Zirkura joateko aukera gutxi dago gurean, eta, are gutxiago, euskaraz eta bertako artisten eskutik. Ume zein helduentzako Gure Zirkua heldu da, ordea, Gasteizera, arrakasta itzelarekin Euskal Herriko dozenaka herri bisitatu ostean. Ekainaren 15era bitartean Musikaren Pasealekuan eskainiko dutena aurkeztu du Iker Galartzak (1977, Amezketa) ALEA FM saioan.
Amets bat zen zuretzat bertako artistekin osatutako zirkua muntatzea, ezta?
Hala da. Banekien horrelako proiektu bat martxan jartzeko jendea bazegoela; batzuk ezagutzen nituen eta beste batzuk ez, baina bati eta besteari entzunda banekien kanpoan zebiltzan artistak genituela. Batzuk parapentean ibiltzera joaten diren bezala, nire zaletasuna zirkua zen, eta jendea behar nuen horretarako. Lagunak tarteko, elkartu ginen eta horrekin goaz aurrera. Ametsak egia bihurtzea gauza bat da, baina ez da egun bateko zerbait, horri eutsi egin behar zaio; eta hortxe gabiltza, indartsu, aurrera jarraitzeko. Ez dakit noiz arte, auskalo, baina aurrera.
Betidanik izan zara zirku zalea?
Bai. Pailazoak beti gustatu izan zaizkit. Ume guztiei ez zaizkie pailazoak gustatzen, baina nire kasuan maiteminduta naukate; beti jarri izan diet arreta, eurei begira egon naiz, oraingo neska-mutikoak Ronaldo edo beste figura batean fijatuko diren bezala.
Oroitzapen berezirik al duzu zirkuren batena?
Ez. Baina, gogoan dut Charlie Rivel telebistan ikusi nuela behin eta hari begira egon nintzela zelan egiten zuen ikusten. Gero Donostiara edo Tolosara zirkua etortzen baldin bazen, beti joaten nintzen. Egia da, 90. hamarkadan zirku dekadente mordoxka bat gerturatu izan dela, ez oso atseginak, eta horrek atzera bota duela jende asko eta fama txarra eman diotela. Urteetan aurrera egin ahala, ni bezalako beste frikizirkus batzuekin batera ibili naiz Frantzian, Irlandan edo oporretan harrapatu nauten tokietan. Guztiak ikusi izan ditut, eta hori da jaso izan dudana, eta beti pentsatu izan dudana: zergatik ez egin guk horrelako bat?
Karpak ere badu bere istorioa, ezta? Nondik heldu da?
Interneten topatu nuen. Bigarren eskuko karpa bat zen, aurretik Frantziako ipar ekialdean ibilitakoa. Batzuetan erokeriak egiten dira; bote-prontoan emaztearekin hitz egin eta bila joan ginen.
Ez zen erraza izan, baina etxera ekarri genuen karpa
Karpa muntatu genuen, eta Tolosan bertan asteburu batean ere emanalditxo bat eskaini genuen inaugurazio moduan, baina kamioi gabe geunden orduan karpa batetik bestera mugitzeko. Pixkanaka joan gara flota osatzen.
Zer aurkituko du Gure Zirkura joaten denak?
Zirku diziplina ezberdinak ikusiko ditu, zirku klasikotik berreskuratuak: alanbrea, trapezioak, malabareak, lurreko akrobaziak, Asier Kidam mago gasteiztarra, pailazoak edo musika. Horiek guztiak koktel-ontzi batean sartu eta Gure Zirkura ekarriz gero, uste dut ikustera etortzen direnak pozik irteten direla; eguneroko arazoak ahaztu eta zoriontsu dira ordu eta erdiz, arazoak ahazten zaizkigu, hipotekak, rollo txarrak... Horri zoriona deitzen zaio, eta gu horretan saiatzen gara; gu zoriontsuak gara egiten duguna eginez, eta zoriontasun hori konpartitzen da. Dudarik gabe, bihotza jartzen badugu egiten ari garen horretan ikuslearen bihotzetara iristen da, eta hori izan da orain arteko arrakasta txiki honen gakoa.
Aurkezle moduan, Joseba Usabiaga dago. Zer suposatzen du horrek?
Umetako lagun batekin lanean berriz ere aritzea esan nahi du. Konturatzen zara, urte asko elkarren ondoan emanda ere, ondokoaren eskutik beti ikasten duzula zerbait. Gure eztabaidak izaten ditugu, baina horiek ahaztu egiten ditugu jendaurrean ateratzeko. Plazer ikaragarria da horrelako proiektu batean Joseba bezalako lagunen babesa edukitzea eta jakitea hor dagoela, eta ez bakarrik pistan gaudenean; berak nik baino hobeto daki guztia zelan doan, eta, ni ez banago, bera geratzen da arduradun.
Usabiaga ondoan badago, ni mila aldiz lasaiago egoten naiz
Hilabete hauetan guztietan, aldaketarik izan da emanaldi batetik bestera?
Aldaketak baino garbiketak egin ditugu. Lehenengo emanalditik jendea oso pozik ateratzen zela ikusi dugu, beraz, asmatu dugu formatuarekin; baina, era berean, norberak badaki akatsak non dauden, eta horiek zuzentzen joan behar dira. Eta oso inportantea da emanaldi bakoitzaren ondoren elkarrekin hartzen dugun zerbezatxoa; saioa amaitutakoan ez baita amaitzen, dena komentatzen dugu han, eta egokitzapenak proposatzen ditugu hurrengo emanaldira begira praktikan jartzeko. Azken batean familia bat osatzen dugu, zirkuan lana bukatu ostean elkarrekin afaldu, hortzak garbitu, lo egin... Gasteizen, guztira, 16 emanaldi eskainiko ditugu eta ziurrenik aldaketak egongo dira bata eta bestearen artean.
Heldu eta umeentzako ikuskizuna da?
Ni ez naiz nekatzen jendea animatzen: etor daitezela zirkura. Bikoteekin, esaterako, poz izugarria ematen dit zinemara edo operara joaten diren moduan, zirkua ikustera etortzen direla ikusteak, umerik gabe. Eta berdin zazpi lagunez osatutako kuadrilla batekin, horiek dira gehien disfrutatzen dutenak. Eta umeak, nola ez, flipatzen dutelako. Zer esan, bestetik, aitona-amonak ikusten ditudanean… ikaragarria da, oso pozik datoz, sentimenduak gehien esnatzen zaizkienak dira;
Ematen du aitona-amonak zailduta daudela mila batailatan, eta hala ere zirkura etorri eta gehien hunkitzen direnak dira
Normalean, zirkua herri batera heltzen denean festa giroa sortzen da horren inguruan. Gasteizen ere hori gertatu zaizue?
Bai, festa giroa sumatu dugu, jendea gerturatu egiten da eta ikuskizunaren inguruan galdetzen du. Ikusmina sortzen du. Baina, zirkua iragartzerakoan ezberdintasunak daude herriekin alderatuta. Hirietan baimena eskatu behar dugu furgonetarekin zirkua iragartzen ibiltzeko, bestela arazoak eduki ditzakegulako. Hauteskunde-garaian oso ondo ibili gara beste leku batzuetan, kamuflatuta ibili garelako kar kar.
Internet bidezko sarrerak agortuta daude.
Bai, oso ondo joan da salmenta. Internetez saltzen dira gehienak eta horrek jakinarazi digu Gasteiz eta Arabako toki askotatik hurbiltzen ari dela jendea. Dena dela, leihatilan ere baditugu gutxi batzuk saltzeko.
Gasteizen amaitu ostean, nora joko duzue?
Bizkaira goaz berriro, ekialdera, Mungia eta Bakio ingurura. Hondartzara joan ahal izango gara goizetan. Tokian tokiko giroaz, jatetxeaz, jendeaz disfrutatzen dugu zirkuarekin batera. Kuadrillan mugitzen gara eta ez gara oharkabean pasatzen. Handik Iparraldera joango gara, Kanbora. Han beste erronka bat izango dugu euskaldunak eta agian euskaldunak ez direnak Gure Zirkura erakartzeko. Eta gero Nafarroa aldera. Mapa hartu eta aurrera.
Elkarrizketa ALEA aldizkariaren 196. zenbakian argitaratuta da jatorriz.