Kontratu berriarekin FCCri "alfonbra gorria" jarri zaiola uste du EH Bilduk

Erredakzioa 2019ko mai. 2a, 10:00
EAJk "arduragabekeriaz" jokatu duela uste du EH BIlduk. / Alea

Hiriak dituen "birziklatzeko helburuak" ezarri behar dituen plana onartu aurretik kontratu berriaren baldintzak argitaratzea kritikatu du Aitor Miguelek.

EH Bilduren arabera, hiria garbitzeko eta zaborra biltzeko kontratu berriarekin, FCCren esku geratuko da, "baina diru gehiago eskatuta". "Baldintza horiek betikotuko dute azken lau urteotan hainbeste arazo sortu dituen eredua", salatu du Aitor Miguel zinegotziak.

Udal hauteskundeak egiteko 24 egun baino ez direnean falta, garbiketa kontratuaren baldintza berriak onartuta, gobernuak "arduragabekeriaz" jokatu duela uste du koalizio abertzaleak. Hurrengo udal gobernua "zeharo" baldintzatuko duen erabakia dela uste dute, "eta, gainera, ez duena sakonean berrikusten honezkero porrot egin duen eredu bat". Zinegotzi abertzalearen arabera, adjudikazioa lortzen duen enpresari udalak "hiru milioi gehiago" ordainduko dizkio: "Susmatzen dugu honek esan nahi duela FCCk berriro bereganatuko duela zerbitzua, eta orain arte baino diru gehiagoren truke". FCCk prozesuan abantaila duela salatu du, "makineriam kontrolatzen duelako honezkero".

Hiriak dituen "birziklatzeko helburuak" ezarri behar dituen plana eztabaidatu eta onartu aurretik kontratu berriaren baldintzak argitaratzea kritikatu du Miguelek. "Etxea teilatutik hasi dugu, Green Capital batean estrategikoa izan beharko zukeen gai batekin. Kontratuaren baldintzak traba bat izango dira birziklatzean ezarri ahal izateko helburu handinahitsuak eta Europaren mailakoak".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide