"Buruan sartutako estruktura kolonialetik dator arrazakeria"

Juanma Gallego 2019ko mar. 29a, 06:00
Arrazakeriaren Aurkako Gasteizko Plataformako kidea da Tania Siriany. / ALEA

Arrazakeriaren aurkako eguna izan da martxoaren 21ean, eta, dataren bueltan, gaia lantzeko hainbat mobilizazio izan dira Gasteizen, Arrazakeriaren Aurkako Plataformak antolatuta. Bertako kide Tania Sirianyk argi dauka gorrotoaren diskurtsoak uxatzeko instituzioek eta gizarteak zer egin dezaketen.

Duela bost urte sortu zen Arrazakeriaren Aurkako Plataforma Gasteizen, eta bertan norbanakoak zein elkarteak batzen dira. Eredu asanblearioa oinarri, gorrotoaren diskurtsoari erantzun koordinatu bat eman nahi diote plataforman. Egitura horretako kidea da Tania Siriany (San Salvador, El Salvador, 1973). 19 urte daramatza gurean, eta ongi ezagutzen du hiriak arrazakeriaren arloan izan duen bilakaera. Feminismoa eta arrazakeriaren aurkako borrokak batera joatea ezinbestekotzat jotzen du Sirianyk, biak ala biak sistema beraren ondorio direla iritzita.

Zerk eraman zaitu arrazakeriaren aurkako borrokan parte hartzera?

Nire jaioterrian giza eskubideen defentsan aritu naiz, bereziki borroka feministan. Arrazakeriaren Aurkako Plataformako kidea izateaz gain, AMAR arrazakeriaren aurkako kolektibo feministan ari naiz. Egia esanda, gaztea nintzenetik feminista izan naizen arren, duela gutxi murgildu nintzen arrazakeriaren gaian. Erabateko kontzientzia 2015eko hauteskundeetan hartu nuen. Izan ere, hor hasi zen Javier Marotok hasitako olatu arrazista hori. PPk gorrotoaren eta islamofobiaren diskurtsoa hartu zuen. Orduan, feminismoaz gain, arrazakeriaren aurkako borrokari heldu nion. Uste dudalako migratuok eta arrazializatuok gai horrekiko ahaldundu behar dugula, eta kontzientzia eskuratu. Plataforman jende autoktonoa ere badago, eta garrantzitsua da ulertzea hau ez ez dela soilik migratuen eta arrazializatuen kontu bat, gizarte osoarena baizik. Zentzu honetan, nabarmendu beharra dago 2015ean izan zen olatu arrazistarekin batera izan zela elkartasun olatu bat. Hiri bezala, erantzun bat artikulatu ahal izan genuen. Hori, neurri batean, Maroto alkatetzatik kentzeko egon zen negoziazio politikoan gauzatu zen.

Beraz, etekin politikoak eskuratzeko Marotok erabilitako diskurtso hori bere kontra bihurtu zen?

Bai, baina hori une konkretu horretan izan zen, Marotoren kontra eratu zen mugimendu soziopolitikoari esker, hain zuzen. Baina, orokorrean, gorrotoaren diskurtsoak etekin politiko asko ekartzen ditu. Hor daude, adibidez, VOX edo Ciudadanos. Eta hemen PPk ere beti jolastu du horrekin. Aurreko batean hedabide batean agertu zen Marotori aholkularitza eman zion lagun bati egindako elkarrizketa: orain Leticia Comeroni aholkularitza ematen dion lagun bera da. Ez da kasualitatea: arrazakeria, xenofobia eta islamofobia haien diskurtsoaren ardatzetako bat dira.

Nola ikusten duzue VOX eta antzeko fenomenoen agerpena?

Nik gutxienez VOX edo Ciudadanos bezalako alderdiek Euskal Herrian ordezkaritza lortuko ez duten itxaropena daukat. Ez udaletan ezta gainerako instituzioetan ere. Dena dela, Gasteizen egon daitezken emaitzek kezkatzen naute. Bestalde, lortu behar dugu kalean babesa izan ez dezaten. Alderdi Popularrari dagokionez, hau kontu historikoa da. Jendea beldur da orain ultraeskuinaren agerpenaz; baina, nire ustez, PPk ere ultraeskuinaren diskurtsoak erabili ditu aspalditik. Beraz, ondo ezagutzen dugu dagoeneko zer den ultraeskuina.

Gorrotoaren aurkako bide honetan, zein da instituzioek egin behar duten lana?

Arrazakeria instituzionala eta estrukturala da, eta arrazaren inguruan dauden diskurtso sozialak horretan oinarritzen dira. Instituzioek oinarrizko pisua dute gizartean; tartean, diskurtsoak zabaltzen dituztelako. Oroitzen naiz PP agintean zegoen garaian Diputazioak atera zuela guztiz islamofoboa zen kartel bat. Instituzioei arrazakeriaren aurkako diskurtsoa eskatu behar zaie. Haien ardura da.

"Hau ez da kontu berria; PP-k ere ultraeskuinaren diskurtsoa erabili du aspalditik"

Autobusetan ikusi ditugu etengabean egoera arrazistak, baina instituzioek ez dituzte kudeatzen. Ez du balio esatea autobus gidariak orokorrean pertsona arrazistak direla. Dena dela, guztiok gara, hein batean, arrazistak. Pentsamendu estruktura kolonial batean abiatzen da arrazakeria, eta pertsona guztiok dugu hori barneratuta. Denok, migratuok zein autoktonoak, hazi gara estruktura hori buruan sartuta. Saiatu behar dugu kulturen aniztasuna errespetatzen duen gizarte bat eraikitzen. Ez gara berdinak, baina saiatu behar dugu aniztasun hori berdintasun eza bihur ez dadin.

Eta zein izan behar du, zure ustez, hedabideen rolak?

Hori aipatzen duzunean, Gasteizen, El Correo datorkit burura. Gai asko modu arrazistan ari dira lantzen, etengabean. Etorkinen edo pertsona arrazializatuen argazkiak jartzen dituzte delituei edo segurtasun ezari buruz idazten dutenean, edo laguntzarik ez duten adin txikiko atzerritarren kasua nola jorratzen duten ere oso lazgarria da. Eta ez dira konturatzen –edo agian bai– horrekin gizartean gorrotoaren diskurtsoa hauspotzen ari direla.

Lehen aipatu didazu hasieratik argi zeneukala borroka feministaren beharra, baina duela gutxira arte ez zinela inplikatu arrazakeriaren aurkako borrokan. Nola bateratzen dira bi borroka horiek?

Nik zapalkuntza gehien jasotzen duten emakumeen alde dagoen feminismoan sinistu dut betidanik; ez feminismo hegemonikoan. Bat-batean konturatzen zara emakumeen kasuan arrazan oinarritutako zapalkuntza oinarrizkoa dela. Emakume beltzek kontatu digute beraiei, batzuetan, txarrerako gehiago eragiten diela beltza izateak emakume izateak baino. Orduan konturatzen zara benetan feminismoa emakumearen eskubideen aldeko borroka bada, arrazakeriaren aurkakoa izan behar dela. Audre Lordek dioen moduan, feminismoan ezin daiteke egon zapalkuntzen hierarkia bat, emakumeok ezin dugu aukeratu zein den une zehatz batean gehien zapaltzen gaituena. Horregatik uste dut feminismoak arrazakeriaren aurkako mugimendua ere izan behar duela, eta nahi dugu gainerako emakumeek ere hori ikustea. Bestetik, klase sozialaren gaia ere hor dago, eta funtsezkoa da. Lana eta lan eskubideak ez izatea, hori ere zapalkuntzaren parte ere bada: hots, kapitalismoak zuzenean zapaltzen nau.

Eta etorkin ez diren emakumeek hori ikusten al dute?

Gasteizko kide feministak beste zapalkuntza horiek aitortzeko prozesu batean gaude. Hau ibilbide bat da, eta nik neure bilakaera pertsonala jarri ohi dut adibidetzat. Pixkanaka mugimendu feminista konturatzen ari da badirela emakumeen kontrako beste zapalkuntza batzuk, aldarrikapen horiek ere mugimendu feministaren parte badirela, eta horiek bereganatu behar dituela, bere baitan mota guztietako emakumeak izan nahi baditu, bederen.

Arrazagatik bazterketa sentitzen ez dugunok zer egin dezakegu?

Lehenik eta behin, enpatia izan besteekiko. Eta, bigarrenik, onartzea guztiok buruan estruktura koloniala dugula. Kapitalismoaren oinarrietako bat da arrazakeria. Kapitalismoa Europan aro modernoa deitzen den horretan hedatu zen munduan zehar; baina Ameriketan, eta, oro har, kolonietan, ordukoa garai iluna izan zen. Esklabotza eta morrontza hor abiatu ziren. Pentsa, arimarik ere ez omen zuten indigenek! Europak kultura horiek txikitu zituen. Kontinenteko demokrazia beti hartu izan da eredutzat, baina nik buruan badut nirea dela hoberena, nola ikusiko ditut bada besteak? Gauzak egiteko beste moduak eta beste ezagutzak aitortzen ikasi behar dugu ere.

Arrazakeriaren aurkako eguna izan da joan den astean. Nolakoa izan da aurtengoa?

Ea, beti daude hobetu daitezkeen kontuak: gizarteak plataformarekin bat egiten duen heinean, gero eta hobeto egin genezake, noski. Baina pozik gaude. Gasteizen hain manifestazio luzea egin dugun lehen urtea izan da aurtengoa. Trafikoa moztu dugu, eta Molinuevotik pasatzean bakarrik dauden adin txikikoak batu dira manifestaziora. Mugimendu feministako kideak ere egon dira. Oro har, gasteiztarren parte-hartzea ez da oso handia izan, eta askotan etorkinen elkarteek ere ez dute parte hartzen. Guk datozen urteetan parte hartzeko deia egiten diegu, noski, hau borroka komuna da eta.

Udalari dagokionez, Marotoren garaitik oraingo garaietara gauzak aldatu dira?

Nik esango nuke gauzak ez direla hobetu. Etorkinentzako zerbitzuak desagertu dira. Adibidez, lehen bazegoen Norabide izeneko bulego bat, aholkularitza ematen zuena. Gizarte laguntzek ere txarrera jo dute. Etorkinak txiroen dauden taldeen artean daude. Agian ni ez naiz egokiena horri buruz hitz egiteko, baina nabari dut EAJ eta musulmanen arteko harremanak desberdinak direla, Marotok zituen harremanekin alderatuz. Tira, esango nuke Marotok batere harremanik ez zuela.

Zer eskatzen diozue, bada, alkatetza eskuratzen duen pertsonari?

Lehenik eta behin, zerbitzuak martxan jartzea. Denok berdinak bagara, berriro etorkinentzako aholkularitza bat egon beharko litzateke. Eskoletan izena emateko orduan, adibidez, jendeak ez daki nora bideratu behar dituen seme-alabak. Eta ezaguna da dagoen segregazioa. Euskara etorkinengatik txarrera doala entzun da batzuetan, baina familiek askotan ere ez dakite nora iritsi diren. Estatu espainolaren barruan dagoen lurralde batera iritsi direla azaldu behar zaie etorri berriei, eta hiriaren ama-hizkuntza euskara dela. Askok ere ez dakite non bizi diren, eta hori Udalaren ardura da. Ni duela 15 urte hasi nintzen Euskaltegian, eta orain hainbat hilabetez bueltatu naiz. Baina euskara ikastea garestia da, ia-ia pribilegio bat. Nola lortuko dugu ba eskubide berdinak dituen gizarte bat, hizkuntza ere ez badugu partekatzen?

Nola lantzen da etorkinen artean integrazioa?

Ez zait gustatzen integrazio hitza; kultur asimilazioa litzateke hori. Aniztasunari errespetua eskatzen dut. Giza eskubideak printzipio unibertsalak dira, eta guztiok hori errespetatu behar dugu. Adibidez, LGTBI+ kolektiboaren eskubideak landu behar dira, baina ez soilik etorkinekin. Hemen ere homofobia eta transfobia handia dago, ez bereziki etorkinen artean. Pertsonak gara orokorrean, eta kultura batetik zein bestetik etorrita, aurreiritziak ditugu. Desberdinak gara, eta, horren gainean, bizikidetza eraiki behar dugu. Euskaldunak hori aitortzeko moduan zaudete, aspaldian zaudetelako hizkuntzaren aldeko borroka batean. Beste kulturei egindako aitortzatik hasi behar dugu: horrek euskal kulturari onura ekarri ahal dio. Eta nik ere euskal kulturatik ikasi nahi dut.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide