"Mugarik ez duen arazoa da zaintza sektorearena"

Mirian Biteri 2019ko mai. 25a, 07:02

Guatemalako zein Gasteizko zaintza langileen egoeraz hitz egin dute Estibaliz Gomez de Segura gizarte hezitzaileak eta Guatemalako Sector de Mujeres erakundeko Tita Godinezek.

Datu eta proposamen interesgarriak utzi ditu zaintza sektoreari buruz Zentzuz Kontsumitu partzuergoak Gasteizen egin duen Zeinek zaintzen du eta nola Vitoria-Gasteizen? Etxeko langileen egoera Vitoria-Gasteizen: hurbilketa bat izeneko txostenak. Besteak beste, agerian utzi du langile horiek jasaten duten bazterkeria egoera hori egiturazkoa dela Ipar zein Hegoaldeko herrialde guztietan.

Zein da Guatemalako etxeko langileen errealitatea?

Tita Godinez: Guatemala oso herrialde baztertzailea da, aberastasuna gutxi batzuen esku dago eta horrek desabantaila handiak sortzen ditu gizartean. Estatuak ez du lortu gizartearen oinarrizko beharrak asetzea, eta gaur egun ustelkeria eta narkoarekin lotutako arazo larriak ditu. Biztanleria gehiena emakumeekin osatuta dago, eta kopuru handi bat emakume indigenek osatzen dute. Horiek dira, hain justu ere, babes gutxien dutenak.

Emakume horiek etxeko langileak dira gehienak. Nolakoa da perfila?

T. G.: Gazteak dira, bere landa-komunitatetik hirira emigratu behar izan dutenak. Andre hauek, neurri handi batean, barneko langileak dira; hain justu ere, oso soldata baxu baten truke, enplegatzailearen etxean lo egiten duten langileak dira; oso gutxi daude denbora partzialean lan egiten. Horrekin lotuta, oso arazo larria dago egun Guatemalan: emakumeen salerosketa. Ez helburu sexualetarako, baizik eta etxeko lanak egiteko. Badaude sareak landa-komunitateetara joaten direnak eta baldintza onak eskainita, hirira eramaten dituztenak. Konturatu orduko, lanean jartzen dituzte eta bere soldatarekin geratzen dira. Lan horiek ez daude aitortuta, ez dute baliorik.

Zer nolako baldintzatan egiten dute lan etxeko langileek?

T. G.: Guatemalan gutxieneko soldata 500 (58,29 euro) ketzaletan dago ezarrita. Baina etxeko langileen sektorea ez dagoenez araututa, hori ez da errespetatzen; eta kontraturik ez dutenez eta lan baldintzak arautu gabe daudenez, lagun horiek ez dute inongo babesik. Ordu kopurua, zereginak eta zaindu beharreko pertsonen kopurua ez daude zehaztuta. Egoera horren aurrean, sektore horretako emakumeak hasi dira mugitzen, bere eskubideak bete ditzatela eta lan hori arautu dezatela eskatzeko. Baina zaila da aurrera pausuak ematea, nire ustez, politikoek enplegatzaileak babesteko konpromisoa dutelako hartuta.

Gasteizko errealitatea ez da askoz hobea…

Estibaliz Gomez de Segura: Emakumeak ahalduntzen hasi bagara ere, zaintzaren sektorean hutsune handi bat dago; gizonezkoen artean ez da erantzunkidetasunik ematen; ez eta gobernuen artean ere. Zaintzetan krisialdi bat dago, emakumeok jarraitzen dugu horren ardura izaten, lanaldi amaigabeekin. Sistema heteropatriarkal, arrazista eta klasista oso ondo antolatuta dago bere herrialdeetan gertatzen diren gatazka politiko konplexuengatik emigratu behar duten emakume txiroek lan horiek bete ditzaten lortzeko. Kontuan hartu behar dugu andre horiek beren familiak uzten dituztela jaioterrian, hango zaintzak ama, ahizpa edota alaben eskuetan utzita. Zaintzen krisialdia ematen da bere jaioterrian nahiz Gasteizen.

Mundu mailako krisialdia da zaintzarena.

E.G.S.: Hala da. Berdin du non. Emakumeak beti gabiltza zaintzen eginkizun berdina betetzen. Eta, gainera, gizarteak ez du baloratzen. Ezegonkortasuna da nagusi: gutxieneko soldata 900 eurokoa da; horrek markatzen du zaintzen balorea. Batezbesteko zaintza soldataren %40 gutxiago da. Etxean lo egiten dutenen kasuan, 1.300 eurokoa da. Lan-baldintzak Guatemalakoen antzekoak dira. Batzuk aipatzearren: ez dute langabeziarako eskubiderik, gaueko orduak ez daude araututa, lan arriskuen legedia ez da aplikatzen, amatasunagatik kaleratzea bidezkoa da. Gainera, etxean lo egiten duten gehienak paper gabekoak dira. Atzerritarren legeak ez die lan egiten uzten; bizileku-ziurtagiria lortu ahal izateko hiru urte pasa behar direla aurreikusten du, eta, hortaz, lan mota hori aterpe bat bilakatzen da emakume hauentzat; lanaren truke, ostatua eta mantenua ematen diete denbora tarte horretan. Horrek sektorearen irregularizazioa dakar, gaur egungo sistemak babesten duena. Bestetik, hitzarmen kolektiborik ez dago sektore horretan; familiako gizonarekin negoziatu behar dute guztia. Eta hori guztia gutxi balitz, Guatemalak bezala, Espainiak ere ez du Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189 hitzarmena sinatu.

Gauza bera toki guztietan…

T.G.: Bai, mugarik ez duen arazoa da. Bizitza merkantzian bilakatzen du egungo sistemak; herrialde guztietan merkataritzari ematen zaio garrantzia eta gizakiok kontsumoari ematen diogu lehentasuna, eta jarrera hori bizitza jasangarriaren kontra doa. Etxeko zaintzei dagokionez, funtsezkoa da eztabaida zabaltzea helburu duten politika integralak martxan jartzea. Guatemalaren kasuan, emigrazioaren atzean dauden egitura-arazoei hartu behar zaie aurre; hain justu ere, ezberdintasunari, arrazakeriari edo bizitzaren merkantilizazioari. Arazo horiei gizarte osoak egin behar die aurre, ez dira bakarrik emakume langileei eragiten dieten arazoak. Gizonezkoak zaintzen parte izan behar dira eta hortik bilatu behar da irtenbidea.

E.G.S.: Bat nator Titak egin duen analisiarekin, guztioi eragiten digun arazo bat dela esatean eta baita bizitzaren merkantilizazioan ere. Ekonomia feministak tresna garrantzitsua eskaintzen du horretan. Beti existitu izan den arazoaren inguruan, gaur egun izena jarri ahal izango diogu eta zaintzen gaineko ikerketak ditugu eginda. Zaintzen gainean hitz egiten dugunean ekonomia feministak errealitatea orain arte ulertu izan ez dugun moduan ikusteko aukera ematen digu: genero desberdintasunak nolakoak diren argitzen digu, betiko rolek emakumeei eta gizonei gauza ezberdinak garatzera jartzen dituzte. Guztien onerako izan behar da zaintza, gizarteak babestu behar duena, eta zeregin horretan politikak garatu behar dituzte talde politikoek eta agintariek.

Baina gizartea guzti horren jabe al da?

T.G.: Lan egin behar da. Zaintzen ekonomia gaur egun tresna politiko eta metodologikoa da, horren atzean dagoena ikusteko aukera ematen diguna. Historikoki, emakumeek egin duten lana ikusezina izan da, eta zoritxarrez emakumeak ez gara horren jabe. Kontuan izan behar da Guatemalako Barne Produktu Gordinaren %18,9a zaintza lanari lotutakoa dela, eta nekazaritzak (%17) baino pisu gehiago du. Nekazaritzak baino aberastasun gehiago sortzen dugu. Gu gabe ez legoke errentarik, ez kapitalik, ez irabazirik. Zaintzek ekonomia sostengatu egiten dute. Eta hori aitortu behar da; aitortu eta lan-karga banatu egin behar da. Horren gaineko eztabaida piztu behar da, aldatu ahal izateko.

Zaintza sektorearen inguruan ikerketa egin duzue Gasteizen. Zer asmorekin?

E.G.S.: Alde batetik, errealitatea datuen bidez ikusarazteko; eta bestetik, analisia egitearekin batera, indartu beharrekoak atera ditugu, eta hainbat gomendio eta proposamen ditugu. Esaterako, diagnostikoak ondorioztatu du elkarte publiko baten beharra dagoela, lagun hauen lan baldintzak zeintzuk diren kontrolatzeko ardura izango duena; horrekin lotuta, familia enplegatzaileak formatu egin behar dira. Etxeko langileei, bestetik, beren baldintzak zeintzuk diren eta familiarekin izan behar duten harremana nolakoa izan behar den azaldu behar zaie, eta ezetz esateko aukera dutela jakinaraztea. Mugimendu feministari, berriz, arazoa ikusarazten jarrai dezala eskatzen diogu eta sektorearen aldarrikapenak babestu ditzala; legegileei bizitzaren zerbitzura dauden zaintzen aldeko politikak garatu eta Lanaren Nazioarteko Erakundearen 189. Hitzarmena berretsi dezatela; sindikatuei sektorearen lan baldintzak defenda ditzatela. Adibideak baino ez dira honakoak.

Zeintzuk dira hurrengo pausuak?

E.G.S.: Proposamen horiekin ate guztiak joko ditugu. Irailean, esaterako, Gasteizko Udaleko osoko bilkuran parte hartuko dugu, herritarren txanda erabilita, talde politikoei egiten ari garena azaltzeko. Bestetik, sindikatuekin dagoeneko elkartu egin gara eta sektorearen alde lan egin dezatela eskatu diegu, eta erantzun ona jaso dugu. Horrez gain, esfortzu berezia gabiltza egiten emakume langile hauek ahaldundu daitezen, beraiek izan behar direlako bere errealitatearen berri zuzenean ematen dutenak. Gu gabiltza lan hori egiten orain, baina guk ez dugu beraiek bizi dutena sufritzen.

Laburbilduz, errealitatea ezagutzeko egindako azterketa hori abiapuntua besterik ez da?

E.G.S.: Hori da. Gasteizen inoiz ez da horrelako diagnostiko bat egin, eta hemendik aurrera kargua hartzen ibiliko gara. Zaintzak guztion ardura dela gogoraraziko dugu behin eta berriro.
T.G.: Agendaren puntu estrategiko bat da zaintzena, guztion artean eztabaidatu beharrekoa. Eztabaidaz gain, irtenbidea bilatu ahal izateko, errealitatea gehiago ezagutu behar dugu, azterketen bidez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago