Joko aretoen kontrako manifestazioa deitu dute

Aritz Martinez de Luna 2019ko eka. 22a, 08:00
Joko aretoen kontra, Judimendin eginiko agerraldia. / Judimendiko Gazte Asanblada

San Juan bezperan izango da hitzordua, ekainaren 23an, Judimendi auzoko jaiekin bat eginik.

Duela bi urte zabaldu zuten Judimendi auzoan joko-areto berria, eta, une horretatik, auzoko gazte asanbladak larritasunez ikusi zuen apustu etxeak herritarren artean "normaltasunez" ikusten hasteko joera.

Gasteizen izaera bereko 30 lokaletik gora daude gaur egun eta herritarren artean eragin dezaketen kalteei buruz kezka azaldu zuten hasiera batetik Judimendi auzoko gazteek. Helburu horrekin, txosten bat landu eta jokoak sor ditzakeen kalteez ohartarazteko liburuxka bat banatzeari ekin zioten auzokideen artean.

"Jokoak Judimendiko auzo-bizitza arriskuan jartzen" duela salatzen jarraitu dute azken hilabeteotan ere, eta aldarrikapen horri jarraipena emanez, manifestazioa iragarri dute auzoko jaiekin bat eginik.

Auzokideen artean adikzioa eta menpekotasuna sortzeaz gain, inguruko negozioetan ere eragin kaltegarria duela salatu nahi dute. "Langileak esplotatu" egiten dituela azaldu dute asanbladatik. "Ia 24 orduz zabalik" egoten direla esan dute, eta prezio baxuen eraginez "konpetentzia desleiala" egitea ere egotzi diete.

Eragin kaltegarri horiek onargarriak ez direla ezagutarazteko eta "auzoa hiltzera kondenatuko duen enpresarik" nahi ez dutela argi uzteko, ekainaren 23an, 19:00etan, Sefarad plazatik abiatuko den manifestazioarekin bat egiteko deialdia egin dute.

Udalaren azterketa

Kirol profesionalen babesletzak, telebista eta online bidezko iragarkien erabilera neurgabeak eta beste zenbait faktorek apustu etxeen inguruan piztu duten kezka gero eta nabariagoa da gizarteko esparru ezberdinetan.

Sektore ezberdinetatik, negozio "arriskutsu" horren kontrako zenbait neurri ezarri dira azken hilabeteetan. Esate baterako, ETB-k 2020 urtetik aurrera apustu-etxeen iragarkirik jarriko ez duela iragarri du, eta Real Sociedad futbol taldeko bazkideen %86ak apustu-etxeen publizitatea elastikoetan ez jartzearen alde azaldu ziren zuzendaritzak deitutako bozketa batean.

Gurean ere, badira zentzu horretan ematen ari diren pausu batzuk, eta hain zuzen pasa den maiatzaren 30ean Gasteizko Udalak "Gazteak eta ausazko jokoak, aurre egiteko erronka bat" izeneko txostena argitaratu zuen.

2018ko azaroaren eta 2019ko maiatzaren artean, Asajer elkartearen laguntzarekin, azterketa bat garatu du Udalak egoerari buruzko hausnarketa bat egin asmoz eta horrela "etorkizunerako ekintzak planteatu ahal izateko" bideak ematen ari direla adierazi dute. Irati Sierra, Iñigo Perez eta Hector Garcia de Salazar ikertzaileek azken sei hilabeteetan egin duten lanketari esker, gazteek "jokoan" aritzeko arrazoiak eta zergatiak ikertu nahi izan dituzte. Gainera adin-tarte, auzo eta beste zenbait baldintzen araberako neurketak egin nahi izan dituzte.

Txosteneko ondorioek jasotzen dutenaren arabera, Gasteizko kasuan jasotako datuak, antzeko beste txosten batzuetako emaitzek adierazitakoa baino pixka bat apalagoak dira. Halere, kezkarritzat jotzen dute jokoan aritzen diren horietariko asko adin-txikikoak izanik hasi direla jarduera horretan.

Auzo ezberdinen artean ez da bereizketa nabaririk antzeman. Baina argi utzi nahi izan dute krisialdi aurretik "ondo pasatzeko" arrazoia nagusi zen bitartean, gaur egun "dirua irabazteko" jokatzen dutenen kopuruak gora egin duela. Aipagarria da ere, nerabeen artean, etxean beraien gurasoak jokoan ikusi izan dituztenek, apustuak egiten hasteko joera are nabariagoa dutela. Orokorrean, baldintza bereizgarri batzuk egon badaitezke ere, edozeini eragin diezaiokeen arazoa da.

Egindako ikerketan jokoak sortzen duen menpekotasuna identifikatzeko zenbait faktore agerian geratu dira elkarrizketatutako gazte eta nerabeen artean. Motibazioen artean, "dirua irabazteko" arrazoia da aipatuenetakoa, eta kasu horietan kirol arloko apustuak dira ohikoenak. "Egoeraren gaineko kontrola" dutela sentitzeak, "emaitzak aurreikusteko ahalmena" dutela sinisteak eta "galerak berreskuratu" ditzaketela pentsatzeak, menpekotasun sintomatzat jo daitezke.

Hortaz, prebentzio lana ezinbestekotzat jotzen da argitaratu berri den txostenean, eta zenbait neurri zehatz ere jaso dituzte: adin-txikikoen joko eragozteko blokeo sistemak ezartzea, jarrera kritikoa sustatu eta aurreusteak puskatzen lagunduko duen kontzientziazio kanpainak abian jartzea, nerabeen testuinguruko faktoreak aintzat hartzea edota publizitateak igortzen dituen mezu positiboak neurtu eta ekar ditzakeen arazoak ere azpimarratzea esate baterako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide