'El Silencio de la Ciudad Blanca' filmaren aurrestreinaldirako sarreren zozketa zabalik da

Erredakzioa 2019ko urr. 7a, 10:17
Belen Rueda aktorea izango da Alba komisariordea. / 'El Silencio de la Ciudad Blanca'

Urriaren 24ko 20.30ean Europa biltzar jauregian egitekoa den estreinaldira joan nahi dutenek gaurtik aurrera eman ahalko dute izena, udalaren webgunean, 010 telefonoan edo herritarrei laguntzeko bulegoetan.

Parte-hartzaileek datu hauek eman beharko dituzte: izen-abizenak, NAN edo AIZ zenbakia, posta elektronikoa eta telefonoa. Doako pase bikoitzak eskuratu ahal izateko 18 urte baino gehiago izan beharko da eta Herritarren Udal Txartela eduki.

Aste osoan zehar, urriaren 7tik 13ra arte, zabalik egongo da sarreren zozketarako izen-ematea.

“Zozketaren bidez, gure hirian filmaketa posible bihurtu zuten pertsona ugarien inplikazioa eta laguntza eskertu nahi dugu” , azaldu du Borja Rodriguezek, Partaidetzaren eta Gardentasunaren zinegotzi.

Filmeko zuzendari Daniel Calparsoro, Belen Rueda eta Javier Rey protagonistak, Mercedes Gomero eta Joaquin Padro produktoreak (Atresmediakoa eta Rodar y Rodar-ekoa, hurrenez hurren) eta liburuaren idazlea bera, Eva Garcia Sáenz de Urturi, izango dira estreinaldian bertan.

Autografoak izenpetuko dituzte eta zaletuengana hurbilduko dira, emanaldiaren aurretik, Europa biltzar-jauregiaren kanpoan jarritako alfonbra berdean.

Gainera, urriaren 24an, goizean, emanaldi berezia egingo da filmaketan parte hartu duten figurante, estra, talde, ekoizle eta gainerako laguntzaileentzat.

Udalak deituko die zozketan irabazle direnei eta Turismo Bulegoan (Plaza Berrian) jaso ahal izango dituzte doako gonbidapenak.

Zozketatzen diren sarreren kopurua "emanaldia baldintza egokienetan emateko behar teknikoak aztertu eta gero" zehaztuko dela azaldu dute antolatzaileek.

Estreinaldia

Zine aretoetan estreinatu baino egun bat lehenago ikusi ahal izango da 'El Silencio de la Ciudad Blanca' pelikula Gasteizko Europa jauregian. Ondoren, urriaren 25ean izango da estreinaldi ofiziala.

Santa Maria katedralean du hasiera pelikula, bi gazteren hilotzak agertzearekin batera. Eva Garcia Saenz de Urturi idazlearen liburua du oinarri pelikulak, 700.000 irakurle baino gehiago izan dituen liburua, ikerketa misteriotsuetan barneratzen den istorioa.

Gasteizko jaiak abiapuntu, Gasteizko Alde Zaharra, Salburuko hezegunea eta Arabako beste hainbat txokotara ere gerturatzen da kontakizuna.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide