Euskal Herrian zehar 2.560 kilometro egin ondoren, 21. KORRIKAk Gasteizen bukatuko du ibilbidea datorren igandean. Tradizioari jarraiki, GEU elkarteak, Arabako ALEAk eta Oihaneder Euskararen Etxeak batera egingo dute korrika, 2523. kilometroan hain zuzen ere. Kilometro trabestiaren eskutik hartuko dute lekukoa 10:46an Salburuako Joan Karlos I eta Stockholm kaleen arteko bidegurutzean eta “Gora gu ta gutarrak”eko lagunei pasako diete.
Guztion urrats sendoekin euskarari bultzada emango dion milazangoarekin batera egingo dute kilometroa. Bi auzolanetan sortutako milazangoak kolorea, alaitasuna eta sinbologia erantsiko dio kilometroari. Salburuan hasita KORRIKAren azken kilometroak egingo ditu Andre Maria Zuriaren plazaraino.
Milazangoak abestia ere badu. Izan ere, martxoaren 31n korrika kulturalaren testuinguruan Oihanederren izandako “Enkarguz, sormenaren ibaian”ikuskizunean Andoni Egañak, Xabier Zabalak eta Alberto de Abajok kanta sortu zuten, publikoaren laguntzarekin.
Milazangok euskarari bultzada emango
eskuz esku, zangoz zango KORRIKA arinago.
Hegaztientzat ura guretzat aire
Salburuan euskara DUguLA KIDE
nirea zure eta zurea nire
kilometro beteko gozamen bide.
Milazangok euskarari bultzada emango
eskuz esku, zangoz zango KORRIKA arinago.
Nola txori kantuak hala ahoskerak
gure emozioak, oinatz, plazerak
bakoitzak egin bitza bere aukerak
bidezidorrak asko, irribarre bat.
KORRIKAra batzeko elkartaratzea apirilaren 14an 10:30ean Joan Karlos I eta Stockholm kaleen arteko bidegurutzean izango da.