EmART deialdiaren bidez hiru artista arabarren lana aukeratuko du ARTgia-k

Almudena Maeso artista eta ARTgiako kide Ludi Puertas / Argazkia: ARTgia

"Arabako emakume artisten lana hauspotzea" du helburu. Sari ekonomikoa eta bi erakusketa eskaintzen ditu: kolektiboa eta bakarkakoa. Hiru formakuntza saio eskainiko ditu artisten ekonomia, komunikazioa eta proiektuen aurkezpenen inguruak erdigunean jarriz.

 “Arabako emakume artisten lana hauspotzea eta mahaigaineratzea da gure helburua proiektuari heldu genionetik eta… horretan ari gara”. Horrela azaldu du Gasteizko Jose Lejarreta kalean leku hartu duen ARTgia sorgune & aretoko kide Ludi Puertasek EmART deialdiaren funtsa, Udalaren laguntzarekin burututako deialdia.  

Hiru proiektu aukeratuko dituzte eta horiek jasotzeko epea urriaren 26tik azaroaren 10a bitartean egongo da zabalik. 

“Arte bisualen, soinudun arteen eta arte eszenikoen barruan" kokatzen dute EmART, Araban "emakumeen sorkuntza gaztea sustatzeko”.  Emakume artista arabarrek sortutako artelanen "ekoizpena, erakusketa eta hedapena" sustatzen ditu deialdiak.

Bigarren aldia da deialdia abiatzen dutela eta lehen edizioan "ikasitakoa praktikan jarri" dutela adierazi dute. “Hainbat izan ziren zenbait artistek aipatu zizkiguten gabeziak", eta horregatik, aurtengo edizioan, artiston ekonomiaren kudeaketa, on line eta off line komunikazioa edota proiektuen kontzeptualizazio eta aurkezpenak landuko dituzte.

 

"Unibertsitatean jorratzen ez diren gaiak" erdigunera

24 urte dituen Almudena Maeso artistak oso argi dauka: “Unibertsitatean ez dira apenas horrelako gaiak jorratzen; ez BEZ-a, ez PFEZak… lanean hasi eta bai ala bai ezagutu behar direnak”. Horregatik, urriaren 24, 25 eta 26an hiru formakuntza saio hauek eskainiko dituzte "praktikoak eta behar-beharrezkoak diren gauzak nola egin irakasteko".

"Sinergiak elkarrizketa eta elkarlanaren bidez sortuko dira, eta, horrela, sareak eraiki ahal izango dira askotariko diziplinak jorratzen dituzten artisten artean", azaldu du Almudenak.

Bestalde, ARTgia-ko kide Ludi Puertasek azaldu du helburua "herrialdean garabidean diren emakume artistak kultura ekosistema baten erdigunean jartzea" dela.

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide