Ibilgailu, edukiontzi eta langile gehiago hiriburuan

Erredakzioa 2019ko mai. 2a, 16:46

FCCrekin zuen kontratua ordezkatuko duen baldintza-agiri berria onartu du Gasteizko Udalak. Lau urterako da eta 26,8 milioi euroko aurrekontuarekin atera da eskaintza.

Gasteizko Udalak hiriko kaleak garbitzeko eta hondakinak garraiatzeko zerbitzuaren baldintza-agiri berria onartu du, FCC-GSMrekin zuen kontratua bertan behera utzi eta gero. Kontratu berria lau urterako sinatuko da, urtebetez luza daitekeena. Halaber, bio-hondakinen kudeaketari eta konpostatzeari buruzko kontratu berri bat ateratzea onartu du,  51.581,25 euroko aurrekontuarekin.

Urtean 26.854.034,49 euroko prezioan (BEZa barne) lizitatuko da hiriko kaleak garbitzeko eta hondakinak garraiatzeko zerbitzua, aurreko kontratuan baino prezio altuagoan. Udalak argitu duenez, duela lau urte sinatutako kontratuak 25.500.000 euroko aurrekontua zuen, baina, inbertsio berriak eskatuko dizkiote esleipendunari, langile guztiek jarraituko dute eta kendu egingo da urteroko prezioen berrikusketa.

Hala, hiriko garbiketa eta hondakinak bildu eta garraiatzeari dagokionez, baliabide material berriak eskatuko zaizkio ardura hartzen duen enpresari. Zehazki, zaborra biltzeko lau kamioi gehiago erosi beharko du, lau urte baino gehiago duten 947 edukiontzi aldatu eta berriak erosi beharko ditu, eta sarraila elektronikoak eta edukiontziak beteta dauden jakiteko bolumen-neurgailuak ezarri beharko ditu.

Langile gehiago

Halaber, kaleen garbiketari dagokionez, garbitzaileen kopurua handituko da igande eta jaiegunetan, balio anitzeko taldeak sortuko dira (kale eta lorategiak, paperontziak edo haurrentzako jolasguneak garbitzeko), eta presiozko urez garbitzeko zerbitzua areagotuko da, urez garbitzeko makina gehiago erabiliz.

Bilketari dagokionez ere txipa duten edukiontziak ezarriko dira, erabiltzaileak identifikatzeko, eta zerga-araudiak ahalbidetzen duenean, saritu egin ahalko dira materia organikoa birziklatzen dutenak. Gainera, bost edukiontzi dituzten irlen kopurua 700etik 1.200era handituko da.

Bio hondakinak

Bestalde, bio hondakinen kudeaketari eta konpostatzeari dagokion zerbitzu berriari esker, herritarrek banakako auto-konpostatzerako makina bat izan ahalko dute, eta enpresak hondakin organikoen kudeaketaren jarraipena egin ahalko du. Izan ere, etxeetan egunean sortzen den hondakinen %45 birzikla liteke konposta egiteko. Makina horiek baliatuz, gasteiztarrek etxean sortzen duten materia organikoa kudeatu ahalko lukete, eta hartara gutxitu egingo litzateke bildu eta tratatzen den hondakin kopurua.

Beste zerbitzu batzuk, hala nola hustubideak garbitzea, tresnak eta tamaina handiko gauzak biltzea, txorkoak garbitzea eta iturri apaingarriak garbitzea, kontratutik kanpo geratu dira, eta datozen asteetan aterako dira lizitaziora.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide