Aldaketa klimatikoari aurre egiteko neurri zehatzak exijitu dizkiote Gasteizko Udalari

Erredakzioa 2019ko urr. 14a, 13:19
Irailaren 27an, ehunka lagun bildu ziren Gasteizen, Klimaren Aldeko Greban / Argazkia: Alea

Fridays for Future mugimenduak hiru neurri zehatz exijitu dizkio Gasteizko Udalari: Ryanair enpresa diruz laguntzeari uztea, garraio publikoa doakoa izatea eta energia berriztagarrietarako enpresa publiko bat sortzea.

Bi aste igaro dira Klimaren Aldeko Grebatik. Irailaren 27an, mobilizazio jendetsuak egin ziren mundu mailan, baita Gasteizen ere. Ehunka lagun bildu ziren Plaza Berrian, "B planetarik" ez dagoela gogorarazteko.

Egun berean, "larrialdi klimatikoa" deklaratu zuen Gasteizko Udalak. Ordutik, aldaketa klimatikoari aurre egiteko "pisuzko neurririk" ez duela proposatu leporatu diote Udalari Gasteizko FFF mugimendua osatzen duten ehunka eragilek.

Gainera, azken egunetan, Arabako Foru Aldundiak, Gasteizko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak Ryanairrekin duten hitzarmena berrizteko asmoa adierazi du. Honen aurrean, erakunde publikoek "garraiobide kutsakorrena diruz laguntzen jarraitzea ulergaitza" dela gogor salatu dute.

Udalean ordezkatutako talde politikoekin biltzeko asmoa adierazi du mugimenduak. Bileraren helburua irailaren 27an "kalean" eskatutako neurriak "lehenbailehen" martxan jartzea izango da:

  1. Ryanair enpresari ematen zaizikion diru laguntzak ez berritzea
  2. Gasteizko hiri barruko garraio publikoa dohainik jartzea.
  3. Energia berrizatagarrien produkzio eta banaketarako enpresa publiko bat sortzea.

Azken puntu honen harira, elektrizitatearen produkzioa berotegi-efektua sortzen duten gasen isurketaren "jatorri nagusietako bat" dela ohartarazi dute: "Erregai fosiletatik energia berriztagarrietarako trantsizioa lehenbailehen" egin behar dela azpimarratu dute.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide