Oier Gomez presoa gogoan

Erredakzioa 2019ko urt. 30a, 12:53

Astelehen arratsaldean Gasteizko kaleetatik egindako manifestazioa. / Hala Bedi

Hainbat mobilizazio antolatu dituzte egunotarako: larunbatean bi martxa daude deituta Gasteizen gaitz larriak dituzten presoak aske utzi ditzatela eskatzeko; igandean, azken agurra jasoko du gazteak.

Larunbatean Oier Gomez preso politikoaren heriotza ezagutu zenetik asko izan dira gasteiztarra gogoan izateko eta indarrean dagoen espetxe politika salatzeko Euskal Herrian deitu diren mobilizazioak. Astelehen arratsaldean, esaterako, ehunka lagun atera ziren kalera Gasteizen, Gogoan zaitugu Oier. Larriki gaixorik dauden presoak kalera lemapean. Ernai taldeak ere elkarretaratzea egin zuen egun berean Gasteizko unibertsitateetan.

Datozen egunotarako ere protesta gehiago daude iragarrita.Larunbatean, otsailak 2, bi hitzordu daude Arabako hiriburuan. Batetik, Sare herritarrak deituta, Oier azkena izan dadila eta larriki dauden euskal presoak etxera eskatzeko manifestazioa abiatuko da Iparralde gizarte etxetik, 17:00etan; Galdakaon eta Donostian ere mobilizazioak iragarri ditu egun horretarako Sarek. 

Igandean, Auzolana pilotalekuan

Bestetik, Amnistiaren aldeko eta Errepresioaren aurkako Mugimenduak ere manifestazioa antolatu du larunbaterako; Andre Maria Zuriaren plazan hasiko da martxa, 19:30ean. Horrez gain, Legution ere Gomez izango dute gogoan, 19:15ean, plazan. Igandean, azkenik, azken agurra egingo diote Gasteizko alde zaharreko Auzolana pilotalekuan,  13:00etan.

Oier Gomez Mielgo Baionan hil zen pasa den larunbatean, 35 urte zituela; asteak zeramatzan ospitalean haren osasun egoerak nabarmen egin zuelako okerrera.  2012an, preso zegoela, Hodgkinen linfoma diagnostikatu zioten, eta kimioterapia jaso zuen. 2017ko urtarrilean, Ewingen sarkoma topatu zioten, eta buruan eta aldakan metastasia aurkitu zioten. Haren gaitza "larria eta sendaezina" zela eta hilzorian zegoela jakinarazi zuten orduan medikuek.

Baina, larri egonda ere, preso mantendu zuten Gomez Meauxeko espetxean (Frantzia); apirilean, Parisko Pitie-Salpetriere ospitalera eraman zuten, eta hilabete horretan bertan askatu zuten, bere kondena eta bere aurka ezarritako euro-aginduak etetea onartu ondoren. Geroztik, Baionan bizi zen gasteiztarra; haren gorputza gaur ehortzi dute, Miarritzen.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago