Ikusgai dago autobus elektriko adimentsua

Erredakzioa 2019ko ekainaren 20a

Argazkia: Gasteizko Udala.

2020tik aurrera zerbitzua emango duen ibilgailu modeloa aurkeztu dute goizean.

Aurkeztu duten autobus elektriko adimentsuak Gasteizko 14 auzo konektatuko ditu puntuko teknologia duten eta %100 elektriko diren Irizar etxearen ieTram 13 autobusen bitartez.  

Tuvisak Agirrelandan dituen instalazioetatik abiatu da ibilgailua, Europa jauregira joateko eta bertan hartu ditu lehenengo bidaiariak: komunikabideak eta agintariak. Handik Urrezko Zeledonen plazarantz joan da, eta han egongo da aparkatuta gaur, egun osoan (20:00ak arte), eta bihar, 10:30etik 14:00etara.

Herritarrak autobusera igo daitezke eta dituen aurrerapen teknologikoak zuzenean ezagutu. Aldunditik, dena dela, jakinarazi dute oraindik hobekuntza eta aldaketaren bat egin beharko dela azkenean Gasteizen zerbitzua emango duen autobusaren behin betiko osaera eta diseinuan. Izan ere, egun hauetan Gasteizera ekarritako modeloa munduan barrena erakutsi ohi duen modelo estandarra da.

Gasteizko Udalak maiatzaren amaieran sinatu zuen kontratua Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKSek eratutako aldi baterako enpresa-elkartearekin, sistema hori ezartzeko. Jaurlaritza, Diputazioa eta Gasteizko Udala lankidetzan aritu dira 35 euroko inbertsioa duen proiektua gauzatzeko. Lakuak % 65 finantzatuko du; eta Aldundiak eta Udalak, %15 bakoitzak. Sistema ezartzeko lanak Andre Maria Zuriaren jaien ostean hasiko dira, abuztuko bigarren hamabostaldian.

 

Erlazionatuak

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago