Europa mailako ekimena, "elkarrekin ibiltzeko"

Erredakzioa 2019ko ira. 16a, 06:00
Bizikletaren erabilera sustatu nahi du Udalak. / ALEA

Hiria duela hainbat urte nolakoa zen irudikatuko dute Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen barruan. Gasteizen zehar mugitzeko "bide jasangarriagoa" sustatu nahi du Udalak.

Gaur hasita, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen 20. edizioa egingo dute Gasteizen. Europako 1.900 hiritan baino gehiagotan egiten da ekimena, Elkarrekin ibiltzen leloarekin. Auto pribatuaren "erabilera gutxitu" eta mugitzeko "bide jasangarriagoa" bultzatzea du helburu, bai garraio publikoa edota bizikleta bezalako alternatibak indartzeko.

Iaz hasitako esperientzia errepikatuta, duela hainbat urte hiriaren itxura nolakoa zen gogoratzeko antzezpen antzeko bat prestatuko dute. Iaz Dato kalearekin egin zuten, eta aurten Jesusen Zerbitzarien Fundatzailearen kalean egingo dute. Andre Maria Zuriaren plazan gaiari buruzko 'ihes-areto' bat prestatuko dute, eta EHUko campusean bizikletaren ikuskaritza teknikoa egiteko postu bat jarriko dute. Astean zehar, berriz, Egibideko ikasleek adinduekin arituko dira gaiaren bueltan, belaunaldi arteko mintegi batean.

Jardunaldiei dagokienez, Goiuri jauregian Ekintzailetza eta mugikortasuna izeneko jardunaldia egingo dute hilaren 19an. Biharamunean "mugikortasunaren aldeko ostirala" izango da, eta Egibideko gazteek ikasitakoa gainerako herritarrekin konpartituko dute, elkarretaratze batean. Gauez, berriz, bizikleta ibilaldia prestatu dute, Floridako kioskoan hasita. Azkenik, irailaren 21ean Hiria nire autoa gabe eguna deitu dute instituzioek, eta San Frantzisko kalean hainbat mintegi eskainiko dituzte. Bestetik, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua oinezkoentzako bihurtzeko proiektua aurkezteko baliatuko dute larunbata. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide