Aldaialde eskola, blokeatuta

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2019ko urr. 24a, 10:02

Aldaialdeko eskolako ikasleak eta gurasoak apirilean deitu zuten protesta. ALDAIBERRI G.E.

Hiru urte daramatzate Zabalganeko ikasleek Mariturriko barrakoietan, ikastetxe berriaren zain. Iragan astean jakin zuten auzoko gurasoek Adifek atzera bota duela Aldaialde eskola eraikitzeko baimena.

Adifek atzera bota du Gasteizko Udalak Aldaialde ikastetxea eraikitzeko eskatu duen lizentzia, eta, modu horretan, Zabalganeko gurasoek obrak lehenbailehen hasteko zuten itxaropena zapuztu du. Udalak datorren udan arazoa konpontzea espero du, baina ez dago data zehatzik obrak hasteko, eta "gutxienez" zortzi hilabete beharko direla zabaldu da. 

Oposizioak, berriz, auzian jarri du Aldaialde ikastetxea aurreikusita dagoen lurzoruan eraiki ahalko dela, eta "B plan bat" prestatzeko eskatu diote alderdi politikoek EAJren eta PSEren udal gobernuari, Adifek baimenik ematen ez badu, bestelako aukera batzuk mahai gainean izateko. Halaber, "gardentasun falta" leporatu diote alkateari eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailari. Era berean, "atzerapen etengabeak" eta "konponbiderik ez izatea" kritikatu dute.

Alegazioak aztertu arte

Espainiako trenbide-azpiegituren operadore publikoaren arabera, Aldaialdek okupatuko duen lurzatia 2012an onartutako eta indarrean dagoen Abiadura Handiko Trenaren lurperatze-planaren eraginpean dago, eta, nahiz eta proiektu hori albo batera utzi zuten, Adifek argudiatu du lurzatiaren azterketa informatibo berria onartu arte ezin dela ezer egin lurzoru horretan. 

Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren lurperatzearen inguruan aurkeztutako alegazioak aztertu eta erantzun ondoren etorriko litzateke onarpen hori.

Azken udalbatzan eman du arazo horren berri Aldaiberri Guraso Elkarteak, ikastetxearen inguruan hitz egiteko eskatuta zuen herritarren txanda baliatuz hain zuzen. Gurasoek azaldu dutenez, e-mail bat bidali zuen elkarteko familia batek Adifera, Aldaialdek okupatuko duen lurzoruaren inguruan planak ote zituen jakiteko, eta Adifek jakinarazi zion orduan ez duela baimenik emango ikastetxeko obrak hasteko, harik eta lurperatzearen informazio-azterlan berria onartu arte. "Harrigarria da guk informazio hori izatea zuek baino lehenago", aurpegiratu diote Aldaialde elkarteko lagunek udal gobernuari; eta komunikazio falta egon dela adierazi dute: "Adifen e-mail bat jaso behar izan dugu zuen arreta izateko".

"Tokirik gabe"

Atzerapen berria salatzeaz gainera, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza sailak hartutako konpromisoak ez dituela bete kritikatu dute gurasoek. "Hirurehun ikasle ditu gaur egun gure zentroak; hiru urte pasatu dira, eta gure ikastetxearen eraikuntzari buruz ez dugu inongo berririk; Mariturriko behin behineko espazioan jarraitzen dugu, tokirik gabe. Administrazioa ez da ezer egiten ari egoera desblokeatzeko, eta harrituta gaude, gainera, gurekin duten sentsibilitate faltarekin".

Gobernuarentzat, lehentasuna

"Aldaialdeko ikastetxea lehentasuna da udal gobernuarentzat", azpimarratu du Ana Oregi Gasteizko Hirigintza zinegotziak. Azaldu duenez, une honetan, lanean ari dira udaleko sail guztiak lizentzia aurreratzeko."Oso baimen konplexua da eta sekula baino azkarrago osatuko da. Espero dut Sustapen Ministerioak alegazioen inguruko ebazpena laster ematea". 

Ildo beretik, Gorka Urtaran alkateak ere ziurtatu du datozen egunetan obra-lizentzia emango dutela, informazio-azterlana onartzearen baldintzapean. "Modu horretan, beste izapide batzuk arindu ahal izango dira, baina lurzoru horretan ezingo dugu makina bat bera ere sartu Adifek baimena eman baino lehen", argitu du.

Gauzak horrela, eta azken momentuan Hezkuntza sailaren eta Adifen artean martxan diren negoziazioek blokeoa kentzeko balio ez badute, Zabalganeko hirugarren ikastetxe publikoaren eraikuntza are gehiago atzeratu daiteke.

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago