Justizia oinarri duen etorkizuna aldarrikatu dute

Juanma Gallego 2019ko mar. 3a, 21:29

1976ko martxoaren 3an Espainiako Poliziak Gasteizen hildako langileak omendu dituzte gaur, eta haiek egindako borrokaren balioa aldarrikatu dute, gaur egungo borroka sozial eta politikoekin uztartuta.

Pedro Maria, Francisco, Romualdo, Jose eta Bienvenido. Beste behin ere ozen entzun da haien izena Gasteizen. Duela 43 urte Espainiako Poliziak Zaramaga auzoan hil zituen langileak omendu dituzte gaur Arabako hiriburuan. Milaka lagunek parte hartu dute Martxoak 3ko egunaren harira izandako ekitaldietan.

Egunean zehar alderdi politiko eta sindikalek hainbat omenaldi egin dituzte. Arratsaldean, lore eskaintza egin dute, eta ondoren manifestazioan abiatu dira milaka lagun. Foru plazan bukaera eman diote mobilizazioari, ekitaldi politiko baten bitartez. Bertan, beste behin ere, justizia egin dadila eskatu dute, eta duela lau hamarkada egindako borroka gaur egungo erronkekin lotu dituzte: bereziki, feminismoa, pentsionisten mugimendua, prekarietatea, arrazakeria eta burujabetza izan dira aurten azpimarratutako arloak.

Kaleetan egindako errebindikazioa ez da, ordea, martxan dagoen bide bakarra. Espainiako Justiziak ahalbidetzen dituen bide guztiak agortuta, Martxoak 3 Elkarteak aste honetan iragarri du Nazio Batuen Giza Eskubideen batzordera joko duela, nazioarteko elkarteak Espainiari hilketa horien ardurak ikertzeko galdegin diezaion. Bestetik, Frankismoaren biktimak artatzeko bulegoan jasotako testigantzetan oinarrituta, Arabako Diputazioak Espainiako Estatua auzitara eramango duela gogoratu dute, kereila baten bitartez, testigantza horien artean duela 43 urte jazotakoak ere biltzen direlarik.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago