatzeko.

Itxiera "arretaren eta langileen kontrako ezkutuko murrizketa" bat dela salatu dute sindikatuek. Aldi berean, EAGaren berehalako irekiera exijitu dute, langile kopuru berdina mantenduz.

Udan itxi zituen ateak San Martingo EAGak, eta behin betiko bihurtu den itxiera honek Olagibeleko anbulatoriora edo Txagorritxuko larrialdi zerbitzuetara jo beharko duten "auzokideen osasun arreta kaltetuko" duela salatu dute sindikatuek.

Sindikatuek "profesional falta" dagoela eta "kasuala ez dela" ohartarazi dute eta, haien aburuz, Osakidetza "denbora luzez egon da oinarrizko arreta publikoa estrategikoki kaltetzen, osasun zerbitzu pribatuaren onurarako".

Pribatizazioak Osakidetzan

Azken aldian, San Martingo EAGaren itxieratik harago doaz arazoak Osakidetzan. Izan ere, asteotan, garbiketa eta mantentze-lanen pribatizazioaren aurka mobilizatu dira langileak. Atzo, adibidez, beste elkarretaratze bat egin zuten Txagorritxu eta Santiagoko ospitalen aurrean.

2019ko ekainean zuzendaritzarekin bildu ziren langileak eta, sindikatuen arabera, "bete ez dituzten puntu batzuk hitzeman zituen" zuzendaritzak. Hortaz, urriaren hasieran, "borrokan jarraitzeko" asmoa azaldu zuten langileek, haien "aldarrikapenak lortu arte".

Osakidetzako garbiketa eta mantentze-lanak "publiko izatea" eskatzen dute. / Argazkia: Alea

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide