Santa Barbara plaza eraberritua inauguratu dute

Erredakzioa 2019ko ots. 28a, 14:40

Santa Barbara plazak itxura modernoagoa hartu du. G.UDALA

Lanak 2017ko urrian hasi ziren eta zortzi milioi euroko inbertsioa egin du Gasteizko Udalak. Aparkalekuak lau sarbide izango ditu.

Santa Barbara plazak irudi berria estreinatu du gaur. Plaza eraberrituaren alderdi deigarriena Posta kaleko aldean kokatu duten pergola da: 80 metroko luzera eta hamar metroko zabalera ditu egitura berriak eta 36 saltoki jartzeko tokia. Horretan kokatuko dira aurrerantzean ostegun eta larunbatetako azokak. Gaur, lehenbiziko aldiz bertan izan dira tokiko ekoizleen postuak.

Eraberritze lanetan 6,7 milioi euro inbertitu dira, eta horretaz gainera, milioi eta erdi euro erabili da aparkalekuaren egiturazko arazoak konpontzeko. 

Halaber, Posta eta Bake kaleen arteko bidegurutzean pasabide bat eraiki da, Posta kaletik Leizaola plazaraino doan oinezkoentzako ardatz luzeari jarraipena emanez eta Gasteizko Zabalguneko plazak lotuz: Andre Maria Zuriaren plaza, plaza Berria, Foru plaza, Santa Barbara plaza eta Leizaola plaza. Bestetik, nabarmen zabaldu dira Urriaren Hamabiaren kaleko espaloiak, eta aurrerantzean, Azoka plazako zamalanetarako ibilgailuak baino ezingo dira bertatik igaro.

Bestalde, Leizaola Lehendakariaren plazan altzariak berritu dira, eta kendu da Santa Barbaratik hurbilen zegoen parterrea, herritarren joan-etorria eragozten baitzuen. Horretaz gain, argiztapena berritu da.

Parterre berriak

Udalak hiru multzo handitara murriztu ditu parterreak plaza berrian, modu horetan labirinto itxurako trazatuaren barruko korridoreak kenduta. Hala, mendebaldean, landare mediterraneoen berdegune bat sortu da; lehendik zeuden altzifreak eta balio handiko araukaria bat ere utzi dituzte bertan. Zurezko eserleku luze bat ere jarri da, ur-zurrustez hornitutako urmael baten inguruan. Ekialdean, berriz,  eserleku luzea duen beste berdegune bat dago, eta haurrentzako jolasgune handia jarri dute. Hirugarren berdegunea, Azoka plazatik gertueneko eremuan dago; arteak eta hagin ikusgarri bat daude bertan.

Azoka plazaren aldean, Santa Barbara plazara ematen duen irteera berri bat egokitu da. Hala, mahaiak jartzeko aukera emango zaie tabernei, eta Santa Barbaratik Azoka plazara sartzea erraztuko da. 

Aparkalekua

Udalak osorik eraberritu du ere lurpeko aparkalekua. Erabiltzaileentzako sarbideak bikoiztu egin dira,  bitik laura –horietako bitan igogailua dago–.  Gasteizen egiten ari diren beste obretan bezala, Udalak inguruneko argiztapena hobetzeko baliatu du aukera, oraingo argien ordez led teknologia instalatuz, eta AMVISAren saneamendu eta hornikuntza sarea ere berritu ditu.

Gaur inauguratu du Gorka Urtaran alkateak Santa Barbarako plaza berritua. Casto Solano artistak ere parte hartu du erakundeen bisitan, Oreka izeneko eskultura-multzoa ezagutarazteko. Udal teknikariak, inguruko merkatari eta ostalarien ordezkariak, eta obrak egin dituzten Ferrovial, Agroman eta Onandia enpresen arduradunak izan dira bisitan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago