Elkartasun Astea antolatu dute 11/2013 sumarioko epaiketa salatzeko

Erredakzioa 2019ko ira. 3a, 15:39
5ak Gasteizen dinamikaren aurkezpena. ALEA

Irailaren 16an hasiko da euskal presoen eskubideen alde jardun duten hainbat eragileren kontrako epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean; bost arabarrak dira.

Herrira mugimenduan ibilitakoak, Jaiki Hadi eta Etxerat elkarteetakoak, bitartekariak eta euskal presoen abokatuak dira irailaren 16an hasiko den 11/2013 sumarioaren barruan epaituko dituzten euskal herritarrak. Horien artean bost arabar daude: Nagore Lopez de Luzuriaga, Ane Zelaia, Gorka Gonzalez, Egoitz Lopez de Lacalle eta Izaskun Abaigar. Bada, epaiketa salatzeko eta auzpieratuei elkartasuna adierazteko Elkartasun Astea martxan izango da asteazkenetik aurrera, Gasteizen.

Hala, asteazkenean bertan, irailaren 4an, Asier eta biok filmaren proiekzioa antolatu dute 5ak Gasteizen plataformako kideek, Florida zinemetan. Aurretik, 20:00etan, filmaren zuzendari den Amaia Merinorekin eta Asier Arangurenekin solasaldia izango dute.

Kulturatik ere, elkartasuna

Hurrengo egunean, irailaren 5ean, Kultura, elkartasunez blai! ekimenak hartuko ditu hiriko hainbat txoko; eta 19:00etatik 22:00etara dozenaka sortzailek auzipetuei elkartasuna adierazteko jarduera anitz prestatu dituzte. Hala, Aldabe Plazan, Noname eta Ziklone musika taldeek joko dute, eta halaber, Andere Arriolabengoa, Aroa Arrizubieta, Paula Amilburu eta Ruben Sanchez bertsolariek bertso musikatuak eskainiko dituzte. Gaztetxean, berriz, Prospectus Antzerkiak irekiko du programa, 19:30ean, eta bertso musikatuetan Izar Mendiguren, Unai Anda, Iñaki Viñaspre eta Oihane Perea arituko dira. Ondoren, 21:00ak aldera, Tara eta Hiena taldeek kontzertua eskainiko dute. Aldi berean, Foru Plazan, artelan musikatua, antzerkia, poesia musikatua, dantza garaikidea eta akrobaziak izango dira. Santa Lucia auzoan ere izango da zer ikusi. Izan ere, Pepe Ubis plazan, poesia musikatua eta antzerkia egongo dira, Nisuneren eskutik; eta La Pulga eta Iramo musika taldeek kontzertua eskainiko dute bertan. Azkenik, Zabalganako Bastida plazan, musika klasikoarekin eta jazzarekin abiatuko da arratsaldea. Jarraian, Jare dantza taldeak dantza plaza gidatuko du bertan; eta, Begi Truk eta Piztu Punk taldeen kontzertuarekin emango zaio amaiera eguneko egitarauari.

Elkartasun Astearen barruan ere "motxiladun umeen" egoera salatu nahi dute antolatzaileek. Horretarako, irailaren 6an, Porrotx, Ane Gebara ipuin kontalaria, Txiki zirkua eta Basakatuak musika taldea elkartuko dituzte, Salburuko ekialde parkean, 17:30etik aurrera.

Amaitzeko, larunbatean, irailaren 7an, mobilizazioa deitu du 5ak Gasteizen plataformak, 19:00etan, Andre Maria Zuriaren plazan. Irailaren 14an Bilbon egingo den manifestazio nazionalaren atariko elkarretaratzea izango da hau.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide