2020ko udan jarriko dute martxan bus elektrikoa

Juanma Gallego 2019ko eka. 6a, 06:00
Irizarrek egingo ditu datorren urtean Gasteizen izango diren bus elektriko berriak. / IRIZAR

Linea periferikoa ordezkatuko duen bus elektriko "adimentsua" 2020ko abuztuan martxan nahi du Gasteizek, Irizarrek gidatutako enpresa-elkarte batekin zerbitzua abiatzeko kontratua sinatuta.

2020ko udan Gasteizek bus elektrikoa izango du. Hori da bederen Udalaren xedea, aspaldiko egitasmoa gauzatzeko kontratua sinatu duelako orain BEI 0 Emisiones aldi baterako enpresa-elkartearekin. Tuvisak kudeatuko du zerbitzua, eta administrazio publikoek 44,7 milioi euro gastatuko dute egitasmoan: Jaurlaritzak emango du diru gehien, %65, hain zuzen, eta gainerakoa Udalak eta Diputazioak ordainduko dute, erdibana:  %17,5 bakoitzak.

Zehazki, BEA Bus Elektriko Adimentsua izena eman diote garraiobide berriari, eta funtsean orain dagoen L2 linea periferikoak egiten duen ibilbidea egingo du, baina baterietan oinarritutako energiaz bultzatuta. 

Guztira 13 bus izango dira, bi tamainatan:  txikienek 12 metroko luzera izango dute, eta bertan 65 lagun sartuko dira, horietatik 21 eserita. 18 metrokoetan, berriz,  100 lagun sartu ahal izango dira, 30 eserita. Azken hauek, noski, artikulatuak izango dira.
Ibilgailu berriek 10 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta busetan sartzeko 24 geldiune egongo dira. Udalak ziurtatu du maiztasuna 8 minutukoa izango dela.

Sinatu duten kontratuaren arabera, 65 asteko epea dago zerbitzua martxan jartzeko. Hortaz, 2020. urteko abuztuan martxan egon beharko da, baina bestelako epeak ezarri dituzte esleipenean. Adibidez, udal teknikariek azaroan balioztatu beharko dute lehen prototipoa, eta datorren urteko otsailaren amaieran karga sistema prest egon beharko da. 2020ko ekainean, berriz, ticketak banatzeko makinaria izango da eta abuztuan hasiera emango diote zerbitzuari.

"Puntako teknologiako ekipoak izango dira, berritzaileak, eta erosoagoak, herritarrentzat", adierazi du Udalak, prentsa ohar batean.
Tranbian bezala, ticketak kanpoaldean balioztatu beharko dira.Barruan ibilbideari buruzko hiri pantaila izango dituzte eta USB kargagailuak. Bestalde, geldiunetara hurbiltzen laguntzeko, gidariek gidatze sistema automatikoa izango dute, zintarriaren eta ibilgailuaren arteko distantzia "txikiena" izan dadin. Atzerako ispiluak beharrean, busek kamerak izango dituzte.

Mendizorrotzean eta Zaramagan karga bizkorrerako gune bana egongo dira, eta ibilbidean zehar  3,5 metroko luzera duten errei bereziak izango dituzte, hainbat puntutan bus elektrikoak lehentasuneko erreia partekatu  beharko badu ere.

Aldaketak hirian

Ibilbidea behar berrietara egokitzeko, hirian hainbat esku-hartze egingo dituela iragarri du Udalak, eta horietako batzuk aurreratu ditu. "Batzuetan, biribilguneak zeharkatuko dituzte, orain lorategi itxura duten lekuetatik. Esku-hartze handiagoak ere aurreikusi dira; esate baterako, Esmaltazioen inguruan, bi biribilgune batu eta biribilgune handi bat egingo baita", zehaztu du Udalak. Tranbiak dituen markesinaren antzekoak izango dira geltokiak, eta bertan txartelak erosteko eta balioztatzeko aukera egongo da.

Irizar E-Mobility, Yarritu eta LKS enpresek osatzen dute kontratua eskuratu duen enpresa-elkartea, eta CAFek aurkeztutako bigarren proposamenaren gainean nagusitu da. CAFek aurkeztutakoa merkeagoa bazen ere, udal teknikariek bestelako irizpideak lehenetsi dituzte, esleipenari buruzko agirietan ikus daitekeenez. Adibidez, Irizarrek "lanen programazioan" eskuratu ditu puntu gehien (zortzi puntu; bost eskuratu ditu CAFek), eta "diseinu berritzaile eta abangoardiakoa" atalean sei  puntu eskuratu ditu (CAFek, 4). "Asistentzia teknikoan" eta "gidatze sistema automatikoan" ere nagusitu da Irizar. Karga sistemari dagokionez, baina, Irizarren proposamenak puntuazio txikiagoa eskuratu du (puntu bakarra, CAFen 2,5 puntuen aldean).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide