"Joko paralinpikoetan izatea asko amestea da, baina saiatuko naiz"

Mirian Biteri 2019ko urr. 4a, 06:22

Iker Beitia Astondoa, 'Beltza' izeneko zaldiarekin, Elosun.

Zuzenak fundazioko zaldizko Iker Beitia Astondoak erronka asko ditu esku artean; tartean, datorren urtean, Tokion izango diren Joko Paralinpikoetan parte hartu ahal izatea

Txikitatik ibili da zaldi artean Iker Beitia Astondoa (Gasteiz, 1984) zaldizkoa; 12 urte zituenetik parte hartu izan du askotariko ekitazio txapelketatan. 24 urte zituenean, baina, Santanderren txapelketa batean ari zela, istripu larria izan zuen. Horrek ez zituen, dena dela, bere ametsak zapuztu, eta ospitaletik irten bezain pronto zaldi gainera igotzen hasi zen berriro ere. Gaur egun hipika egokituan dabil; maila gorenean, gainera. 

Holandan jokatutako Europako txapelketan izan zinen abuztuaren 22tik 24ra. Pozik etorri zinen, ezta? 

Bai. Helburua lortuta eta gaindituta itzuli nintzen. Joan ginen pentsatzen 65 edo 66 puntu ateratzea asko izango zela. Nazioarteko txapelketa batera joaten zarenean, normalean, emaitzak asko jaisten dira, hiru puntu edo, epaileak zorrotzagoak izaten direlako. Bestelako proba batean 66 lortzen baduzu, kasu honetan 63 aterako duzu ziurrenik. Gainera, apirilean Frantzian izan ginen; bertan, 61 atera nuen eta nirekin batera joan zirenak oraindik nota okerragoa izan zuten; eta 2017ko Europako txapelketatik ere 62 puntuarekin itzuli nintzen. Gauzak horrela, Europako txapelketara joan ginen jakin gabe nola irtengo zen; 63 edo 64 nota ona zela uste nuen. Lehen egunean, 64 lortu nuen, eta bigarrenean, 66. Egia esan, nota oso ona da niretzako eta, hortaz, oso pozik nago.

Zure errekorra haustea lortu zenuen…

Nazioarteko txapelketa batean atera dudan notarik onena da, bai, Espainia mailan altuagoak atera baditut ere. Oso gustura nago.

Desgaitasuna duten pertsonei zuzendutako zaldi-lasterketetan lehiatzen zara orain, baina beti ez da horrela izan. Bi modalitateetan aritu zara. Zer alde dago ohiko txapelketa eta desgaitasunen bat duen pertsonei zuzendutakoen artean?

Ezberdintasun bakarra da desgaitasuna duten pertsonei maila baxuagoa eskatzen zaiela.

Esango nuke, agian, epaileak ez direla hain zorrotzak eta ez dutela horrenbeste eskatzen. Baina, hala ere, egin behar dena oso ondo egin behar da; zailtasunak dituzunez, ez zaituzte barkatzen. Bestela, eskatzen dena berdina da bata eta bestean. Desgaitasun bat ez duten pertsonek ez dute inongo arazorik, beraien gorputzean dena ongi dago; eta, gure kasuan, batek ez dauka besorik edo eskurik edo beste bat ezin da mugitu. Eta hori ezin da berdin baloratu. 

Hipika egokitutako txapelketak maila ezberdinetan daude banatuta. Zuk zeuk zer mailatan parte hartzen duzu?

Laugarrenean. Denera, bost maila daude, desgaitasunaren arabera. Lehenengo mailan, desgaitasun handiena duten pertsonak daude; eta bosgarrenean, gutxiena. Txapelketetan parte hartu aurretik, azterketa mediku bat egin behar duzu, eta horren arabera, maila batean edo bestean sartzen zaituzte. Emaitza hori izan daiteke behin betiko edo berrikusi daiteke. Nire kasuan, hasiera batean, bosgarren mailan jarri ninduten, eta 2010ean, Portugalera joan nintzenean txapelketa batera, laugarrenera jaitsi ninduten. 2017an berriro ere egin nuen azterketa eta maila horretan baieztatu ninduten betiko. 

Zelan moldatzen zara gaur egun zaldi gainean? 

Nahiko normal. Orekarekin arazoak ditut eta Garbiñe arrebak laguntzen nau. Bera ere zaldizkoa da, txapelketetan parte hartzen du. Batera goaz.

Beti ez duzu desgaitasuna duten zaldizkoen lehiaketetan parte hartu. Izan ere, orain dela 11 urte zaldiarekin txapelketa batean parte hartzen ari zinela, istripu larria eduki zenuen eta arrastoa utzi zizun. Nola animatu zinen berriro ere zaldi gainera igotzera?

Ospitalean nengoenetik oso argi nuen berriro ere zaldi gainera igo nahi nuela. Hortaz, abuztuan ospitaletik atera nintzen eta urtarrilean gainean nengoen. Hasiera, egia esan, oso gogorra izan zen; egunero zaldi gainera igo eta negarrez jaisten nintzen. Gaizki sentitzen nintzen; baina ez beldurra nuelako, baizik eta ezin nituelako gauzak lehen bezala egin. Ez nintzen berdin sentitzen. Ezin nintzen bakarrik igo, ez nuen trostan ibiltzen. Eta nire buruari galdetzen nion ea bizitza osoa horrelakoa izango ote zen. Baina, poliki, gero eta gehiago ibiliz eta esfortzu handia eginez, hobetzen joan naiz eta lortu dut. Baina, saiatu egin behar zara.  

Ez duzu zaldiarekiko konfiantza galdu?

Inoiz ez. Errespetua hartu diot baina beldurra ez.

Ospitalean nengoenetik argi nuen ez niola beldurrik izango, eta horrela izan da. Are gehiago, nik uste dut zaldiak osatzen lagundu nauela. Jendeak pentsatu dezake zaldi gainean ez dela ariketa fisiko asko egiten, baina oker dabil. Ariketa fisikoa egiten duzu zuzen mantendu behar zarelako eta gorputz osoko atal guztiak posizio jakin batean egon behar direlako jarrita. Horrek asko lagundu nau, oreka arazoak ditudalako eta zaldiak zuzen eta geldi egotea eskatzen dizunez, oso lagungarria izan da. Agian beste batzuentzat ez, baina niretzako behintzat oso garrantzitsua da. 

Zaldi gainean ibiltzeaz gain, bestelako ariketa fisikorik praktikatzen al duzu? 

Bai. Astean, bost egunetan nago zaldiarekin. Horrez gain, astean behin, igeriketa egitera noa, eta beste hirutan, gimnasiora. Ariketa mota ezberdinak egiten ditut. Txakurrekin ere irteten naiz mendira. Ez naiz geldi egoteko jaio.  

Horri guztiari lana gehitu behar zaio…

Zoritxarrez kirol jarduera honetarako ez dago laguntza ekonomikorik.

Pentsa, txapelketa batera joan behar naizenean opor egunak hartu behar ditut lanean; eta arreba nirekin doanez, bera ere egoera berdinean dago. Dagoeneko ia ez zaigu opor egunik geratzen. Lan egin behar dugu, eta astean zehar gelditu barik egoten naiz. Egunero, 05:30ean jaikitzen naiz, 07:00etan Gasteizen lanean egon ahal izateko; Elosun bizi naiz eta hortaz, mugitu behar naiz. 15:00etan, lanetik irten, etxera itzuli eta bertako gauzak egin ostean, Etxebarri Ibiñara noa, han dago eta txapelketetarako erabiltzen dudan zaldia. 22:00ak arte edo ez naiz berriro ere etxera itzultzen. 

Egoera horrek, baina, ez dizu txapelketetan parte hartzeko gogorik kendu. Iaz Zuzenak klubean sartu zinen. Zer asmorekin?

Hasierako asmoa zen dirulaguntzak eskatzea. Horretarako desgaitasun fisikoa duten pertsonen kirol federazioarekin jarri nintzen kontaktuan; erantzun zidaten ezin zidatela lagundu hipika egokitua ez dagoelako federazio horretan sartuta; desgaitasun fisikoa ez duten pertsonen federazioaren barne dago. Zuzenak klubera jotzeko esan zidaten. Pozik hartu ninduten han, hipika egokitua egiten zuen bestelako kirolaririk ez zutelako; gehienak, errugbian eta saskibaloian aritzen dira. Lizentziak ordaintzen laguntzen didate, eta lan burokratiko guztia ere beraien esku utzi dut. 

Zeintzuk dira etorkizunera begira dituzun erronkak? 

Datorren urtean, nazioarteko bizpahiru txapelketatan parte hartzeko asmoa dut. Ekainean, gainera, Espainiako txapelketa izango da, eta bertan ere badut lehiatzeko asmoa. Urrezko dominaren bila joango naiz berriro ere; orain arte bi bider irabazi dut. Eta abuztu eta iraila artean, Joko Paralinpikoak jokatuko dira Tokion. Han izatea asko amestea da baina agian lortu daiteke; ez da erraza izango baina saiatu, behintzat, saiatuko naiz. Eta datorren urteko jokoetan ez bada, hurrengo batean izango da. Fisikoki ondo zauden bitartean, lehiatzen jarraitzeko aukera ematen duen kirol jarduera da hipikarena, eta beraz, denbora dago oraindik. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago