Kameraren eta grabagailuaren atzean egotea dagokio ALEAri, baina Korrikari behar bezalako ongietorria emateko fokuen bestaldera igaro beharra dago. Aurten, Franku eta Askartza arteko tartean hartu du lekukoa ALEAk, baina igandean ere, GEU eta Oihandederreko lagunekin batera, Salburuan egingo du korrika, 2523. kilometroan, hain zuzen.
Aurtengo hitzorduari lagun berria lotuko zaio: milazangoa. Edo, Wikipediaren arabera, diplopoda klaseko artropodoa. Hura eraikitzeko hamabost bat lagun bildu dira joan den ostegunean Oihanederren, auzolanean. Diplopodoaren izaeraren beraren inguruan ere hainbat desadostasun azaldu dira, hasiera-hasieratik. "Ea ba, intsektu bat da, eta intsektuek ez dute mingainik", batek. "Berdin dio", besteak. Bai, 2523. kilometroan korrika egingo duen milazangoak mingaina izango duela aurreratzeko moduan dago ALEA. Mingain hori buruari nola lotuko zaion, ordea, misterioa da oraindik. Momentuz, Sputnik zuri baten antza duen poliespanezko bola erraldoi batek buruaren funtzioa beteko duela esan daiteke.
Ondo pasatzeaz gain, irakaspen ugariko arratsaldea izan da bertaratu direnentzat. Horietatik garrantzitsuena, agian, poliespanaren gainean spray margoa botata Alien, zortzigarren bidaiaria filmean agertzen diren zera horien antzeko zerbait agertzen dela. Burbuila nardagarri eta guzti. Ez dira ez arrautza estralurtarrak, milazangoaren begi-niniak baizik. Margoa idortzean, gauzak bere onera bueltatzen direla ematen du. Begiak badaude. Edo begi-niniak, batek daki oraindik. Txikiegiak, batzuen ustez. Atakatik ateratzeko modukoak, beste hainbaten iritzian. Ez ditu izango, bada, Michelangeloren David eskulturak dituen proportzioak, baina kilometroari alaitasun eta kolore puntu bat emateko moduan egongo da Milazango jauna. Edo andrea. Zeren hori ere ez baita argitu: eta agian hobe da gauzak horrela uztea.
"Euskarari bultzada emango dion milazangoa ia-ia prest daukagu dagoeneko"
Bigarren irakaspena: josi baino lehen ehunak batzeko egiten den zera horri albaindu deritzo. Josteko bi makina badira mahaiaren gainean, ez bluetooth ez wifirik behar ez duten horietakoak. Argindarra dagoenean, euren funtzioa betetzen dute. Baina albaintzearen kontua... tira, hori eskuz egin beharra dago; alegia, iraultza industriala iritsi baino lehen egiten zen modu berdinean aritu. Eta, jakina, haren izaera bera dela, definizioz, milazango batek zango asko ditu. Luzera handiko zomorrotxo maitagarria da. Metro horiek guztiak albaindu beharra dago, eta hor ibili dira ere, jo eta fuego, titarerik gabeko jardun latzean. Heraklesen hamabi lanetan ez bada, gutxitan ikusi da horrelako adorerik oihal baten inguruan. Josteko makinen txanda iritsita, teknologiari gorazarre egin diote.
Ilundu aldera, pozik azaldu da antolatze lanetan ibilitako GEU elkarteko kide Maddalen Agirre."Euskarari bultzada emango dion milazangoa ia-ia prest daukagu dagoeneko". Behean zortzi lagun joango direla azaldu du, zomorroaren gorputzari eutsiko dioten uztaiak eramaten. Baina milaka euskaltzaleren laguntza izango du milazangoak. Igandean ikusi ahal izango da, beraz, Oihanderreko tailerretik ateratako azken artelana. Dotore bezain luzea.