Eskola plazak baino haur gehiago daude Gasteizko auzo berrietan. Zabalgana eta Mariturri zentroetan tokirik ez, eta auzoko Aldaialde eskola berriaren zain daude orain guraso asko. Aste honetan Arabako Hezkuntza Ordezkari Blanca Guerrerok irrati elkarrizketa batean iragarri duenez (SER irratian), irailean abiatzeko asmoa dute, Mariturriko behin-behineko barrakoietan.
Gaur egun, bi eskola dituzte Zabalganan, Zabalgana eta Mariturri izenekoak; azkena, behin-behineko eraikin aurrefabrikatuetan kokatua. Aurten behin-betiko eraikin berrira joango dira Mariturriko ikasleak eta, beraz, barrakoiak libre utziko dituzte. Bertan jarri nahi dute martxan Aldaialde zentro berria. Irailean bertan hasteko, hain zuzen, 92 plaza eskaini ditu Hezkuntza Sailak, bi eta hiru urteko umeentzat (2013an eta 2014an jaiotakoentzat). Dagoeneko itxita dago matrikulazio epea, baina matrikula kopuruei buruz ez dute daturik eman.
Iaz, Aldaialde zentroko balizko ikasleak Sansomendiko ikastetxera eraman nahi zituen Hezkuntza Sailak, bertako ikasleak lekuz aldatuz. Familiak ez zeuden leku horrekin ados eta, arrazoi hori tartean, gutxik eman zuten izena. Aurten, hainbat familia batu dira, Zabalganako gurasoek Aldaialde aukera dezaten animatzeko, zentroa martxan jarri dadin eta umeak "urrun eta jendez gainezka dauden eskoletara eraman behar ez izateko".
Mapan, aldaketak
Hiru eskola hautatzeko aukera dute gurasoek, baina Aldaialde martxan jartzeko, lehenengo aukera bezala hautatu zutenenen eskaera baino ez zuten kontuan hartu iaz. Aurten, bigarren eta hirugarren aukera gisa markatzen dutenen izen emateak aintzat hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari. Bestalde, Gasteizko eskolen mapa aldatzea nahi dute. Lau eremutan banatuta dago, eta Aldaialderen etorkizuneko eraikina bigarren eremuaren barruan egongo da, Zabalganako gainerako zentroen beste zonalde batean, hirugarrenean baitaude besteak. Matrikulazioa egiterako orduan, puntuak eremuaren arabera banatzen dira; hortaz, Zabalganako sektore guztiak zonalde berean sartzeko eskatu dute familiek, bizilagun guztiek auzoko hiru eskoletan plaza eskatu ahal izateko.