Bueltan da urteroko hitzordua, ohiko elikadura gustuko dutenentzako aproposa. Azokaren bitartez "hiri inguruko biztanleei Araban lantzen, hazten, egiten eta transformatzen diren nekazaritza eta abeltzaintza produktuen ugaritasuna eta aberastasuna" erakutsi nahi dute, Arabako Diputazioaren hitzetan. Horrez gain, landa garapenean "nekazariek eta abeltzainek duten garrantzi soziala baloratu" nahi dute.
Ohi bezala, unibertsitate campusean egingo dute azoka, 10:00etan hasita eta 14:30ak arte. Erdiko karpan, Slow Food Araba elkarteak antolatutako jarduerak bildu dituzte. Bertan bi lantegi egingo dituzte. Horietako bat haurrei zuzenduta egongo da "Zeure gorputza, bizitzaren etxea" izenpean. Nagusiei begira, berriz, "Janari osasungarriak egiten ikasi" izeneko lantegia eskainiko dute. Goizaren amaieran, eguneko saltoki onenari saria emango diote.
Iaz lekaleei protagonismoa eman zieten arren, aurten Mendialdea hartu dute gai berezitzat. Hala, kuadrilla horretako "produktu, tradizio eta pertsonen erakusketa" egingo dute, eta dastaketa ere Mendialdeko produktuekin egingo dute. Rene Cassin eta Justo Velez de Elorriaga kaleetan, berriz, azoka beraren espazioa izango da. Bertan 50 ekoizle inguruk haien produktuak salduko dituzte.
Denetarik egongo da bertan, Diputazioak produktu motaren araberako kuotak ezartzen dituelako. Barazki eta lekaleekin batera, gazta, ogia, gozokiak, alkohola eta haragia salduko dituzte. Gehienak, nekazaritza ekologikoaren arauen arabera sortutako produktuak izango dira, foru erakundeak ENEEK Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluan izena emanda duten ekoizleak lehenetsi dituelako. Bestelako ekimenak ere prestatu dituzte: produktuen dastaketa, herri kirolen erakustaldia Badaiotz taldearen eskutik, "eko" saski baten zozketa eta show cooking-a edo sukaldaritza erakustaldi bat. Sagardoari eskainitako gunea ere izango dute, eta musikarekin alaituko dute. Abereei dagokienez, 6 espezie eta 13 arraza erakutsiko dituzte aurten. Ekografia bitartez, interesa dutenek jakin ahal izango dute ardiren bat ernalduta ote dagoen. Bestetik, aurten ez da egongo nekazaritza makineriari buruzko erakusketarik.