Isaac Puenteren omenez oroigarri bat jartzea proposatu du EH Bilduk

Erredakzioa 2019ko abu. 30a, 10:47
Espainiako Bankuaren inguruko lanak hasiko dira astelehenean. / Alea

Espainiako Bankuaren inguruko erreformarekin batera paratu dezatela eskatu dute.

Espainiako Bankuaren eta Aldaparen inguruan egin beharreko erreformak Isaac Puenteren omenez oroigarri bat izan dezala proposatu du EH Bilduk. Mozio baten bitartez aurkeztu dute, bere desagerpena eta hilketaren urteurrenaren bezperan. Puente Maeztun atxilotu zuten 1936ko uztailaren 28an bertako medikua zenean. Hortik Gasteizko Laz Paz espetxera eraman zuten eta bertan pista galdu zitzaion abuztuaren 31 eta irailaren 1eko goizaldean. Mediku anarkista eta CNTko militante oso esanguratsuak 1933an Komunismo libertarioa eta beste aldarrikapen intsurrekzionalak idatzi zuen.

"Abanto Zierbena udalerri bizkaitarreko herri batean jaio bazen ere, oso lotura estua izan zuen Gasteiz eta Arabarekin Isaac Puente Amestoyk", azaldu du EH Bilduk ohar batean. 1911n Gasteizera heldu zen batxilergo azken bi ikasturteak egitera Gasteizera etorri zelako familia osoa. Bertan, San Frantzisko Aldaparen bigarren zenbakian bere aitak Puente Botika zabaldu zuen eta oraindik orain bere oinordekoek lanean jarraitzen dute botika historiko horretan. Ikasketak amaitu ostean eta Errioxako herri batean egonaldi labur bat eman ostean, 1919tik bere desagerpenera arte Maeztuko mediku titularra izan zen.

EH Bilduren ustez, "hiria zorretan" dago Puenterekin eta batez ere, "berak irudikatzen duenarekin oraindik desagertuta dagoelako". Hori dela eta, inguru horretako erreformak bere irudia gogoratuko duen oroigarri bat izan behar duela ulertzen du eta oroigarri horrek bide ertzetan dauden desagertuak gogoratzeko ere balio behar duela. "Isaac Puenteren memoria aldarrikatu nahi dugu eta berarekin batera, epaiketarik gabe eraildako eta desagertuak dauden Arabako biktima guztiena", nabarmendu du EH Bildu Gasteizko zinegotziak, Rocio Viterok.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide