Jokoz kanpo harrapatu baino lehen

Igor Goikolea 2018ko eka. 23a, 09:00
Joko-aretoen inguruko argitalpen bat prestatu dute Judimendiko gazteek. / M. Buruaga

Dozenaka behaketa-lan eta eztabaidaren ostean, joko-aretoen inguruko ondorio nagusiak jaso eta areto horien kalteez ohartarazteko lan bat argitaratu dute Judimendiko gazteek.

Apustuen negozioa errealitate bihurtu da gurean. Gasteizko datuei erreparatuz gero, 27 joko-areto daude zabalik, eta 32 izango dira urte amaieran; Txagorritxu, Zabalgana eta Lakua auzoetan irekiko dituzte. 2017an, Errehabilitazioan diren Arabako Jokalarien Elkarteak 146 pertsona artatu zituen, eta elkartera gerturatutako %89 gizonezkoak izan ziren. Hainbat inkesta, behaketa-lan eta eztabaida izan ondoren, liburuxka bat argitaratu dute: Auzoan jokoz kanpo. Joko aretoen hainbat argipen.

Historikoki, gazte eragileen erronka nagusietako bat izan da aisialdia non eta zertan igarotzen duten aztertzea –eta beharrezkoa izanez gero, horri buelta ematea–. "Gure inguruko lagun askok areto hauetan denbora pasatzen zuela ikusi genuen. Hori izan zen joko-aretoen inguruko lanketa hasteko arrazoietako bat", dio Virginia Gomez (Gasteiz, 1996) Judimendiko Gazte Asanbladako kideak. Harekin batera dago Igor Serna (Gasteiz, 1995), eta gogora ekarri du joko-aretoen afera lantzen hasi zirenean beste auzo batzuetako zenbait gurasoren deia jaso zutela. Izan ere, nahiz eta Olagibel kalean dagoen aretoarekin lanketa zehatz bat hasi duten, gazteen hitzetan "Gasteiz mailako arazo baten aurrean gaude".

Behaketa lanak

Gazte asanbladaren lehenengo urratsa izan zen barne-mailan eztabaida bat abiaraztea: "Formazio beharra ikusita, irakurketa bat egin genuen jokoaren eta honen ondorioen inguruan". Ikerketa faseari ekiteko, areto barruan egon ziren eta bertan zeuden profilak aztertu zituzten. Hiru nabarmendu dituzte txostenean: aretoan bakarrik dauden gizon nagusiak, gizon gazteagoak neskalagunarekin edo emaztearekin, eta 18 urte pasatxo dituzten mutil taldeak. Nahikoa esanguratsua iruditu zitzaien apustu-makinen dekorazioa, eta baliteke hori izatea profil horiek ulertzeko arrazoietako bat. "Emakumea erabat hipersexualizatuta dago", dio Gomezek.

Aretoko barne-funtzionamenduaren berri izateko, lokaleko langile ohiak elkarrizketatzea lortu dute. Bi tabernari ohirekin hitz egin dute; "kontrol zorrotzak" salatu dituzte biek ala biek. Lokal barruan kamarak daude: "Bezeroak eta lankideak kontrolatzeko erabiltzen dituzte". 

Auzoko komertzioak ere kexu

Apustu-makinak izateaz gain, joko-aretoa taberna bat denez, prezioak oso baxuak direla salatu dute auzoko tabernariek. Are gehiago, gosariak ematen dituzten inguruko bi taberna itxi dituzte azken urtean. "Ordutegi zabala lagun, eta taberna funtzioa betetzen duenez, taberna gehiago ixtea ekar dezake", gaitzetsi dute gazteek. Asteburuetan soilik bi orduz egoten da itxita joko-aretoa.

Hala ere, zenbait auzokidek ez dute iritzi bera. "Joko-aretoen kontra daudela esan digute, baina taberna bat bezala ikusten dute eraikina", dio Sernak. Beste kasu batzuetan, askoz sinpleagoa izan da jaso duten erantzuna: "Bakoitzaren erabakia da apustuak egitea", esan diete. Beste askok, berriz, Poliziaren presentzia eta istiluak handitu direla salatu dute. "Droga kontsumoak gora egin du: aretoko atean bertan trafikatu ohi dute", salatu du Gomezek. Gazteen esanetan, "drogen eta istiluen aitzakipean kontrol soziala ezarri nahi dute".

Hori gutxi balitz, jaso dituzten gainerako testigantzek ere zur eta lur utzi dituzte gazteak. "Kale hezitzaileen beharra izan duten auzokideak topatu ditugu makinekin jokatzen". Hori azalduta, beste hiriburu batzuetako borrokak ditu gogoan nagusienak: "Areto hauek ez dituzte Burgos edo Madril erdialdean kokatzen; Fuenlabrada edo Gamonal bezalako zonaldeetan irekitzen dituzte halako negozioak. Behar sozioekonomikoekin jokatzen oso trebeak dira". 

Baina zergatik ez hurbildu auzoko komertzio berrira kafe bat hartzera? Beste galdera batzuekin erantzun dute: "Gutxi batzuek dirua irabazten badute, nork galtzen du? Enpresa handi batek irabazi handiak baditu, nork galtzen ditu bezeroak? Halako komunitate bat eraiki nahi dugu?". Galdera horiek guztietarako erantzun bakarra dute: "Auzoak galtzen du". 

Ikerketak ikerketa, arazoa "oso normalizatuta" dagoela uste dute asanbladako kideek. "Jokoak pertsonak kontrolatu nahi ditu. Eta gazteei dagokienez, jabeek badakite nola jokatu: dirua momentu zehatz baterako nahi dute, epe luzera begiratu gabe". Zentzu horretan, gazteei bideratutako kanpaina bat jarri dute martxan, ludopatiaren inguruan kontzientziatzeko eta joko-areto batean lan egiteak zer suposatzen duen azaltzeko.

Gainerako auzoetarako ere liburuxka baliagarria izatea espero dute. "Insituzioetatik zerbait egin beharko litzateke, baina esperantza handirik ez dugunez espero dugu problematika honi aurre egiteko sare bat osatzea", adierazi du Sernak. Bitartean, Judimendiko gazteek ekoitzitako Auzoan jokoz kanpo. Joko-aretoen inguruko hainbat argipen liburuxka auzoko bost gunetan egongo da eskuragarri; Sumendi espazioan, Candelan, Globon, Granjen, Latan, Kilkerran, Gure Txokon, Rey Luisen eta Irustan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide