Greba egitea adostu dute Gasteizko autobus zerbitzuko langileek maiatzaren 6an eta 13an, eta mugagabea 17tik aurrera. Enpresa batzordeak egin duen proposamena aurrera atera da, Udalarekin azken egun hauetan izandako negoziazioek porrot egin ondoren. Hartara, hurrengo egunetan zehaztuko dira gutxieneko zerbitzuak, kontuan hartuta, gainera, greba mugagabea saskibaloiko Lauko Finalarekin batera hasiko dela.
Tuvisako 385 langileek hainbat eskakizun jarri dituzte mahai-gainean: behin-behinekotasuna murrizteko lan eskaintza publiko bat deitzea, aurretiko erretiroen akordioa berreskuratzea, zenbait linearen frekuentzia areagotzea eta ibilbide amaierako geltokietan komunak jartzea. Francisco Guzman Tuvisako enpresa batzordeko presidenteak azaldu duenez, langileen %78k greba babestu du.
Tuvisako lehendakari Itziar Gonzalok "harrituta" dagoela adierazi du, langileen ordezkariek egindako aldarrikapenei erantzun diolako Udalak eta, gaineratu du langileak hasiera batean pozik agertu zirela Udalaren proposamenarekin. Aldiz, langileek hasieratik esan zuten proposamena ez zela nahikoa.