Maiatzean zabalduko dituzte rokodromoak

Erredakzioa 2019ko api. 26a, 15:48

Protesta ugari izan dira rokodromoen itxieragatik.

EBONE Servicios Educación y Deporte SL enpresari esleitu diote kontratu berria.

Gasteizko Kultura, Hezkuntza eta Kirol Sailak udal rokodromoen zerbitzua 2020ko uztailera arte esleitu du. EBONE Servicios Educación y Deporte SL enpresari eman dio kontratua; eta Udalak jakinarazi duenez, maiatzean zabalduko dituzte berriro hiriko rokodromoak.

Irailaren 1etik ez da zerbitzurik eskaini, kontratua bitan geratu baitzen esleitu gabe. Lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarrak –aurreko esleipenduna– ez zituen Udalak agindutako baldintza-agirian orduei buruz ezarritakoa bete. Udalak adierazi duenez, baldintza-agirian orduen kopurua handitu zen, hirugarren rokodromoa irekitzeko. "Orduko prezioa 19 eurotik 22 eurora igo zen, eta orduak birbanatu ziren, egunean rokodromo bat gutxienez irekita egoteko, eta eskaera handiko orduetan hirurak zabalik egoteko".

Kritikak eta protestak

Rokodromoen itxierarekin, protesta ugari izan dira hiriburuan, Gasteizko Eskalatzaileak Sutan plataformak deituta; rokodromoak zabaltzeko eskatzen zuten, eta zerbitzua baldintza duinetan eskaintzeko. Ildo berean, ESK sindikatuak zerbitzua kontratatzeko Udalak onartu duen agiria salatu zuen iragan hilabetean. Sindikatuak orain arte rokodromoen kudeaketan aritu den lan taldearen eskubideak errespetatzeko exjiitu du, eta orain arte egon diren zortzi lanpostuak mantentzeko. Gainera, kontratu berriaren bidez ordu kopuruak murrizten direla nabarmendu zuen.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide