Egitasmo berria aurkeztuko dute larunbatean, hilaren 14an, Mulixka dantza taldeak eta Iñaki Palacios musikariak. Oraingoan harria hartu dute oinarri moduan, eta bide horretan Iñaki Perurena harrijasotzailearen parte-hartzea izan dute. Mulixka taldeko presidente Josu Sanchezek (Gasteiz, 1986) proiektuaren nondik norakoak zabal azaldu ditu datozen lerroetan.
'Harria'. Zertan datza zehazki?
Izenburuak dioen moduan, harriaren inguruko ikuskizuna da; berez, musika, dantza eta ahotsa uztartzen dituena. Harriari buruzko istorio bat kontatuko dugu, mezu bat ere baduena: harriak uste duguna baino askoz gehiago eman eta ematen digu eta asko zor diogu. Iñaki Palacios txistulari eta musikagileak bere konfiantzazko musikariekin egin ditu emanaldiko abesti guztiak; bertan, hainbat musika tresna txertatzen ditu: trikitixa, harrizko txalaparta, gitarra, baxua, bateria eta txistua.
Zenbat abestik osatzen dute ikuskizuna?
Guztira, hamabi kantu ditu, eta ordubete inguruko iraupena izango du. Horien koreografia nik neuk egin ditut, dantzaria eta koreografoa naiz eta. Pieza horien bitartez, hainbat gauza erakutsiko ditugu: batzuetan istorio laburrak kontatuko ditugu eta beste batzuetan dantzaren bitartez harriarekin lotutako herri kirolak erakutsiko ditugu, adibidez. Horretarako, Mulixka dantza taldearen parte-hartzea izango dugu; denera, hamalau dantzari igoko dira larunbatean Foru plazako agertokira.
Zergatik aukeratu duzue harria?
Proiektu bat martxan jarri aurretik, Palacios eta biok elkartzen gara beti. Kasu honetan, sustraietara jo nahi genuen, kulturaren inguruan hori delako gure mundua.
Ideia zaparrada bota genuenean konturatu ginen gure kulturan harria betidanik egon dela presente.
Iñakik esaten duen bezala, jaiotzen garen momentutik hil eta hilerrira joan arte, harriari gaude lotuta. Modu horretan atera zen lehen ideia. Jarraian, horri forma emateari ekin genion, eta proiektu honetarako ezinbestekoa ikusten genuen harria modu berezian maite duen pertsona bat izatea ondoan.
Iñaki Perurena harrijasotzaile, aktore, eskultore eta bertsolaria da pertsona hori. Zer paper betetzen du leitzarrak?
Ikuskizunaren ildoa jarraituko duena da, bere olerki propioak botaz. Gehienek harriarekin lotura zuzena dute, eta horietako asko harriari zuzenean hitz egiten dioten olerki hunkigarriak dira. Proiektuari forma ematen hasi ginenean, berarekin jarri ginen kontaktuan, Leitzarantz abiatu ginen Palacios eta biok eta hasieratik interes handia erakutsi zuen. Harriari asko zor ziola eta harriagatik oraindik ere asko egin ahal zuela azaldu zigun. Guretzako oso garrantzitsua da erakutsi duen inplikazioa, berak harriaren beste ikuspegi bat erakutsi digulako; berari esker, harria beste modu batera ulertzen dugu orain, eta hori da, hain justu ere, ikuskizunean daukagun helburuetako bat. Jendeak harria beste modu batera ikusi dezala; Iñaki Perurenak harriarekiko duen ikuspuntua zabaldu nahi dugu.
Hamaika saltsan sartuta dagoen pertsona da Perurena. Galdetu al diozue horrelako egitasmo batean parte hartu izan duen aurretik?
Gauza puntualen bat bai, baina ez zen ikuskizun bat bere osotasunean, azaldutakoaren arabera; noizean behin parte hartu duen proiektu solteak izan dira. Guk istorio bat kontatzea proposatu genion, bera oinarri izanda. Mila saltsatan sartuta dabilenez, ezetza espero genuen, baina ilusionatu egin zen eta momentuan bertan, aurrez aurre, baiezkoa eman zigun. Guztiz harrituta eta eskertuta geratu ginen.
Zenbat denbora eman duzue proiektu honetan?
Aurrekoetan baino denbora gutxiago. Urtebeteko prozesua izan da; gogorra, ez zaigulako gustatzen larregi luzatzea eta buru-belarri jarri garelako egunero horren atzetik. Arazoren bat edo beste eduki badugu ere, lantaldea zoragarria da eta erraz joan da guztia. Harro gaude lantalde osoaz.
Nolako koreografiak prestatu dituzu?
Nahiko berritzailea naiz eta koreografiei ukitu freskoa ematen saiatzen naiz. Euskal dantza tradizionala izango dute oinarri, noski; baina, badaukate, baita ere, ukitu ikusgarria eta erakargarria. Gorabehera handiko ikuskizuna da, denetarik dago. Batean harria omentzen dugu, aurresku eta ezpata-dantza antzeko dantza ezberdin batekin, eta ikuskizunari toki serioa emango dio horrek. Bestetik, festa giroko koreografiak daude, dibertigarriagoak direnak. Harri-zulatzaileekin beste koreografia bat dago, perkusioa, kolpeak eta indarra oso ondo uztartuta dituena. Eta askoz gehiago ez dut kontatuko.
Ikuskizuna oinarri izanda, diskoa ere prestatu duzue. Nola lortu duzue bertan islatzea?
Ez da egiten dugun lehenengo aldia. Guretzako ikuskizuna da garrantzitsuena, baina egia da hori plazan geratzen dela eta pena ematen digu. Koreografiak grabatzea ez genuen ikusten, benetan zuzenekoa izan behar duelako, nire ustez. Musikarekin ez da berdina gertatzen, zuzenekoetan bere magia eta xarma badauka ere.
Zuzeneko ikuskizun horren oroigarri bat behar genuen, eta kasu honetan disko bat grabatzea pentsatu genuen.
Palaciosek sortutako hamar kantu grabatu genituen, Baga-Biga disketxearekin. Argazki bilduma eta Perurenaren olerki batzuk ere jaso ditugu lan horretan. Ziur nago musika entzuten duenari ikuskizuneko koreografia etorriko zaiola burura. Oso emaitza polita atera da.
Dagoeneko salgai al dago?
Ikuskizunarekin batera jarriko dugu salgai, larunbatean. Estreinaldia amaitzerakoan jendeak eskuratzeko aukera izango du. Hortik aurrera, hainbat lekutan jarriko da salgai.
'Harria' baino lehen antzeko ikuskizunak sortu dituzue; 'Lurra, ardoa, dantza' tartean.
Lehena da hori. Arabako Errioxa izan genuen ardatz. Askotan joan izan gara hara dantzatzera, eta hango kultura ikusita dantza bat merezi zuela pentsatu genuen. Lehenengo, ardoaren dantza sortu genuen, eta izandako arrakastaz jabetuta, ordubeteko ikuskizuna egin genuen. Mulixka taldea sortu gabe zegoen eta dantzariak han eta hemendik bilatu behar izan genituen. Orain dela bi urte aurkeztu genuen egitasmoa, eta oraindik horrekin gabiltza; azken emanaldia, Marques de Riscal upategian izan da. Lan horrek izandako harrerak bultzada izugarria eman digu ikuskizunak egiten jarraitzeko.
'Lurra ardoa dantzan' Gasteizko Principal antzokian aurkeztu zenuten. Harria aurkezteko, baina, Foru plaza aukeratu duzue. Zergatik?
Kalean egitea eta Foru plaza aukeratzea ez da kasualitatea. Foru plaza ikustean berehala jabetzen gara zergatik aukeratu dugun leku hori: harriz eginda egoteaz gain, herri kirolak ere egiten dira bertan. Anekdota bat badut horren inguruan: Perurenari jakinarazi genionean bertan egingo genuela estreinaldia berak esan zigun bere lehenetariko plaza izan zela hori ere harriak altxatzen eta gustatuko zitzaiola berriz ere itzultzea.
Larunbatean estreinaldira joaten denak zer ezberdintasun topatuko ditu ikuskizun bat eta bestearen artean?
Desberdintasunak eta berdintasunak daude. Berdintasunei dagokionez, Mulixka dantza taldea eta ahozko olerkien estiloarekin jarraitzen dugu. Baina, gaiaz aparte, koreografiak eta musika oso ezberdinak dira. Palacios txistularia bada ere, beste musika tresna batzuk sartu ditu eta hori nabaritzen da. Mulixka dantza taldeko zeinua ikusiko dute, Iñaki Palaciosen musika hori, baina ikuskizun berria da; ez da birziklatutako zerbait.
'Idiazabal' dantzarekin ere arrakasta handia izan duzue.
Ziurrenik gehien dantzatu dugun dantza da; arrakasta handia izan duen koreografia bat da. Baina ez da besteak bezain berritzailea; dantzen aldetik, tradizionalagoa da.
Guzti honen atzean Mulixka dantza taldea dago. Oso denbora gutxian sortutako taldea.
Hala da. 2016aren amaieran sortu zen; bi urte pasatxo daramatzagu. Handik eta hemendik hartutako dantzariez osatuta dago. Bakoitzak beste dantza talde batean dantzatzen du eta horrek asko esaten du: zure dantza taldearekin horrenbeste ordu pasa ostean, denbora gehiago ateratzea Mulixkarekin dantzatzeko; izugarria da dantzari horien inplikazioa. Hortik dator gero emaitza.
Horrek esan nahi du osasuntsu daudela euskal dantzak Araba mailan.
Hori da. Harro egon gaitezke, agian alde kuantitatiboan ez horrenbeste, baina bai kualitatiboan. Gero eta hobeto dantzatzen da Araban, eta poliki bagabiltza dantza plazara zabaltzen.
Horixe da, hain justu, Zabaldantzan proiektuaren helburua ezta?
Hala da. Dagoeneko hiru urte daramatzagu egitasmo horrekin dantza zabaltzen, Gasteizko Zabalgana auzoan. Hilean behin elkartzen gara eta adin ezberdinetako pertsonei bideratuta dago. Gero eta jende gehiago hurbiltzen da eta hori poztekoa da.
'Harria' oraindik ere estreinatu gabe baldin baduzue ere, baduzue dagoeneko beste ideiaren bat buruan?
Proiektu berri batekin jartzen garenean, ideia zaparrada botatzen dugu lehenengo, eta ideia horiek ez dira hor geratzen. Beti dira berreskuragarriak. Momentu honetan sustraietara jo nahi genuen eta horrela egin dugu. Orain ez gabiltza horretan pentsatzen baina gogotsu gabiltza, ilusioz, eta ideiak badaude.
Larunbateko emanaldiaz gain, baduzue dagoeneko bestelako hitzordurik itxita?
Ez. Lurra, ardoa, dantza lanarekin bezala egingo dugu kasu honetan ere. Lehenengo, estreinaldia egingo dugu, eta gero, gerokoak.