Mugikortasunaren astea hastear dela, eta hiriak Global Green City Award izeneko saria jaso duen honetan, Gasteizek atzera egin du mugikortasunaren alorrean. Hala uste du bederen Gasteizko Bizikleteroak taldeak; egoera zuzentzeko hiritarrei hitza eman zaiela babestu dute. Maiatzean utzi zioten Mugikortasun Foroan parte hartzeari, Udalarekiko desadostasun handiak tarteko. Foro horretako 23 saiotan parte hartu eta gero, "engainatuta" sentitzen direla azaldu du taldeko kide Diana Paniaguak. Lan asko egin arren, eragileak dio parte hartzeko aukerarik ez dutela izan.
Haren aburuz, gaur egun Gasteizen "benetako hondamendi urbanistikoak" gertatzen ari dira, eta Salburua eta Zabalgana jarri ditu horren adibide. "Hor benetako autobideak ditugu. Bestalde, urte bakoitzeko 4.000 bat istripu baino gehiago ditugu, eta 150 bat harrapatze". Hirian 11.000 etxebizitza huts daudela ere gogoratu du. Hori konpondu baino, hiriaren tamainagatik beharrezkoak ez diren "proiektu garestietara" jo dutela dio Paniaguak.
Alternatiben beharra
"Zaurgarrienak" babesteko beharra dagoela dio: bizikletak eta oinezkoak. "Hori egin dezatela lehenik, eta gero eros dezatela Rolls Royce bat, nahi badute". Udalak tranbiaren eta bus elektrikoaren aldeko apustua egin duen arren, horrek ez omen du arazoa konponduko. "Lana, eskola eta banaketa. Hiru faktore horietan oinarritzen da autoen mugikortasuna. Eta horretan ez tranbiak ezta bus elektrikoak ere ez dute laguntzen". Bizikletaren aldeko apustua egiteko deia egin du. "Baina argi dago bidegorriak ez direla negozioa eraikuntzaren alorreko enpresa handientzat".