Astelehenean hasiko dira Espainiako Bankuaren inguruko lanak

Erredakzioa 2019ko irailaren 1a

Espainiako Bankuaren inguruko kaleak berrantolatuko dituzte. / Udala

Hamaika hilabeteko epean egingo dituzte lanak; egungo zoladura aldatu eta oinezkoentzako lekua irabaziko da, besteak beste.

Astelehenean hasiko dira Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroaren ingurua hobetzeko proiektuaren lanak. Udaletik jakinarazi dutenez, bost kaletako espazioa berrantolatuko dute lan hauekin: egungo zoladura aldatuko da, berritu egingo dira instalazio eta zerbitzuak, oinezkoentzako lekua irabaziko da eta hobetu egingo da Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna, igogailu eta eskailera mekaniko berrien bitartez. 11 hilabeteko epean egingo dituzte lanak, 2,1 milioi euroko inbertsioarekin.

Lan hauekin Arkupeen alboan dabilen trafikoa desagertuko da. Oinezkoentzako izango da gune hori, eta ostalaritza-terrazetarako gunea sortuko da bertan. Trafikoarentzako beste bide bat sortuko da Gobernuaren Ordezkariordetzaren eta Oroitzapenezko Zentroaren artean, Gernikako Estatutuaren kaletik. Beste aldaketa handi bat izango da Gernikako Estatutuaren kalean: trafikoarentzako bide berriaz gain, Erdi Aroko hiriguneko irisgarritasuna hobetzeko bi elementu aurreikusten dira bertan. Batetik, edukiera handiko igogailu panoramikoa, 5,45 metroko gorabehera gainditzeko. Eta igogailuaren alboan eskailera mekanikoak ere instalatuko dira, igotzeko eta jaisteko alda banarekin, bakoitza metro bat zabal. Orduero 6.000 pertsona eramateko gaitasuna izango du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago