Estibalizen borrokatzen (omen) zirenean

Juanma Gallego 2019ko api. 30a, 10:00

1974. eta 1976. urteen artean kalte-ordainen eguna antzeztu zuten Estibalizen, Felix Petiteren ardurapean. / GASTEIZKO UDAL ARTXIBOA

Kalte-ordainen azoka egingo dute Estibalizen, maiatzaren lehenean, eta bertoko ekoizleen produktuak izango dira protagonista, Erdi Aroko Araba elkartearen ardurapean. Aspaldiko usadio baten zantzuak jarraitu dituzte elkarteko kideek, eta azokari izena ematen dion gaia historiaren eta mitoaren artean dagoela diote.

 

Ordura arte maiatzaren 1ean Estibalizen kontrolik gabe egiten zen azoka arrastoan sartu eta modu antolatuan egiteari ekin zioten iaz Erdi Aroko Araba elkarteko kideek, eta hitzordua errepikatuko dute aurten. Kalte-ordainen azoka izendatu dute egitasmoa, aspaldiko ohitura baten arrastoa dagoelako izen horren atzean. Elkarteko kide Ander Gondra tradizio horren abiapuntuan zer dagoen argitzen ibili da, baina aitortu du gaiak azterketa sakonagoa behar duela. "Estibalizen dagoeneko denbora daramagun arren, santutegiaren historia berreskuratzea egiteko daukagun zerbait da". Historialariek darabilten zuhurtziarekin, azokarekin egin duten planteamenduak bi gauza desberdin elkartzen dituela ohartarazi du Gondrak. "Batetik, Estibalizko azoka dago. Merkatu hori aspaldikoa da, eta zantzuak daude ziurtatzeko Erdi Aroan Estibalizko muinoan merkatu garrantzitsu bat bazegoela. Bestetik, kale-ordainen ideia dago, maiatzaren lehenari lotuta, baina kondairen artean dagoena". Izatekotan, beraz, bi kontu horiek egun desberdinetan egiten ziren.

Bai, izatekotan. Izan ere, arabarren artean sortzen ziren liskarrak ebazteko egiten omen zen kalte-ordainen egunari buruz arrasto historikoak badira, baina oso urriak dira. Hortik zuhurtzia. Gainera, azken urteetan gaiari buruzko informazio berririk ez dela agertu dio adituak. Hortaz, momentuz zaila da zehaztea benetan ohitura hori ba ote zegoen, eta, hala izatekotan, nolakoa zen.

Ander Gondrak kalte-ordainen atzean dagoen errealitate historikoa arakatu nahi du.

 

Gaiari buruz ezagutzen den guztia XVI. mendearen amaieran Joan Perez Lazarragak idatzitako Gobierno antiguo de Álava liburuan abiatzen da. "Bertan transkribatzen da ustezko ediktu edo erregalia bat, Antso III.a Nagusia erregeak 1000. urtearen bueltan emandakoa. Horren arabera, arabarrek aukera zuten maiatzaren lehenean Estibalizera joateko, eta bertan desagrabioak edo kalteen ordainak eskatzeko", azaldu du Gondrak. Jainkoaren aurrean liskarrak ebazteko modua zen, duelu baten bitartez. "Baina gazteleraz agertzen da agiri hori, ez jatorrizko latinean, suposatzekoa zenez". Historialariari bitxia egiten zaio bertan ez dela azaltzen zehazki nola egin behar zen borroka hori, baina bai azaltzen da ezin dela baleztarik, gezirik edo ezpatarik erabili. "Antza, beste sistemaren bat erabili behar zuten, baina zaila da irudikatzea, ez bada ukabilka". Dena dela, argi dago horrelako sistema antolatu baten helburua zela batak bestearen kontra ez sutzea; lehen odolera egindako borrokak ziren: zauria jasotzen zuen lehen lehiakidea zen galtzailea.

Zalantza historikoak

Istorio polita da, baina, ohi bezala, historialariek detektibearen lana egin behar dute gehienetan, gertaerak errealitatea edo gezurra –edo aspaldi egindako manipulazioa– ote diren ebatzi ahal izateko. "Gai honetan, arazoa da agiria XVI. mendearen amaieran ateratzen dela, hau da, jatorrizkoa baino 600 urte geroago", nabarmendu du Gondrak. Horrelakoetan, historialariek argi dituzte egin beharreko galderak: Zergatik? Nondik eskuratu zuen Lazarragak agiri hau? Benetakoa al da? Edo ba al dago gaur ezagutzen ez dugun interesen bat XVI. mendean istorio hori Estibalizen kokatzeko? "Azken hau ez litzateke arraroa: Estibalizen jabetza zuenak ohitura hau asmatu izana lekuari ospe pixka bat emateko, hain zuzen. Arazoa da mende hori oso gutxi dokumentatuta dagoela, muinoari dagokionez".

"Santutegiaren historia berreskuratzea egiteko daukagun zerbait da". ANDER GONDRA

Arazo gehiago sartzen dira tartean. Lazarragaren liburu hori ez da kontserbatzen, eta XVIII. mendean Joaquin Jose Landazuri historialariak aipatzen du. Landazurik berak hainbat zalantza agertu zituen gaiaren harira: zuzenean latinez agertu ez izana eta kronologian izandako hainbat akats, batez ere. Dena dela, gaiari ospea eman ziona Manuel Diaz de Arkaia historialaria izan zen, eta kutsu guztiz erromantikoa eman zion usadioari Leyendas alavesas liburuan. "Arkaiak oinaztarren eta ganboatarren arteko liskar bat asmatzen du, eta emakume baten amodioa sartzen du tartean". Arkaiak hartutako irudi hori 1974-1976 urteetan Felix Petite antzerkigilearen ardurapean egin zituzten antzezpenetan islatu zuten. "Ehunka lagun bildu ziren orduan, eta edadetu askok egun horiek dituzte gogoan". Egunen batean antzeko ikuskizun bat Estibalizen berreskuratzeko ametsari eusten dio Gondrak, baina zaila ikusten du momentuz. "Horretarako, instituzioen inplikazioa beharko genuke, eta zaila da hori. Aurten, gutxienez, programa ofizialean gure egitaraua agertzea lortu dugu, eta Estibaliz agertzen da kartelean". Erdal esaerak dio Jauregiko kontuak emeki doazela, eta agerikoa da hau ez dela aldatu XXI. mendean. 

 

Irakurri erreportaje osoa ALEA aldizkariaren 191 zenbakian. Etxean jasotzeko, harpidetu hemen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago