Tuvisako langileen greba bertan behera geratu da

Erredakzioa 2019ko maiatzaren 4a

Tuvisako greba bertan behera geratu da. ALEA

Udala eta Tuvisako enpresa batzordea akordio batera iritsi dira.

Gasteizko Udala eta Tuvisako enpresa batzordea akordio batera iritsi dira eta, ondorioz, datorren astetik aurrera deituta zituzten lanuzteak bertan behera geratu dira. Ostiralean arratsaldean egin zuten bilera batean lortu zuten akordioa, Udalak langileek mahai gainean jarritako hainbat aldarrikapen onartu eta gero.

Akordioaren arabera, Udalak komun mugikorrak jarriko ditu autobus linea guztien amaieran uztailaren 31tik aurrera. Halaber, zenbait autobus linea –batik bat Gautxoria– egokituko ditu ordutegia bete ahal izateko, eta zerbitzua hobetzeko. EPE bat deitzeko konpromisoa ere hartu du Udalak, behin behineko langileen lanpostuak egonkortzeko, eta aurretiko erretiroen kasuan, gainerako udal langileen araudi berdina ezarriko zaie autobus gidariei.

Hitzarmen kolektiboaren inguruko negoziazioa eta beste zenbait aldarrikapen aurrerago aztertuko dituzte enpresa batzordeak eta Udalak.

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago