Udalak elkartasuna adierazi die Oier Gomez presoaren senideei

Erredakzioa 2019ko ots. 1a, 10:33
Oier Gomez presoaren eskubideak errespetatzeko eskatu dute hainbat mobilizaziotan. HALA BEDI

EH Bildu, EAJ, Podemos eta Irabazi taldeek adostu dute adierazpena.

Oier Gomez euskal presoaren heriotzaren harira, Gasteizko Udalak adierazpena onartu du gaixotasun larriak dituzten presoak espetxetik ateratzeko eskatuz. "Gaur egun 21 euskal preso daude espetxean askatu aurretik Oier Gomezek jasan zituenen antzeko baldintzetan. Egoera horiek azter ditzaten eskatzen die Gasteizko Udalak agintari judizialei, eta behar diren neurriak har ditzaten haien narriadura fisiko edo psikikoa eragozteko, espetxetik ateratzea, besteak beste". EH Bildu, EAJ, Podemos eta Irabazi taldeen aldeko botoekin aurrera egin du adierazpenak.

Halaber, Gasteizko Udalak konpromisoa hartu du Gomezenaren antzeko kasurik berriro gerta ez dadin. "Gaixotasun larriak dituzten presoek beharrezko diren tratamendua eta zainketak jaso behar dituzte. Beste edonork bezala, gaixotasunari ahalik eta baldintza onenetan aurre egiteko eskubidea dute, gainditu ahal izateko".

Udalak nabarmendu duenez, espetxetik ateratzeko eskubidea gaixotasuna sendaezina izan arte ukatzea "heriotza-zigorra" ezartzea bezala da. "Oierri ukatu egin zitzaion beharrezko diren tratamendua eta zainketak jasotzeko aukera, eta espetxean egoteak zaintza eta arreta egokiak garaiz jasotzea eragotzi zion, senide eta lagunen hurbiltasuna eta laguntza izatea eta konfiantzazko medikuek artatu ahal izatea".

Joan den asteburuan hil zen Oier Gomez Mielgo preso gasteiztarra, urtetan gaixo egon ondoren. Izan ere, 2012an, espetxean zegoela, hodgkinen linfoma bat diagnostikatu zioten, gaixotasun larri eta sendaezina. 2017ko udaberrian onetsitako mozio batean, Udalak Frantziako agintariei eskatu zien Gasteizko presoaren egoera kontuan har zezaten, hau da, gaixotasun larri eta sendaezina zuela. 2017ko apirilean zigorra etetea erabaki zuen Parisko epaitegiak, eta geroztik Lapurdin artatu dute.

Erlazionatuak

Oier Gomez presoa gogoan

Erredakzioa 2019 urt 30 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide