Kaleak kolorez janzteko asmoz, 7.000 lagun inguru bilduko dira aurtengo inauterietako konpartsetan. Guztira 26 talde izango dira, eta larunbat zein igandeko desfileetan guztiak ikusteko aukera izango dute herritarrek.
Desfileen aurretik, halere, badago zeregina eta Ostegun Gizenak emango dio hasiera inauteriei. Ostegunean bertan, hiriko zenbait kaleetan zehar abesbatzak ibiliko dira, 17:30etik aurrera. Guztiek bat egingo dute Plaza Berrian 19:30ean eskainiko duten ikuskizunerako.
Ostiralean, berriz, Luis Aranburu musika eskolak eta Indarra kultur elkarteek hartuko dute lekukoa. Luis Aranburu eskolan bertan, Inauterietako entzunaldia egingo dute ikasleek, 19:15ean; eta Indarra kultur elkarteak Iñausi eta berriak hazi lana oholtzaratuko du Plaza Berrian, 21:00etan.
Larunbatean, martxoak 2, Gasteizko margolarien kalejirak emango die hasiera eguneko ekitaldiei, Geltoki plazatik Andre Maria Zuriaren plazaraino. Eta arratsaldean, 18:00etan, inauterietako konpartsen desfilea ikusteko aukera izango dute herritarrek. Iparralde gizarte etxetik abiatuta, Frantzia kalea, Bake kalea, Ortiz de Zarate eta Florida kaleak gurutzatu ondoren, Florida parkean dantzaldia eta batukada ikuskizuna izango da.
Igandean, berriz ere desfileaz gozatzeko aukera izango da, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Eta urtero bezala, asteartean, Sardinaren Erreketak emango die bukaera inauteriei.